Agur maitea, ikusi arte
Agur, maitea, ikusi arte (Arrivederci amore, ciao) Massimo Carlotto italiar idazlearen eleberri beltz bat da, 2001. urtean argitaratua[1]
Agur maitea, ikusi arte | |
---|---|
Jatorria | |
Ezaugarriak | |
Eleberri honekin, Carlotto finalista geratu zen Edgar Allan Poe Sarian, Mystery Writers of America erakundeak ematen duen nazioarteko sari ospetsuan.[2]
Euskaraz, 2022ko urtarrilean plazaratu zuen Txalaparta argitaletxeak, Koldo Biguriren itzulpenarekin, (H)ilbeltza bekaren eta Baztango Udalaren laguntzarekin.[3]
Argumentua
aldatuGiorgio Pellegrini ezkerreko terrorista ohi bat da atzerrira ihes egin behar izan zuena, biziarteko kartzela-zigorra saihesteko, kamarada batekin Milango Industria Elkartearen egoitzaren aurrean jarri zituen bonba batekin gauzain baten heriotza nahi gabe eragin ondoren. Ihesean, Pellegrini eta beste kamarada Frantziara doaz lehendabizi eta Erdialdeko Amerikara gero. Hortxe hasten da eleberria, Erdialdeko Amerikako herrialde zehaztu gabe batean, oihanean; Pellegrinik odol hotzean hiltzen du bere kamarada, gerrillako buruzagi baten aginduz. Izan ere, ordurako, erabat desilusionatuta dago bere bizitzarekin eta bere ordura arteko ideologiarekin, jada ez du bere ideal zaharretan sinesten eta ez dago Erdialdeko Amerikako herriaren alde borrokatzeko eta hiltzeko prest.
Horrela, lehenengo aukera profitatzen du oihanetik alde egiteko eta Erdialdeko Amerikako beste herrialde batera joateko; han, hondartza turistikoetako hotel batean hasten da lanean eta harremanak izaten ditu hainbat emakumerekin, haietaz aprobetxatzen da eta menderatzen ditu. Urte batzuen ondoren, Europara itzultzeko burubidea hartu eta Frantziara itzultzen da, bere bizitza berregiteko asmoz eta Italiako justiziarekin duen zorra (biziarteko kartzela) arintzeko edo kitatzeko asmoz. Horretarako, Parisera doa eta, han, emakume baten lepotik bizitzen hasten da, maitatzeko itxurak eginez; noizbait, harremanetan jartzen da bere antzinako talde armatuko buruzagi ohi batekin, eta xantaia egiten die: norbait hilketaren errua bere gain hartzeko prest ez badago, Italiako justiziatik ihesi dauden kidea guztiak salatuko ditu. Kamaradek amore ematen dute eta gauzainaren hilketa bere gain hartzeko prest dagoen preso bat aurkitzen dute, Pellegrini errugabetzeko. Orduan, Parisko bere emakumeari dirua eta harribitxiak lapurtu ondoren, Italiako mugaraino iritsi, dirua jatetxe garesti eta prostitutatan gastatu eta bere burua Italiako poliziari entregatzen dio. Milanen, Anedda izeneko polizia bat ezagutzen du, kartzelako egonaldia arintzearen truke haien informatzaile izatea proposatzen diena. Kartzelan, txibatoa izateaz gainera, prostituzio-negozio bat antolatzen du hango preso homosexual batekin.
Hilketaren errua bere gainetik kendu arren, urte gutxi batzuk pasatu behar ditu kartzelan talde armatu bateko kide izateagatik. Ateratzen denean, aberastea eta "irabazle" bat izatea da buruan duen helburu bakarra. Hasieran, lan bat lortzen du preso-ohiei laguntzen dien apaiz bati esker, baina diru gutxiegi irabazten du eta konturatzen da horrela "galtzaile" bat besterik ez dela izango. Halako batean, kartzelan ezagututako gaizkile batek prostituzioa egiten den diskoteka bateko ardura-lan bat proposatzen dio eta Veneto aldera joaten da. Han, kontu handiz saiatzen da deliturik ez egiten, baina trikimailuak erabiltzen ditu ezkutuan dirua irabazteko, prostituten lepotik eta bezeroak xantaiatuz. Bezero bat engainatuz, ordaindu ezineko zorra eragiten dio eta, kitatzeko, haren emaztearekin harreman sexualak izaten uztea eskatzen dio.
Diskotekako jabeak Pellegriniren diru-trafikoen berri jakin eta jipoi bat emanarazten die bere gorila batzuei, eta beste gaizkile batzuen hilketan parte hartzera behartzen dute. Berriro kartzelan bukatzeko arriskua ikusita, handik alde egiteko modua aurkitu behar duela pentsatzen du. Halako batean, Milango kartzelan ezagututako preso batek bisita egiten dio eta furgoi blindatu bat lapurtzea proposatzen dio, milioi asko irabazteko moduko kolpe bat. Pellegrinik lapurreta antolatzea onartzen du, eta horretarako Anedda polizia ustelduarekin bat egiten du, kolpean parte hartuko duten beste gaizkideak kontaktatzeko. Denak hiltzea eta diru guztiarekin geratzea da haren asmoa, eta lapurreta egiten dutenean, Aneddak eta berak gaizkide guztiak (hiru anarkista espainiar eta bi faxista kroaziar) hiltzen dituzte.
Dirutza handiaren jabe eginda, bere hurrengo asmoa gizartean posizio errespetagarria lortzea da. Horretarako, lehendabizi lapurtutako dirua zuritu behar du, zilegizko negozio on batean inbertitzeko, eta aurrekari penalak ezabatu behar ditu. Horretarako, abokatu batekin jartzen da harremanetan eta jatetxe baten jabe bihurtzen da; handik urte batzuetara, abokatuak Pellegriniren aurrekariak ezabatzea lortzen du. Gizartean posizio on bat lortzeko, abokatuak esaten dio emazte bat falta zaiola. Jatetxera joaten den neska batekin ezkonduko da azkenik.
Baina orduan arazoak sortu eta bere planak arriskuan egongo dira. Hori ez gertatzeko, beste hilketa batzuk egin beharko ditu, eta horretan ez du inolako zalantzarik izango.
Pertsonaiak
aldatu- Giorgio Pellegrini: ezkerreko terrorista ohi bat atzerritik Italiara itzultzen dena. Poliziaren salatari bihurtzen da eta ez du erreparorik izango bere helburuak lortzeko.
- Ferruccio Anedda: polizia ustela. Giorgioren gaizkidea, baina xantaia egiten dio berak nahi duena Giorgiok egiteko.
- Sante Brianese: abokatua. Giorgiori laguntzen dio errehabilitazioa lortzeko.
- Roberta: Giorgioaren andregaia. Berarekin ezkontzekotan dabil baina, azkenean, Giorgioren asmoetarako oztopo bihurtzen da.
Jarraipena
aldatuEleberri honek, italieraz, jarraipena du Alla fine di un giorno noioso izenburuarekin 2011n argitaratutako liburuan.