Mariturriko aztarnategia

Mariturriko aztarnategia Gasteizko hego-mendebaldean dagoen aztarnategi arkeologikoa da. Geografikoki Armentia herriaren iparraldean dago, Gasteiztik Madrilerako N-102 errepidearen alboan. Armentiarekiko hurbiltasuna ez da kasualitatea, Mariturriko aztarnategia erromatarren garaiko Armentum baita. 2007an Gasteizko auzo berri bat eraiki zen aztarnategia dagoen tokian, Mariturri izenekoa hain zuzen.

Mariturriko aztarnategiko hondakin berreraikiak eta etxebizitza-eraikinak.

Mariturriren funtzio nagusia, erromatarren garaian, Ab Asturica Burdigalam galtzada erromatarraren bidegurutze batean zegoen mutatio izatea zen, alegia, Inperioko bide nagusiekin soilik lotutako bigarren mailako instalazio ofiziala, cursus publicuseko arduradunek zaldiak edo idiak aldatzeko[1].

Aztarnategia lau elementuz osaturik dago: galtzadak, mutatio-a, vicus-a eta abereen gunea[2].

Bertatik igarotzen zen galtzada nagusia, ekialdetik mendebaldera, aipatutako Ab Asturica Burdigalam edo Iter XXXIV zen, Burdigalatik (Bordele) Asturicara (Astorga) zihoana. Bestalde, tokia iparraldetik hegoaldera zeharkatzen zuen bigarren mailako beste galtzada bat zegoen. Beraz, puntu hau komunikazioen sarean toki aski estrategikoa zela dirudi.

Vicus-a geltokiaren ondoan bidegurutzearen kokapen egokia aprobetxatuz sortutako populatzea da. Jendeztatze hauek bidaiariei zerbitzua emateko funtzioarekin sortzen ziren, baina azkenerako garrantzi gehiago hartzen zuten, esaterako, eskualde mailako azokak egiteko.

Mariturrin hedadura handiko abeltzaintza-eremua aurkitu da. Jarduera honek garrantzi berezia eduki zuela uste da, batez ere behi-aziendari dagokionez.

Erreferentziak aldatu

  1. Nuñez Marcén, J. eta P. Sáenz de Urturi (2005), Una mutatio de la vía ab Asturica Burdigalam en Mariturri (Vitoria/Álava), Archivo Español de Arqueología, 78, 189-207 or.
  2. (Gaztelaniaz) Grupo de Investigación en Arqueología de la Arquitectura. Estudio arqueológico del yacimiento de "Mariturri", Vitoria-Gasteiz. UPV/EHU

Kanpo estekak aldatu