Amazon Web Services

Amazon Web Services, Inc. (AWS) partikularrei, enpresei eta gobernuei zuzendutako plataforma informatiko bat da. Hodeia informatizatzeko web zerbitzu honek, oinarrizko azpiegitura tekniko abstraktu ugari ematen ditu, eta honez gain, konputagailuen eraikuntza-blokeak eta tresnak banatzen ditu.

Amazon Web Services Logo.svg Amazon Web Services
Amazon certificate example on Firefox 89 screenshot.png
Jatorria
Sorrera-urtea2006
Ezaugarriak
Kokapena
JabeaAmazon.com
Ekoizpena
GaratzaileaAmazon.com

aws.amazon.com
Twitter: awscloud Youtube: UCd6MoB9NC6uYN2grvUNT-Zg Edit the value on Wikidata

Plataforma honek hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, hauetariko bat Amazon Elastic Compute Cloud (EC2)[1] izenekoa da, non bere erabiltzaileei, hodeiko makinak erabiltzen uzten baitie une oro, hau da, alegiazko makinak (fisikoak ez direnak).

Ordenagailu hauek, benetako ordenagailu baten atributu gehienak emulatzen dituzte, besteak beste, hardwarearen prozesatze-unitate zentralak (PUZak) eta grafikoen prozesatze-unitateak (GPUak); RAM memoria, disko gogorra, sistema eragileen hautaketa, aplikazioen softwarea, hala nola, web zerbitzariak, datu-baseak eta bezero-erlazioen kudeaketa.

AWS teknologia, zerbitzari-etxetan aplikatzen da mundu osoan, eta Amazoneko filialek mantentzen dute. Tasak, erabilpen, hardware, sistema eragile, software edo sareko ezaugarrien konbinazioan oinarritzen dira; harpidedunek aukeratutako eskuragarritasun, erredundantzia, segurtasun eta zerbitzu-aukeren bidez.

Harpidedunek, AWS ordenagailu birtual bakar bat izateko aukera dute, nahiz eta konputagailu fisikoak ere erabili ditzaketen . Harpidetza akordioaren zati bezala, Amazonek, segurtasuna eskaintzen die harpidedunei. Amazonek harpidedunei, eskala handiko konputazio ahalmena azkar eta merkeago lortzeko benetako zerbitzugune fisiko bat eskaintzen die.

HistoriaAldatu

2006an izan zen ofizialki merkaturatua. Amazon Web Servicesek lineako zerbitzuak eskaintzen ditu beste webgune batzuetarako edo bezeroaren aldeko aplikazioetarako. Zerbitzu horietako gehienak ez daude zuzenean azken erabiltzaileen eraginpean, baizik eta beste garatzaile batzuek beren aplikazioetan erabil dezaketen funtzionaltasuna eskaintzen dute. Amazon Web Servicesera http bidez sartzen da, REST[2] eta SOAP[3] protokoloak erabiliz. Zerbitzu guztiak erabileraren arabera fakturatzen dira, baina fakturazioa neurtzeko erabiltzen den modua aldatu egiten da zerbitzu batetik bestera.

2003. urtearen amaieran, Chris Pinkhamek eta Benjamin Blackek dokumentu bat aurkeztu zuten, Amazon.com-en azpiegitura eraikitzeko eta erabiltzeko oinarritzen zen dokumentua. Honetarako, esperientzian oinarritutako zerbitzu multzo bat eraikitzea eta saltzea proposatu zuten. Erabilera publikorako lehen AWS zerbitzua, 2004ko azaroan Simple Queue Service (SQS)[4] izan zen. Amazon EC2 Hegoafrikako talde batek eraiki zuen, Pinkham azpiko Lurmutur Hirian.

2007ko ekainean, Amazonek baieztatu zuen 330.000 garatzailek baino gehiagok izena eman zutela AWS erabiltzeko.

2011ko apirilaren 20an, AWSeko zati batzuek mozketa handia jasan zuten. Elastic Block Store (EBS)[5] erabiltzen ari ziren liburukietako batzuek “trafiko-arazo” bat izan zuten zerbitzuan, eta ez ziren gai izan eskaerak irakurri eta idazteko. Gutxienez bi egun behar izan zituzten zerbitzua erabat zaharberritzeko.

2012ko ekainaren 29an, AWSen oinarritzen diren hainbat webgunek, sarerako konexioa galdu zuten Ipar Virginiako eremuan, Amazonen datu zentrorik handiena dagoen tokian hain zuzen, proportzio historikoetako ekaitz handi baten izan zen honen eragile.

2012ko urriaren 22an, etenaldi garrantzitsu bat gertatu zen, reddit, Foursquare eta Pinterest bezalako toki garrantzitsu askotan ere eragina izan zuena. Funtzionamenduari buruzko datuak biltzeko agente baten latentzia-akats bat izan zen etenaldiaren arrazoia.

2012ko abenduaren 24an, AWSek argi mozketa bat jasan zuen berriro, Netflix bezalako webguneen erorketa eraginez bezero batzuei, batez ere AEBetako ipar-ekialdekoei. Amazonek, ondoren, Elastic Load Balancing (ELB)[6] zerbitzuarekin izandako arazoak zehazten zituen komunikatu bat igorri zien arazoa jasan zutenei.

AWS diru-sarrerak Amazonen finantza emaitzetan agertzen ez ziren bitartean ("beste batzuk" kategoriakoak baitira), industriako analisten arabera, 2012an 1.500 milioi dolar baino gehiago lortu zituzten.

2020an baieztatu zen Amazon webguneak, Kolonbiako Sena enpresarekin batera, profesionalak prestatuko dituela datu-zientzietan, adimen artifizialean, zibersegurtasunean eta aplikazioen garapenean, eta beraz, 150.000 kolonbiar baino gehiago trebatzea espero da.

EzaugarriakAldatu

Amazon Web Services-ek zenbaketa, biltegiratzea eta datu-baseak bezalako azpiegitura-teknologiak eskaintzen ditu, bai eta sortzen ari diren teknologiak ere, besteak beste, ikaskuntza automatikoa eta adimen artifiziala, analisia eta Internet. Hori dela eta, aplikazioak hodeira eramatea azkarragoa, errazagoa eta errentagarriagoa da.

Amazon Web Services-ek, aplikazio mota desberdinetarako bereziki diseinatutako datu-baseen aukera zabala ere eskaintzen du, beraz, bakoitzak gehien komeni zaion tresna egokiena aukeratu dezake, kostu eta errendimendu onena lortzeko.

Milioika bezero aktibo eta dozenaka mila bazkide daude mundu osoan. AWS elkarteko bazkideen sareak, AWS zerbitzuetan espezializatzen diren milaka sistema-integratzaile ditu, eta dozenaka mila software-hornitzaile independente, beren teknologiak AWS sisteman funtziona dezan.

Amazon Web Services-ek azpiegitura handia du hodeian. 81 eskuragarritasun-eremu ditu, mundu osoko 25 eskualde-geografikotan banatuta. Hodeiko informatika-ingurunea malgua eta segurua izateko diseinatuta dago. Azpiegitura nagusia, armadaren, nazioarteko bankuen eta konfidentzialtasun-baldintza zorrotzak bete behar dituzten beste erakunde batzuen segurtasun-baldintzak betetzeko sortu zen. Horregatik, hodeiko segurtasun-tresnen multzo zabal baten babesa du, eta segurtasuneko, adostasuneko eta gobernuarentzako 230 zerbitzu ditu. AWS bateragarria da 90 segurtasun-estandarrekin eta adostasun-ziurtagirirekin, eta bezeroen datuak gordetzen dituzten 117 zerbitzuek datu horiek zifratzeko funtzioa eskaintzen dute.

Etengabe azkartzen dute beren berrikuntza-erritmoa, erabat berriak diren teknologiak asmatzeko. Adibidez, 2014. urtean, AWS, aitzindari izan zen zerbitzaririk gabeko informatika-sektorean, AWS Lambda[7] kaleratzearen eraginez. Honi esker, garatzaileek, beren kodea exekutatu dezakete zerbitzariak hornitu eta administratu gabe. AWSek Amazon SageMaker[8] ere sortu zuen, ikaskuntza automatikoko zerbitzu guztiz administratua, eguneroko garatzaile eta zientzialariek, ikaskuntza automatikoa erabil zezaten, aurretik esperientziarik izan gabe.

Produktuak eta zerbitzuakAldatu

Amazon Web Services-ek hodeian oinarritutako produktu globalen multzo zabala eskaintzen du, zenbatzeko, biltegiratzeko, datu-baseak, analisiak, sareak, gailu mugikorrak, garatzaileentzako tresnak, administrazio-tresnak, segurtasuna eta enpresa-aplikazioak barne. Zerbitzu horiek enpresei laguntzen diete, esaterako, aurrerapenak azkarrago lortzen eta kostuak murrizten eta eskalatzen.

Amazon Web Services-ek Cloud paketea eskaintzen du enpresentzako, eta pakete honen barruan hainbat tresna garrantzitsu daude. Horien artean:

  • Alexa for Business: Alexa[9] laguntzaile adimendun gisa erabiltzeko aukera ematen die erakundeei eta haien kolaboratzaileei, bilera-geletan eta haien idazmahaietan produktibitatea handitzeko. Bileretako aretoak erabiltzeko erreserbak, txatak hastea eta metrikak biltzea da honen helburuetako bat.
  • Amazon ChimenChats: kolaboratzaileei txateatzen eta enpresa barruko nahiz kanpoko deiak egiten uzten dien komunikazio-zerbitzua da, oso erabilgarria; orain telelana globala baita, eta Mexiko da urruneko lana ezartzen duen munduko bigarren herrialdea (% 34), Reuters-en[10] txostenaren arabera.
  • Amazon Honeycode (Beta): Enpresentzako Cloud aplikazioak garatzeko eta eguneratzeko plataforma da. Ideala, Informazio Teknologia (IT)[11] , ekipo bat eta estrategia digital sendo bat izanez gero.
  • Amazon WorkDocs: Zerbitzu honek edukia azkar, erraz eta seguru sortu, editatu eta partekatzeko aukera ematen dizu, AWS zentralean biltegiratuta, edozein toki edo gailutatik sarbidea errazteko. Oso erabilgarria da urruneko lana eta lankidetza egiten duten enpresentzat.
  • Amazon WorkMail: posta elektronikoaren zerbitzua eta enpresa-egutegi segurua. Outlook-ekin bateragarria da eta posta elektroniko enpresarialaren azpiegitura administratzen laguntzen du, instalazio fisikoetan lizentzia eta zerbitzarietan inbertitzeko beharra ezabatzen duen bitartean.

Tresna hauez gain, Amazon Web Services-ek honako beste zerbitzuak ere eskaintzen ditu:

  • AWS Database Migration Service: Zerbitzu honekin, datu-baseak AWS sistemara bizkor eta seguru migratu ditzakezu, prozesuan eraginkortasuna galdu gabe. Ezinbestekoa da hodei publiko edo hibridora migratzeko, gutxieneko jarduerarik gabeko denbora duten prozesu eta aplikazioentzat batik bat.
  • AWS Lambda: Amazon Web Services-en hodeiko plataformaren zati bat da. Aukera ematen du zerbitzariak administratu beharrik gabe kodeak exekutatzeko, eta ondorioz, ekosistema digitalera iristeko eta aplikazioak erraz eta azkar modernizatzeko. Erabiltzailearen ardura bakarra kodea behar bezala gauzatzea eta app-ak mailakatzea izango da. Lambdaren helburua, informazio berriari eta gertaerei erantzungo dieten aplikazio txikiak eskaripean eraikitzea da. AWSek Lambda instantzia bat sortu nahi du gertaera baten milisegundoetan. Node.js, Python, Java, Go eta C# ofizialki bateragarriak dira 2016. urtetik, eta beste hizkuntza batzuk ere onartzen dira call-outs[12] bidez. Hala ere, runtime batzuk, Javako makina birtuala esaterako, beste batzuk baino geldoagoa izan daiteke.

Eskuragarritasuna eta topologiaAldatu

2021eko urtarriletik aurrera, AWSek 24 eskualde-geografikotan hainbat eragiketa izan ditu: 7 Ipar Amerikan, 1 Hego Amerikan, 6 Europan, 1 erdi ekialdeko eskualdean, 1 Afrikan eta 8 Asia Pazifikoan.

Eskualde bakoitza herrialde bakar batean dago, eta haren datu eta zerbitzu guztiak izendatutako eskualdearen barruan daude. Eskualde bakoitzak "Eskuragarritasun Eremu" ugari ditu, datu-prozesaketa gune bat edo gehiagorekin, bakoitza energia elikatzaile propio, sare eta konektibitatearekin. "Eskuragarritasun Eremu" hauek apropos isolatuta daude, eremuen artean eragotzi ez daitezen. Hainbat zerbitzu erabil daitezke Eskuragarritasun Eremuen bidez (adibidez, S3, DynamoDB[13]). Beste zerbitzu batzuk berriz, zonen bidez erreplika daitezke, eskaria zabaltzeko eta hutsegiteen jarduerarik gabeko denbora saihesteko.

2014ko abenduan, Amazon Web Services-ek, 1,4 milioi zerbitzari inguru erabiltzen zituen 28 erabilgarritasun-eremutan. AWS Edge kokapen-sare globalak 54 presentzia-puntu ditu mundu osoan, Estatu Batuetan, Europan, Asian, Australian eta Hego Amerikan.

2014. urtean, AWSek esan zuen etorkizunean %100 energia berriztagarria erabiltzea zela helburua. Estatu Batuetan, energia berriztagarrien hornitzaileen artean AWSek Community Energy of Virginia, Pattern Development, Iberdrola Berriztagarriak, LLC, EDP Renewables North America eta Tesla Motors ditu kide. Energia berriztagarrien aldeko ekintza bezala, AWSek, AEB-etako Ekialdeko eskualdea hornitzen du, besteak beste.

Karitatedun lanaAldatu

2017an, AWSek re/Start[14] merkaturatu zuen Erresuma Batuan, heldu, gazte eta beterano militarrei teknologiarekin lotutako gaitasunetan trebatzen laguntzeko. Prince's Trust-ekin eta Defentsa Ministerioarekin lankidetzan, AWSek ingurune behartsuetako eta langile militar ohi gazteentzako birziklatze-aukerak eskaintzen laguntzen du. AWS hainbat enpresa elkarturekin elkarlanean ari da; besteak beste, Cloudreach[15], Sage Group[16], EDF Energy[17] eta Tesco Bank[18].

AWS eta jasangarritasunaAldatu

Mundu osoan kontzientzia klimatikoa handitu ahala, asmo handiko politikek, sare elektrikoa deskarbonizatzeko moduak bilatzera bultzatu dituzte zerbitzu publikoak; deszentralizazioa eta digitalizazioa bultzatuz. Gaur egun, baliabide banatuetako datuak integratzeaz gain, kontagailuaren atzean dauden milaka aktiboen denbora errealeko datuak prestatu behar dira. Horien artean daude bateriak, ibilgailu elektrikoak eta etxe eta negozio adimendunak.

2021eko urtarrilean, AWSeko industriak 2030erako datu-zentroen neutraltasun klimatikoa lortzeko hartutako konpromisoarekin bat egin zuen: Kliman dauden Datu Neutralen Zentroen Ituna.

AWS eraginkortasunera eta etengabeko berrikuntzara bideratuta dago eta hauen helburua da 2025erako, egiten dituzten eragiketen %100a energia berriztagarriekin hornitzea.

Kontsumitutako elektrizitatearen eta energia berriztagarrien erosketen karbono-intentsitatea kontuan hartzen bada, eta horrekin lotutako karbono-emisioak murrizten badira, AWS gai izango da lan bera egiteko %88ko karbono-aztarna txikiagoarekin.

AWSek hainbat ekimen ditu martxan ura modu eraginkorragoan erabiltzeko, hauen datu-zentroak hozteko erabiltzen dutena hain zuzen. AWSk ura erabiltzeko estrategia garatzen du, AWS eskualde bakoitzeko eredu klimatikoak, uraren kudeaketa eta tokiko eskuragarritasuna eta edateko uraren iturriak kontserbatzeko aukerak ebaluatuz. Ikuspegi holistikoarekin, hozte potentzialeko soluzio bakoitzaren ur- eta energia-erabilera ebaluatzen dute, metodorik eraginkorrena hautatzeko.

ErreferentziakAldatu

  1. (Ingelesez) Amazon Elastic Compute Cloud. 2021-09-13 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  2. (Ingelesez) Representational state transfer. 2021-09-29 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  3. (Ingelesez) SOAP. 2021-08-22 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  4. (Ingelesez) Amazon Simple Queue Service. 2021-06-29 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  5. (Ingelesez) Amazon Elastic Block Store. 2021-06-29 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  6. (Ingelesez) Load balancing (computing). 2021-10-03 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  7. (Ingelesez) AWS Lambda. 2021-07-09 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  8. (Ingelesez) Amazon SageMaker. 2021-07-17 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  9. (Ingelesez) Amazon Alexa. 2021-10-08 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  10. (Ingelesez) Reuters. 2021-10-01 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  11. (Ingelesez) Information technology. 2021-10-08 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  12. (Ingelesez) Callout. 2020-11-10 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  13. (Ingelesez) Amazon DynamoDB. 2021-07-13 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  14. (Gaztelaniaz) «AWS re/Start» Amazon Web Services, Inc. (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  15. (Ingelesez) Cloudreach. 2021-08-24 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  16. (Ingelesez) Sage Group. 2021-09-19 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  17. (Ingelesez) EDF Energy. 2021-09-13 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).
  18. (Ingelesez) Tesco Bank. 2021-09-03 (Noiz kontsultatua: 2021-10-08).

Kanpo estekakAldatu