Álvarez Rabo
Álvarez Rabo Monforte de Lemos (Lugon) jaio zen 1960an eta umea zela gurasoekin Bilbora joan zen bizitzera. Bertan Opusen egin zituen ikasketak, eta bere esanetan "ukierak" sufritu zituen. Kartzelatik ere pasatu zen, El Corte Ingléseko kirol, ehiza eta arrantza sailean lanean hasi baino lehen. 25 urterekin hasi zen marrazten, kasualitatez, TMEO aldizkaria sortu zen aldi beretsuan eta bertan argitaratu ditu bere lanak 2. aletik aurrera. Bere komikiak denbora librean egiten omen ditu, dendan lanean dagoenean. El Víbora bezalako aldizkarietan ere parte hartzen du.
Álvarez Rabo | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | ezezaguna |
Jaiotza | Monforte de Lemos, 1960 (63/64 urte) |
Herrialdea | Euskal Herria |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | komikigilea eta ilustratzailea |
Izengoitia(k) | Álvarez Rabo |
Norbaitek bere lanak oso azkar eta gaizki marraztuta daudela komentatu zionean, horrela erantzun omen zion: "Dibujo con el rabo" ("buztanarekin marrazten dut"), eta hortik omen datorkio ezizena. Bere estiloa zakarra, azkar eta gaizki egina, kutrea da, baina Rabo beti horretaz harro azaldu da. Marrazten pasatu duen denbora guztia komikiaren bukaeran zehazteko ohitura dauka, ideia izan zuenetik tintatzen bukatu zuen arte (normalean oso, oso gutxi). Bere istorio zakar eta txiste sexual esplizituak direla eta, "Emakumeek ez dute gustoko larrua jotzea ("As mulheres não gostam de foder") komikiaren salmenta Portugalen debekatu zuten eta Italian ere ezin da argitaratu.
1995an Espainiako Gizarte Gaietarako Ministerioak diruz lagundutako aldizkari batean Álvarez Raboren «El increíble hombre de la polla menguante» argitaratu zen. Iskanbila izugarria piztu zen: Garai hartan oposizioan zen Partido Popularrak eta Espainiako hedabide batzuek Matilde Fernandez ministra salatu zuten diru publikoa erabiliz pornografia finantzatzeagatik. Rabok hasiera batean aldizkari hartan argitaratzeko hautatua zuen istorioa, "Terrorista por amor", non Opus Deiko morroi bat ETAn sartzen den emakume baten amodioaren bila, ministerioan bertan ezeztatu zuten.
2002aren bukaeran Álvarez Rabo bere ego kreatiboaren hilketa egingo zuela adierazi zuen jendaurrean, bere jarduera Irailaren 11n betirako etenez, Txileko estatu kolpearen urteurrenean. Hori gertatzea oztopa zezakeen gauza bakarra berriak jendartean alarma sortzea zen. Alarma honen adierazpen bezala, Rabok 1000 eskutitz jaso nahi zituen TMEO eta El Víbora aldizkarietako erredakzioetan; 132 gutun jaso zituen, inork sekulan pentsa zezakeena baino askoz gehiago.
Gaur egun Rabo jauna ezkonduta dago, Gasteizen bizi da eta bi seme-alaba ditu, Jonathan eta Yhedra. Radio Vitorian eta EiTBen parte hartzen du batzuetan, "Hasta Aquí Hemos Llegado" saioan.
Lanak
aldatu- Historias Raberas (Ezten Kultur Taldea 1993)
- Consejos sexuales de Álvarez Rabo (Ezten Kultur Taldea 1996; 2002an 4. argitalpean)
- A las mujeres no les gusta follar (Ezten Kultur Taldea 1997 baina gerora berriargitua)
- No puedo dar más(La Cúpula 1998)
- Anal-Fabetos (Ezten Kultur Taldea 1999; 2002an 2. argitalpean)
- Sabor a rabo (La Factoría de Ideas 2001)
- Ha Nacido un Agujero Negro! (La Factoría de Ideas 2001)
- Hasta el rabo (Ezten Kultur Taldea 2001)
- Hombres alterados (La Cúpula 2002)
- El princi-pito (La Factoría de Ideas 2002)
- Consejos sexuales de Álvarez Rabo, II. atala (Ezten Kultur Taldea 2003)
Kanpo estekak
aldatu- (Gaztelaniaz) Álvarez Rabo komikien gidan
- (Gaztelaniaz) Bere buruaz beste egingo zuela iragartzen duen Álvarez Raboren eskutitza (2002)
- (Gaztelaniaz) Álvarez Rabori elkarrizketa El Correo Digitalen (2002)