Matilde Isasi-Isasmendi

emagina eta erizaina

Matilde Isasi-Isasmendi Gallastegi (Iurreta, Bizkaia, 1933ko uztailaren 6a) emagina eta erizaina, Ermuan lanpostu bi horien plaza bete zuen lehen emakumea eta bertako Anaitasuna Ikastolaren sortzaileetako bat izan zen. Bere emagin praktika tarteko Ermua, Eibar, Mallabia, Berriz eta Zaldibarko ume ugariri munduratzen lagundu zien.

Matilde Isasi-Isasmendi

Bizitza
JaiotzaIurreta1933ko uztailaren 6a (90 urte)
Herrialdea Bizkaia, Euskal Herria
Hezkuntza
Hizkuntzakeuskara
gaztelania
Jarduerak
Jarduerakemagina eta erizaina

Biografia aldatu

 
Ermuan Ezkerraneko etxea eta taberna. Lehen solairuan izan zuen Matildek bere lehen erizain kontsulta.

Manuel Isasi-Isasmendi Marzana[1] eta Mercedes Gallastegi Telleria[2] ermuarren alaba, Iurretako Mallabiena auzoan jaio zen; aita Oromiño auzoko mendi-guarda zenez bertan bizi zen familia. 1936ko Guda Zibilean, Trapagarango Zugastietako baserri baten egon ziren ezkutatuta eta guda amaituta, taberna bat jarri zuten gurasoek Kastrexanan. Denboraldi batez haren kargu egin ostean, 1944an Ermura joan zen familia osoa eta bizpahiru urtera Zubiaurre kaleko Ezkerraneko taberna hartu zuten.[3][4] Harrez geroztik, tabernaren izenagatik izango dira ezagunak Matilde, bere bi ahizpak eta hiruron gurasoak ere. Ikasten zegoela, tabernari gisa aritzen zen libre zuenean, batez ere Santixauetan, herriko jaietan.[5][6]

Ibilbidea[7] [8] aldatu

Durangon Batxilergoa ikasi ostean, Gasteizen Magisteritza egin zuen; praktikaldi baten, bere gustuko lanbidea ez zela konturatu eta, etxekoen oniritziarekin, Bilbon emagin ikasteari ekin zion. Basurtoko ospitalean praktikak, azterketa Valladoliden… handik etorrita denboralditxo batez Berrizen egon zen lanean harik eta, 2.000 biztanlera iritsita, Ermuko plaza irten zen arte. Matilde izan zen emagin eta erizain lanpostua bete zuen lehen emakumea, ermuarren esanetan komadronia. 1953 urtean artatu zuen bere lehen erditzea eta 1970 urtera aritu zen, ordurako Gizarte Segurantza zeregin horretan hasia zelako.[5]

Ezkerraneko Matilde emagin izan zen garaietan, haurdun zeuden emakume ia-ia gehienek beraien etxeetan erditzen zuten. Sendagile eta ginekologo barik, emaginaren kargu egoten zen hasi eta amaitu artekoa. Bere akorduz baserrietara joatea abentura bat izaten zen, umea jaiotzear zegoela deitzen ziotelako: kasu gehienetan, ama ezagutzen zuen une horretan eta orduan ikusten zuen umea zelan zetorren, jaiotzeko laguntzarik beharko ote zuen eta abarrok.[5]

Metodo ginekologikoak aldatu

 
Emagintzan umearen bihotz taupadak entzuteko estetoskopioa.

Ekografiak egiterik ez zegoen sasoietan, umea trabesera aurkezten bazen, bertikalera pasatu eragiteko, Basurtoko ospitalean ikasitako sistema erabiltzen zuen: txikia kanpotik zuzendu eta posizio horretan mantentzen laguntzeko, bi eskupainu jarri amaren sabelaren albo bietan. Toailok geldi mantentzeko, izara bat lotzen zuen erdi-urren zegoenaren tripa bueltan. Eraginkorra edo ez, horrela erakutsi zioten, eta horrela egitea egokituko zitzaion ez behin eta birritan.[5]

Ospital berean ikusia zuen ere ama eginberri baten odol-jarioari eusteko metodoa: alutik eskupainu oso-oso bat sartzearena. Behin hil ala biziko une larri baten berdina egitea otu zitzaion; ginekologoaren oniritziarekin gero, odoldutako eskupainua hiru egunez mantendu zuen tapoi gisa amaren umetoki barruan, odola gatzatu eta galtzeari utzi zion arte.[5]

Haurdunaldien planifikazioa egiteko esperantzan-edo, Ogino metodoa eta Martxa atrasa deituriko praktikak erabiltzen zituzten sasoi hartako bikote gehienek. Haurdun geratu ezkero, ostera, umea galtze asmoz, sukaldeko su-txapatik salto egin edo euren buruak eskaileretatik behera bota zituztenak ere ezagutu zituen Matildek.[5]

Tresneria aldatu

 
Erizaintzako tresneria.

Baserrietara-eta joan ahal izateko, Lambretta motorra erosi zuen, lehengusu batekin erdibana. Hantxe egokitzen zuen instrumentalaren maletatxoa, beharrezkoz beteta: suturak egiteko pintzak, episiotomian zabaldutakoa josteko orratz eta hariak, artaziak, umea non dagoen eta buruz datorren jakiteko estetoskopioa, bajinako esplorazioa egiteko eskularruak, botikak, ziringak…[9]

Berez, inoren esku hartze barik jaiotzen ziren umeen erditzeak ziren bere ustez onenak; dena den, gauzak gaiztotu ezkero, ospitalera zuzentzen zituen. Hara eramateko, kotxerik ez etxean eta aterata dago andra bat bere baserritik errepide nagusira eskailera baten etzanda, manta bat azpian jarri, eta aurre zein atze lau gizonen artean oratuta, anda gisara.[9]

Umeak etxean ekartzearena apurka-apurka indarra galduz joan zen. Klinikek pertsonala, tresneria eta erosotasuna eskaintzen zuten eta, bertan egun batzuk emanda, indartuta etxeratzen ziren erdiberriak.[9]

Matilde Isasi-Isasmendik 1970 urtean leku-aldatzea eskatu zuen Eibarrera eta bertako Dos de Mayo kaleko anbulategian aritu zen erizain lanetan, 1995 urtean erretiroa hartu zuen arte. Emagina zelarik Ermua, Mallabia, Eibar, Zaldibar eta Berrizko hainbat umeri munduratzen lagunduta, berea dagoenik eta lanbiderik ederrena dela irizten dio.[5][9]

“Ez dago munduan gauza zoragarriagorik umea jaiotzen ikustea baino!”. Matilde Isasi-Isasmendi.

Ikastolaren sortzaile aldatu

1968ko udaberrian, eskolak euskaraz ematea helburu, Ermuko Anaitasuna Ikastola sortu zuen herritar taldetxoaren parte izan zen Matilde Isasi-Isasmendi. Isilpean, ikuskarien beldur, ilusioz beteta… adin desberdinetako 7 umerekin abiatu zuten egitasmoa, Magisteritza titulu bakarra aurkeztuta eta Hezkuntza Ministerioaren baimenarekin.

Herriko plazako lokal baten hasi ziren, lurrean alfonbra batzuk botata. Aurre egin behar izan zioten guraso batzuen kezkei, erakundeen oztopoei, gela faltari, irakasle tituludun ezari, metodologia baten premiari, helburu eta lehentasunak zehazteko beharrari…hasierako ibilbidea ez zen samurra izan.[10][11][12][13]

Erreferentziak aldatu

  1. «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» internet.aheb-beha.org (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  2. «SIGA-AKIS .:. AHEB-BEHA» internet.aheb-beha.org (Noiz kontsultatua: 2021-03-29).
  3. Aranberri, Fernando. (2001). Ermua-Eitzaga. Leku-izenak. in: Onomasticon Vasconiae. Euskaltzaindia, 131 or. ISBN 84-95438-04-6..
  4. Elkartea, Euskal Birusa. (2023-04-01). «Drogetenitturri, 320 zenbakia (2023ko martxoa) - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS (Noiz kontsultatua: 2023-12-07).
  5. a b c d e f g Elkartea, Euskal Birusa. (2021-01-26). «Drogetenitturri, 296 zenbakia (2021eko urtarrila) - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS (Noiz kontsultatua: 2021-03-13).
  6. «Isasi-Isasmendi Gallastegi, Matilde - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2021-03-14).
  7. «Matilde Isasi-Isasmendi Gallastegi — Eibarko Kultura Ondarea - Egoibarra.eus» egoibarra.eus (Noiz kontsultatua: 2023-03-17).
  8. «Andresi Zabala eta Matilde Isasi-Isasmendiren testigantzak jasotzen dituzten bideoak Ego Ibarraren webgunean» etakitto.eus 2023-03-07 (Noiz kontsultatua: 2023-03-17).
  9. a b c d Elkartea, Euskal Birusa. «Drogetenitturri, 297 zenbakia (2021eko otsaila) - Euskal Birusa» EUSKALBIRUSA.EUS (Noiz kontsultatua: 2021-03-13).
  10. Anaitasuna Ikastola, ausarten emaitza. Ikastolen Elkartea, 10-13 or..
  11. Historia | Anaitasuna Ikastola. (Noiz kontsultatua: 2021-03-14).
  12. (Gaztelaniaz) La Ikastola Anaitasuna celebra en mayo, 50 años | ermuberri. (Noiz kontsultatua: 2021-03-14).
  13. Astigarraga, Ane Labaka Mayoz, Mariñe Arbeo. «Kale izendegia» Berria (Noiz kontsultatua: 2022-04-14).

Kanpo estekak aldatu