Aho-flora, ahoko flora edo aho-mikrobiota ahoan bizi den mikroorganismoen multzoari deritzo. Mikrobio horiek harreman sinbiotiko edo komentsalista mantendu ohi dute ostalariarekin. Mikrobio hauen artean, kopuruari dagokionez, bakterioak dira garrantzitsuenak.

Streptococcus mutans -ahoko bakterio Gram positibo bat- mikroskopioan ikusita

Ahoak mikrobio asko ditu [1]. Txikia izan arren, habitat ezberdinak ditu (hortzak, hortzoiak, listua, mingaina, etab), mikrobio aerobioak zein anaerobioak bilduz. Azpimarratu behar da, gainera, bakterioentzat oso habitat egokia dela, elikagai ugari baititu. Bakterio gehienak ahoko egiturei atxikitzen dira benetako biogeruzak sortuz.

Organismoaren immunitate-sistemak ahoko flora bakteriarra kontrolpean mantentzen du, alboko ehunen kolonizazio bakteriarra saihestuz. Oreka dinamikoa dago aho-flora eta ostalariaren immunitate-sistemaren artean [2]

Jaioberriaren aho-flora aldatu

Ume jaioberrien ahoak ez du inongo mikrobiorik, baina laster bakterio batzuek (batez ere aerobioek eta anaerobio fakultatiboek) kolonizatzen dute. Lehenengo hortzak agertzen direnean (bizitzaren lehenengo urtean), aho-mikrobiotan aldaketa esanguratsuak gertatzen dira, eta mikrobio anaerobioak nagusitzen hasten dira [3]. Horren arrazoia da anaerobioek aldeko habitat aurkitzen dutela hortz-zirrikituetan, oxigenorik gabeko eremua baitira. Ziur aski eremu horren giro anaerobioa lertzoak sortzen duen geruzaren ondorioa da.

Lertzoa hortz-esmaltean pilatzen den substantzia da, elikagaien hondarrez osatua. Aho-higiene eskasa duten gizabanakoengan garapen handia izan dezake. Mikroorganismo ugari ditu, aerobioak kanpoaldean eta anaerobioak edo mikroaerofiloak barrualdean.

Ahoko bakterioak aldatu

Gizabanako osasuntsu baten ahoak bakterio asko ditu, genero desberdinetakoak: estreptokokoak (batez ere, Streptococcus salivarius, Streptococcus mutans eta Streptococcus sanguinis), laktobaziloak, estafilokokoak, espiroketak (Borrelia eta Treponema), Bacteroides, Fusobacterium eta Actinomyces, besteak beste. Onddoen artean, Candida generokoak.

Ahoaren patogenoei dagokienez, hauek dira kaltegarrienak: Streptococcus mutans eta Streptococcus sobrinus (txantxarraren eragileak) eta Treponema denticola eta Bacteroides gingivalis (gingibitisa eta gaixotasun periodontalaren eragileak) [4]. Candida onddoak, bestalde, immunitate-sistema oso ahulduta duten gaixoengan infekzio oportunista eragin dezake (ahoko kandidiasia).


Erreferentziak aldatu

  1. Albero, Josu: Mikrobioen mundu liluragarria, EHUak argitaratuta (2019) 62 orr. ISBN: 978-84-1319-082-2
  2. Rogers A H (editor). (2008). Molecular Oral Microbiology. Caister Academic Press
  3. Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:777-778 orr.
  4. Ingraham, J. eta Ingraham, C.: Introducción a la microbiología, vol. II, ed. Reverté (1998): 554-555 orr.

Kanpo estekak aldatu