Keminmaa

Keminmaako armarria
Armarria
Berezko izena Keminmaan kunta
Herrialdea
Eskualdea
Azpieskualdea
 Finlandia
Lappiko eskualdea
Kemi-Tornioko azpieskualdea
Alkatea Mauri Posio
Sorrera 1867
Keminmaa Finlandiako mapan
Koordenatuak 65°48′05″N 24°32′40″E / 65.80139°N 24.54444°E / 65.80139; 24.54444
Azalera
- Ur-azalera
647,24 km²[1]
20,91 km² (%3,2)
Biztanleria
Dentsitatea
Lehen hizkuntza
- Finlandiera
- Suediera
- Besteak
8.295 (2017.08.31)[2]
13,24 bizt/km²
(2016)[2]
% 98,9 (ofiziala)
% 0,1
% 0,9
Webgune ofiziala

Keminmaa (jatorriz, Kemin maalaiskunta; euskaraz, Kemiko landa-udalerria) Botniako golkoaren ertzean eta Kemi ibaiaren itsasadarrean dagoen Lappiko udalerria da. Eskualde finlandiar honetako industria-herri bakarrenetakoa izateaz gain, Kemi-Tornio Ardatza izeneko eskualde ekonomikoan dago, alegia, Lappiren motore ekonomikoa den eskualdean. Udalerriko azpiegitura nagusia aireportua da eta honek eta Kemiko portuak irekitzen dituzten merkataritza bideei esker, Ardatza Finlandiako BPG per capita handiena duen bosgarren azpieskualdea da. Keminmaak, guztira, 625,06 km²-ko lur-azalera du eta Lappi osoko udalerri txikiena da Kemi ondoren. 1979. urtera arte "Kemin maalaiskunta" izena izan zuen (euskaraz, Kemiko landa-udalerria), baina urteen poderioz eta finlandiarrek deiturak laburbiltzeko duten zaletasunak lagunduta, "Kemin maalaiskunta" "Keminmaa" izenean bilakatu zen, gaur egungo izen ofizialean.

Eskualdeko lau itsas udalerritako bat izateaz gain, biztanle gehien dauzkan Lappiko bosgarren udalerria ere bada, guztira, 8.600 bat lagun. Gehienak kromita-meatzean edo Kemijokiren inguruan sortutako industrian diharduten langileak dira. Hain zuzen ere, Kemi ibaiaren eragina izugarria izan da udalerriaren garapenean; izan ere, ibaiak eskualde guztia zeharkatzen du eta aspaldian Ekialdeko Lappiko baso hostotsu, sakon eta ilunetatik enborrak erraz garraiatzeko aukera ematen zuenez, Finlandia osoko ibai preziatuenetako bat izan zen. Gaur egun ere, Kemijokiren ertzean dauden zentral elektrikoek udalerria energiaz hornitzeaz arduratzen dira eta bertako amuarrain eta lutxoek keminmaatarren gosea asetzen dute.

Europan irekirik dagoen kromita-meatze bakarra ere bertan dago. Meatze honek eragin zuzena izan du udalerriko ekonomian eta azpieskualdea aberasten duen jarduera nagusiena bilakatu da zelulosa-orearen ekoizpenaren batera. Azkenik, aipatzekoa da Keminmaako XVI. mendeko eliza zaharra, Lappi osoko zaharrena dena.

Geografia aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Keminmaako geografia»
 
Kemijokiren ibaiertz zuhaiztsua udarako egunean.

Finlandia iparraldeko Lappi eskualdearen hego-mendebaldean dago udalerria, Itsas Lappin. Suediar mugatik 20 bat km-ra eta Kemijoki edo Kemi ibaiaren itsasadarrean dago, hau da, ibaia Botniako badiara isurtzen den eremuan. Itsasertzean dagoen eskualdeko lau udalerritako bat da eta, Kemi eta Simo bizilagunekin batera, hegoaldeen dagoena. Hain zuzen, bizilagunak Simo hego-ekialdean, iparraldeko Tervola, Tornio hiria mendebaldean eta Kemi hegoaldean dira; udalerri guzti hauekin batera, Keminmaak Kemi-Tornio Ardatza izenaz ezaguna den azpieskualdea osatzen du, Lappiren erdigune ekonomiko eta industriala den azpieskualdea. Udalerria Kemiko parrokia zen garaian, gainera, Ipar Finlandiako leku garrantzitsuena zen, bertatik Laponiatik zetozen enbor-multzo guztiak igarotzen eta lantzen baitziren. Gaur egun, guztira 646,25 km²-ko azalera du, ia Zuberoa herrialdea bezain handia, eta eskualdeko lur-azalera txikiena duen udalerria da Kemi ondoren. Ordokian taiga edo baso boreala da nagusi eta baso mota hau osatzen duten haltzadiak, izeidiak, makaldiak, pinudiak, sahastiak eta urkidiak azalera guztiaren %84a hartzen dute. Dena den, lurzoruaren nagusitasuna duena elurra da; izan ere, zuritasunak lurra estaltzen duen garaia azaroan hasi eta apirilera arte luzatzen da [3].

Ipar-mendebaldeko udalerri hau Zirkulu Polar Artikoa paraleloaren hegoaldean dago, 90 bat km hegoaldera, eta horrenbestez, gauerdiko eguzki fenomeno ospetsua ez da izaten bertan; hala ere, beste fenomeno bitxiago bat gertatzen da, gau zuri izeneko gertakaria. Hain zuzen, gau zuriak eguzkia behar beste jaisten edo ezkutatzen ez denean sortzen diren argitasunez beteriko gauak dira, eta gau hauek bai, oso ohikoak izaten dira ekain eta uztailean. Hiriko klima nagusia subartikoa da eta, ondorioz, tenperatura leunak izaten dira udaran, baina neguak hotzak eta luzeak izan ohi dira. Hala ere, neguak ez dira Lappi erdialdean bezain hotzak, Botniako golkora iristen diren ur-korronte beroek neguak leuntzen baitituzte. Bisitari asko erakartzen dituen ikuskizuna Botniako badiaren izoztea da; izan ere, neguko hilabete hotzenetan, urtarriletik apirilera, badiako urak izoztu egiten dira eta udalerriaren hegoaldeko muturra eta itsasadarra izotz-pista erraldoia bihurtzen dira. Samiek antzinean, eta gaur egun oraindik ere egiten dituzten egutegietan, Lappiko eta Keminmaako klima ulertzeko lagungarri diren zortzi urtaro bereizten zituzten: Giđđadálvi (udaberri-negua), Giđđa (udaberria), Giđđageassi (udaberri-uda), Geassi (uda), Čakčageassi (udazken-uda), Čakča (udazkena), Čakčadálvi (udazken-negua) eta Dálvi (negua). Ipar argiak, azkenik, nahiko ohikoak izaten dira neguko gau ilun eta oskarbietan; irailetik martxora bi gautatik batean izaten den fenomenoa da, urrian eta martxoan bereziki [4].

 
2010eko Keminmaako klima datuak [5]
Lautiosaari
Klima subartikoa Urt Ots Mar Api Mai Eka Uzt Abu Ira Urr Aza Abe Guztira
Maximoa ºC -1 -2,7 5 9 27,1 24 28 25,3 17 11 6,2 -2 12,2
Batez besteko maximoa ºC -11,3 -10,1 -3,1 4,5 14,7 15,8 20,8 16,3 12,5 6,3 -5,7 -10,3 4,2
Batez bestekoa ºC -14,5 -15,2 -8,3 1,6 10 12 16,9 12,6 8,6 4 -8,6 -13,9 0,4
Batez besteko minimoa ºC -18,5 -21,1 -15 -1,8 3,8 6,2 11,8 7,3 3,7 1 -12,2 -17,9 -4,4
Minimoa ºC -33 -34 -29 -6 -5,2 0,8 4 -1 -3 -6 -23 -29 -13,7
Prezipitazio-egunak 28 28 25 20 19 14 21 13 13 18 23 28 250

Udalerriaren ur-azalera ehunekoa Lappi eta herrialde osoko baxuenetarikoa da, %3,2a; izan ere, bertan aintzira eta urmael asko dauden arren, hauek tamaina txikikoak dira. Aintzira handienak Tervola eta Keminmaa artean dagoen Jänkäläjärvi, Kirvesjärvi, herrigunean dagoen eta bihotz itxura duen Kallijärvi eta ipar-ekialdeko mugako Sompujärvi dira. Hala ere, urmael eta aintzirez gain, 20,83 km²-ko ur-azaleran nagusiak udalerria iparraldetik hegoaldera zeharkatzen duten ibaiak dira. Ibaien zerrenda honetan aipatzekoak dira ekialdeko Akkunusjoki, mendebaldeko Kaakamajoki eta Lappi ipar-ekialdetik hego-mendebaldera bitan zatitzen duen Kemijoki edo Kemi ibai luzeak.

 
Keminmaako ferrokromo- eta kromita-meatzea.

Azken hau Errusiaren mugan dagoen Urho Kekkonen Parke Nazionalean sortu, Rovaniemi hiriburutik igaro eta Botniako golkoraino doa; guztira, 552 km-ko ibilbidea du. Historian zehar, eskualde guztia zeharkatzeagatik eta Ekialdeko Lappiko baso hostotsu, sakon eta ilunetatik enborrak garraiatzeko duen erraztasunagatik Finlandia osoko ibai garrantzitsuenetako bat izan da. Udalerriak ere, bere izena ibaiari zor dio eta ez dago Kemijoki gabeko Keminmaarik ulertzerik, ibaia herritarren biziraupenerako ezinbestekoa izan baita. Gainera, Akkunusjokirekin batera, mundu osoko ur kalitate onena duten ibaiak dira; bertako amuarrain eta lutxoek keminmaatarren gosea asetzen dute eta ertzeetan dauden zentral hidraulikoak ere, udalerria eta Kemi-Tornio Ardatza energiaz hornitzeaz arduratzen dira.

Keminmaa ordoki zabal bat da eta sabaia Keski-Penikka izeneko 170 metroko goragune edo muino bat da. Ttonttor hau da, hain zuzen ere, keminmaatarren eski-muinoa eta bertatik Kemijokiren ibar guztia ikus daiteke. Keski-Penikkako negu latzak bizirautea lortu duten landareen artean, aipatzekoak dira ur hirustak, zazporriak eta oilakaranak edo zumalakarrak. Kemi-Tornioko giza-aztarna zaharrenak ere muino honetan bertan aurkitu ziren eta, ustez, historiaurreko biztanleek hozkailu gisa erabiltzen zituzten Penikat multzoa osatzen duten mendixkak. Samien aztarna ugari ere aurkitu dira muino hauetan eta erlijio-kultuak egiten zituzten goraguneak zirela pentsatzen dute adituek [6].

 
Martimoaapa eremu paduratsua eta udarako lohitasuna.

Ekialdeko Ala-Penikka, Keski-Penikka eta Ylä-Penikka (Penikat) muinoak udalerriko eremu babestu bakarrean daude, Martimoaapa eremu zingiratsuan. Tervola eta Keminmaaren artean dagoen ingurune hau Ipar Finlandiako zingira erreserba garrantzitsuenetako bat da eta bertan, natura balio handiko zohikaztegiak daude. Baso zaharrek ere beren lekua dute erreserban eta arriskuan dauden hegaztien babesleku nagusia dira. Guztira, ehunen bat hegazti espezie desberdin bizi dira bertan, hauen artean, ahate buztanluzeak, aliota arktiko eta txikiak, antzara hankahoriak, aztoreak, basahateak, basoilarrak, belatz gorri eta txikiak, eskandinaviar lagopodoak, hontz gabirai eta handiak, kurriloak, laponiar urubiak, larre buztanikarak, larreoiloak, lira-oilarrak, mirotz zuriak, negu- eta uda-txirtak, tengmain hontzak, txio horiak, zapelatz arrunt eta liztorjaleak, zertzetak, zingira-hontzak, zisne txistulariak eta zuhaitz-belatzak.

Batez ere udara partean ikus daitezkeen ugaztun haragijaleen taldea, bestalde, hartz arreek, erbinude zuri eta arruntek, ipar-katamotzek eta aspaldian ehizatzen ziren, baina gaur egun babes legeei esker hedatzea lortu duten jatunek osatzen dute. Ipar otsoak, aldiz, nahiko arraroak dira, baina noizbehinka ere azaldu ohi dira inguruan. Altzeak eta elur-oreinak, azkenik, udalerriko animalia belarjale handi ospetsuenak dira [7].

Aipatzekoa da, azkenik, Finlandiako meatze handiena Keminmaan dagoela, Outokumpu Oyj erakundeak kudeatzen duen Elijärvi meatzea. Udalerriaren hegoaldean dagoen meatze hau Europa kontinentean irekirik dagoen kromita-meatze bakarra da eta Kemi-Tornio Ardatzaren diru-iturri garrantzitsuenetako bat da. Meatokia oso oparoa da eta 1966. urtean ireki zenetik zazpi milioi bat tona kromita erauzi dira bertatik [8].

Historia aldatu

Lappira iritsi zen lehen gizarte antolatua, Izotz Aroaren ondoren, iparraldeko klima leuntzen eta glaziarrak urtzen hasi zirenean iritsi zela uste da, k.a. 6000. urte inguruan. Mendeetan eratu zen kulturari Komsa edo Gorravárri izena ematen zaio eta Ozeano Artikoaren kostaldean ezarri zirenez batik bat, Ipar Itsasoko lehen Fonsa kulturako tribuekin harreman estua izan zuten. Nahiz eta oraindik iparraldeko jatorrizko biztanleen, samien jatorria ezezaguna den, badirudi tribu hauen eta beranduago (Harri Aroan) Eskandinaviara ekialdetik sartu ziren herri uraldarren nahasketaren ondorioa direla. Hasiera batean, hauen lurraldea Ozeano Artikoan hasi eta Finlandia, Norvegia eta Suedia erdialdean bukatzen zen eta ehizatik, fruitu-bilketatik eta arrantzatik bizi ziren gehienbat; nomadak ziren, ehizakiaren atzetik ibiltzen zirenez, sasoiaren arabera bizilekuz aldatzen baitzuten. Lehenbiziko biztanle hauen aztarnak, batik bat tresna eta hondakinak, Penikat muino-multzoan aurkitu dira; adituen ustez, historiaurreko gizakiek muino hauek hozkailu gisa erabiltzen zituzten jakiak ez usteltzeko. Keski-Penikka muinoan, gainera, samien aspaldiko arbasoen arrasto ugari aurkitu dira eta uste da muino honetan erlijio kultuak egingo zituztela [9].

 
Kemi ibaiaren XVIII. mendeko marrazkia.

Testigantzarik ez dagoen arren, historialariek, lehen egonlekua suediarrek XIII. mende hasieran eraiki zutela uste dute. Egonleku hau Botniako golko osoaren nagusitasuna bermatzeko edo Kemijokiren itsasadarretik ipar-ekialdeko Laponiako merkataritza-bideak kontrolatzeko eraikiko zuten segur aski. Herriaren lehenbiziko idatzizko aipamena, aldiz, 1329. urteko Magnus Eriksson erregearen gutunean dago, antzinako Ostrobotnia eta Vestrobotnia probintzien arteko muga erabakitzen ari zela, "Kemi" izeneko herrixka bat aipatzen baitu erregeak. Gutun honetan, bi probintzien arteko muga Kemi ibaian ezarri zen eta, honela, herrixka, Ostrobotniaren barruan eta Turkuko artxidiozesiaren menpe gelditu zen. Hasiera batean, herri honen lurraldea itsasadarretik Rovaniemira, eta bertatik Haukipudas herriraino iristen zen, eta parrokia honen erdigunea zen eliza nagusia, gaur egungo Laurila auzoan zegoen. Moskutarrek 1473an zurezko eliza zahar hau arpilatu zuten eta ondotik, 1517an, sute handi batek erabat suntsitu zuen. Baina, hiru urte beranduago, gaur egun oraindik zutik dirauen Lappiko eliza zaharrena den Keminmaako harrizko eliza eraiki zuten.

Hasiera batean suediarren aliatuak ziren birkarleak, Botniako badiaren ipar itsasertzaren eta Torne ibarraren jaun eta jabe izan ziren XIV. eta XVI. mendeen artean. Eskualde honetako merkataritzaren joan-etorriak kontrolatzen zituzten eta zerga-biltzaileak ziren; gaur egun herritar hauen nortasuna ezezaguna izaten jarraitzen duen arren, jakina da XVI. mendean eskualdearen eta Laponia osoaren garapena hein handi batean oztopatu zutela eta, azkenik, Erresumaren aurka matxinatu zirela. Mende erdirako garaituak izan ziren eta suediarrek, beren boterea sendotzeko, Torneå merkatal-hiria sortzea erabaki zuten. Hiri berria Kemitik pare bat km-ra dagoen Torne ibaiaren itsasadarrean eraiki zuten eta, Torne ibarraz gain, Kemijokiko eta Laponiako ekonomiaren erdigune ere bilakatu zen. Ondorioz, Kemik parrokia erraldoi baten jabe izaten jarraitzen bazuen ere, hiri nagusi baten alboan zegoen herri txiki bat bihurtu zen. Arrantza-herri honen erdigunea Laurila zen, baina uda aldean, arrantzaleak Botniako badiako uharteetan zituzten egonlekuetara joaten ziren. Bertan, izokin eta sardinzar ospetsuak harrapatzen zituzten eta antzinako txalupen mugikortasun mugatuaren ondorioz, uharteetan gelditu behar izaten zuten sasoiaren zati handia. Selkä-Sarvi uhartean, esaterako, 300 biztanle zituen arrantza-herri bat bazen XVI. menderako [10].

 
1520-53. urteen artean eraiki zen harrizko eliza zaharra; zutik dirauen Lappi osoko eliza zaharrena da.

Hurrengo mendeak Tornioren itzalpean igaro ondoren, XVIII. mendearen bukaeran, Finlandiaren kontrola izateko Suedia eta Errusiar Inperioaren arteko guduak iritsi ziren. Finlandiako Gerran, azkenean, Errusiar Inperioak herrialdea bereganatu zuen finn nazionalismoaren laguntzaz eta Finlandia, Inperioko Dukerri Handi bihurtu zen. Muonio eta Torne ibaietan jarri zen muga berria, eta herritar askok ibaiak igaro eta Suediara alde egin zuen. Krimeako Gerra hastearekin eta golkoko itsas-merkataritza etetearekin batera, Tornio hiriak ere bere garrantzia eta nagusitasuna galdu zuen eta, azkenik, merkatal-hiri tituluari uko egin behar izan zion. Kemi Errusiar Inperioaren mendebaldeko muturrean zegoenez eta itsasertzeko herria denez, tsarrak bertan mugako merkataritza garatzea erabaki zuen. Honela, Alexandro II.ak bultzatuta eta bereganatutako eskumen berriei esker, Finlandiako Dukerri Handiak Torniorekin batera Laponiako eta Ouluko probintzien garapena babestuko zuen hiri bat sortzea erabaki zuen Kemi ibaiaren itsasadarrean. Lindqvist arkitektoak disenatutako merkatal-hiria aurrera atera zen eta, azkenik, 1869. urtean, Laurila herria alde batera utzi eta Kemi hiria Sauvosaari uhartean birsortu zen. Keminmaa eta Kemi betiko banandu ziren ofizialki. Bigarrenari "Kaupunki" –"Hiri"– titulua eman zitzaion eta honek zeramatzan abantailei esker, merkataritza garatu eta botere handiko burgesia eratu zen. Burgesia txiki honek basogintza industriaren alde egin zuen eta 1893. urtean, Kemi Oy konpainia ospetsua fundatu zuen. Ekialdeko Lappiko baso hostotsu eta sakonetako enborrak Kemijokiren bidez iristen ziren hirira eta enpresak Laitakarin eraiki zuen zerrategian egur hori moldatzeaz arduratzen ziren, ondoren, salgaia Kemiko portutik esportatzeko. Industrializazio hau bultzatzeko garraiobide berri eta modernoak ere behar ziren eta horrela, azpiegitura berriak eraikitzen hasi ziren eskualdean; hala nola, Oulu hiriburuarekin bat egingo zuen Oulu-Tornio trenbidea 1903an bukatu zen, Ekialdeko Lappirekin batuko zuen Laurila-Kelloselkä trenbidearen lehen fasea Rovaniemin amaitu zen 1909an, eta Torne ibarrarekin lotuko zuen Kolariko trenbidea, aldiz, 23an iritsi zen Karunkira. Bestalde, Kemi ibaiaren arroaren inguruan sortu zen urre grinak ere, diru asko mugiarazi zuen garaian eta horrela, eskualdearen lehenbiziko urre-aroa hasi zen. Ordukoa dugu, besteak beste, Laurilako geltokiaren eraikina [11][12][13].

 
Elizako XVII. mendeko margolana.

XX. mende hasieran, Iraultza ondoren Errusian zebilen giro nahasiari probetxu atera nahian, finlandiarrek independentzia aldarrikatu zuten 1917an. Independentzia kontuan finlandiar gehienak ados zeuden arren, bi alderdi nagusienen botere nahiak herrialdea Gerra Zibilera bultzatu zuen. Oulu, Kemi, Tornio eta Keminmaa Sobiet Batasunaren laguntza zuen Armada Gorriak kontrolatzen zuen Finlandia iparraldeko eremu bakarra zen. Hiri hauetako herritar gehienak industrian ziharduten langile sozialistak zirenez, Gerra Zibila deklaratu zen unean bertan, hiria Armada Gorriaren menpe ezarri zen. Dena den, Gerra Zibila galdu ostean, Finlandia herrialde subirano bihurtu zen eta administrazio berriak Ouluko probintzia zatitu, Lappiko probintzia berria sortu eta Rovaniemi hiriburu izendatu zuen 1938an. Hiriburu berriak Kemik edo Torniok zuten nagusitasuna ez zuen arren, izendapen horren arrazoi ofiziala, hiriburua, Petsamoko nikel-meatzea kontrolatzeko gai zen hiria izango zela izan zen. Askoren ustez izendapen horrek mendeku kutsua izan zuen, eskualdeak Gerra Zibilean Armada Gorriari laguntza eman baitzion; dena den, iparraldera zuzendutako azpiegitura berri guztiak Rovaniemira iristen hasi ziren itsas eskualde industrialaren kaltetan [14].

Herrialdea berpizten hasi zenean, urte batzuk geldituta izandako hiriko industriak garatzeari ekin zion berriro ere. 1939. urtean, Ajos uharteko portu berria eraikitzen bukatu eta Lautiosaarin dagoen Kemi-Tornio aireportua ireki zuten; 30eko hamarkada oparotasunaren garaia izan zen. Bigarren urre-aro honetan, Bigarren Mundu Gerrak eztanda egin zuen kontinente zaharrean. Herrialdeak bere independiente estatusa mantendu nahian eta SESB bere lurraldetik urruntzeko helburuarekin, Hirugarren Reicharekin bat egin zuen. Norvegiatik iritsitako tropa alemaniarrak eta Suediar Boluntarioen Taldea eskualdean egokitu ziren eta Botniako golkoaren defentsa antolatzeari ekin zioten. Keminmaa Ipar Finlandiako okindegia zen, eta bertatik Lappi eta Oulu probintziako soldaduak hornitzen zituzten. Herritar gehienak August Mäkiniemi koronelaren agindupeko 27. Infanteria-erregimentuan zeuden. Hain zuzen, JR 27ak Neguko Gerran borrokatu eta Raateko guduko garaipenenean bete betean parte hartu zuen. Aipatzekoa da sobietarrek ez zutela ingurua behin ere bonbardatu, ez erasotu Neguko eta Jarraipenaren gerretan. Dena den, joera hau Laponiako Gerrarekin aldatu zen. Hain zuzen, Finlandiak SESBekin Moskuko armistizioa izeneko bake-akordioa sinatu zue 1944an, eta horrek, alemaniarrak Finlandiar lurretatik botatzea eskatzen zuen. Laponiako Gerra hasi zen.

 
Soldadu finlandiarrak Tornioko guduan (1944).

Lappin zeuden 200.000 soldadu alemaniarrek bizilagun den Norvegiara, Reicharen herrialde satelitera alde egitea pentsatu zuten, baina ihes egin baino lehen, Lothar Rendulic ofizialak probintzia osoa suntsitzeko agindua eman zuen. Kemi eta Tornioko portu estrategikoak ziren probintziako azpiegitura baliotsuenak eta, hain zuzen, bertan izan zen gerra osoko bataila odoltsuena, Tornioko gudua. Kemiren okupazioaren ostean, 1944ko urri hasieran izan zen Tornioko gudua eta bertan, guztira, bi mila soldadu alemaniar eta finlandiar hil ziren eta Kemi eta Tornio bizilagunak errauts-hiri bihurtu ziren. Alemaniarrak eta hiriak galtzaile nagusiak izan ziren, baina finlandiarren garaipenak, behintzat, hirien berreraiketa arindu zuen hein handi batean [15][16].

Bigarren Mundu Gerra osteko urteetan, Finlandiak izugarrizko hazkuntza izan zuen ekonomikoki eta gizarte eta politika egonkortasuna lortu zuen. Gerra osteko herrialde pobre bat izateari utzi, Gerra Hotzean neutral aldarrikatu, NBEk ezarritako isuna ordaindu eta 40 urtetan, teknologikoki munduko estatu garatu eta jakintsuena bihurtu zen, merkatuko izugarrizko botere ekonomikoarekin eta bizi maila altuarekin. Dena den, 40ko hamarkada oso gogorra izan zen langileriarentzat, hala nola, 1949ko uztailaren 1ean, Gizarte Gaietako Ministerioak Kemi Oy enpresa langileen %30-40 kaleratzera behartu baitzuten. Honela, 260 bat langile bidali ostean, inguruko gertaera lazgarriena bizi izan zen, Kemiko Ostegun Odoltsua. Kaleratzeen ostean, grebak bizitu egin ziren. Poliziaren eta langileen artean giroa nahastu egin zen eta SKP alderdi komunistak esku-hartu eta langile guztiak bildu zituen abuztuaren 18an ospatu zen manifestazioan. Manifestazio baketsu bat zirudien ekitaldia sarraskia bihurtu zen. Polizia armatua, ekitaldia sakabanatzeko asmoz, tiroka hasi zen eta tiroketa horretan, bi grebalari hil ziren [17].

Industria automatizazioak eta mekanizazioak kaleratze asko ekarri zituzten hurrengo bi hamarkadetan eta Kemik ezin izaten zuen langabe horiei lanpostua emango zien enpresa berririk erakarri. Hirian lan egiten zuten keminmaatarrak lanpostu gabe gelditu ziren. Dena den, Outokumpu Oyj enpresak 1968an udalerrian ireki zuen kromita-meatzea nahikoa izan zen keminmaatar langabezia krisiari aurre egiteko. Arazo honen konponbideari esker, landa-udalerriaren biztanleria etengabe hazten hasi zen 90eko hamarkadara arte; 1995ean, inoiz baino biztanle gehiago izan zituen udalerriak, guztira, 9.411 lagun. Gaur egun ere, meatzea udalerriren eta azpieskualdearen bihotza izaten jarraitzen du eta 132 herritarrek lan egiten dute bertan; gainera, Kemi-Tornio Ardatza Lappiko BPG per capita handiena duen azpieskualdea da, Finlandiako bosgarrena Mariehamn, Helsinki, Salo eta Loviisa ondoren [18][19].

 
Oulu-Tornio trenbidea Lautiosaari inguruan.

Administrazioa aldatu

Azpiegiturak aldatu

Keminmaa Finlandiako industria-eskualde nagusienetakoan dagoenez, iparraldeko muturretik hegoaldera salgaiak esportatzeko eta nazioartetik bertara inportatzeko garraiobideen beharra izan du betidanik; ondorioz, gaur egun, komunikazio onena duen Lappiko udalerrietako bat da. Azpiegitura hauen artean, Helsinkirekin airez egunero elkartzen duen aireportua, herrialdea zeharkatzen duen Valtatie 4 eta 29 autobideak, Kemiko eta Tornioko portuak, eta VR-Yhtymä garraio-konpainiaren trenbide-sarea daude.

Kemi-Tornio Ardatzeko eta Lappiko gainontzeko udalerriekin bat egiteko garraiobide erabiliena autoa da. Keminmaatik bi autobide igarotzen dira, Finlandia hegoaldetik iparraldera zeharkatzen duen Valtatie 4 eta Laurilatik Torniora doan Valtatie 29 autobideak. Lehenbizikoa, herrialde osoko autobide luzeena da eta, guztira, Helsinkitik Utsjokira, 1.295 km-ko luzera du. E8a eta E75a osatzen duten autobideetako bat da eta Oulu eta Rovaniemi hirietatik igarotzen denez, keminmaatarren autobide erabiliena ere bada. Valtatie 29a, bestalde, herrialdeko autobide laburrena da, 16 km baino ez baitauzka. Herrigunetik Torniorako bidea egiten du eta Suediako mugaraino iristen da. Kemi-Tornioko garraio-azpiegituren bizkarrezurra da. Lehen esan bezala, autoa garraiobide erabiliena den arren, ez da autobide hauen gainean dabilen ibilgailu bakarra. Veljekset Salmela eta ExpressBus konpainien autobusek ere, hiria suediar Haparanda, Kemi, Tornio, Kuivaniemi, Tervola, Simo, Rovaniemi eta Oulu udalerriekin lotzen dute [20][21][22][23].

4E 8E 75 Valtatie 4: HelsinkiLahtiJyväskyläOuluRovaniemiUtsjoki

29E 4E 8 Valtatie 29: Keminmaa – Tornio

923 Seututie 923: Alaniemi (Simo) – Tervola

926 Seututie 926: KemiRovaniemi

Bestalde, aipatzekoa da Finlandiako Gobernuaren VR-Yhtymä garraio-konpainiaren trenbide-sarea udalerritik igarotzen dela. 1903an eraiki zen Laurilako geltokitik Oulu-Tornio trenbide nagusia pasatzen da eta azpieskualdearen garapenean historikoki garrantzi izugarria izan duen Laurila-Kelloselkä trenbidea ere bertan hasten da. Lehenbiziko trenbidetik 6. eta 7. lineak igarotzen dira eta hauen bidez, herrialdeko edozein geltokira joateko aukera dago. Dena den, distantzia luzeak tren bidez egitea neketsua eta garestia denez, helmuga ohikoenak gertukoa dira; hala nola, Tornion hasten den Kolariko trenbidearen bidez, Tunturi Lappiraino eta Ylläs eski-estazioraino joan daiteke; Laurila-Kelloselkä jarraituz Rovaniemi eta Ekialdeko Lappiraino irits daiteke; eta hegoaldera joan nahi izanez gero, Ouluko geltokia 100 bat km-ra baino ez dago. Historian garrantzi handiena izan duen trenbidea, hala ere, Laurila-Kelloselkä da. Trenbide guztia 1942ra arte bukatu ez zen arren, 1909rako Rovaniemiraino iristen zen eta honen bidez, Ekialdeko Lappiko egur preziatuak garraiatzeko modu berri eta azkarrago bat lortu zuten Kemiko enpresariek eta era berean, inguruko industria garatu eta herritarren bizi-maila hobetzea lortu zuten. 2000. urtean, Keminmaako iparraldeko herriak lotzeko beste geltoki bat eraiki zuen Udalak Törmä herrixkan, Törmäko geltokia, eta Elijärvi meatzearaino iristen den desbideratze ere bada [24].

Linea Nondik norakoa Trenbide-sarea Luzera
  hel6. lineahel helHelsinki-Tornio-Kolarihel Oulu-Tornio trenbidea 131,9 km
  hel7. lineahel helHelsinki-Kemijärvi-Kelloselkähel helLaurila–Kelloselkä trenbideahel 269,3 km

Itsas Lappiko aireportu txikia, Kemi-Tornio aireportua, Lautiosaari auzoaren eta Kemiren ipar muturrean dagoen Paattio auzoaren artean dago. Finavia erakundeak kudeatzen du eta 2.503 m-ko luzera eta 18-36 norabidea dituen asfaltozko pista bakarra dauka. Lappi osoko aireportu zaharrena da, bigarren urre-arroan eraiki baitzen 1939. urtean; gainera, Laponiako Gerran alemaniarrek suntsitu ez zuten Ardatzeko azpiegitura garrantzitsuena da portuarekin batera. Aireportutik Helsinki-Vantaara baino ez daude hegaldiak, egunean lau bat, eta bertatik ere beste hainbeste jasotzen ditu. Hegaldi guzti hauek Finncomm Airlines konpainiak antolatzen ditu, aireportuan lan egiten duen enpresa bakarra baita. Azkenik esan, bisitari gehien dituen Lappiko hirugarren aireportua dela eta 2010ean, esate baterako, 96.562 bidaiari igaro zirela bertatik [25].

Banaketa aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Keminmaaren banaketa administratiboa»

Udalerriak, guztira, 646,25 km²-ko azalera duen arren, sei-zazpi mila keminmaatar inguru (biztanleriaren %82a) herrigunean bizi da. Herrigune hau Kemijokiren itsasadarraren bi aldetan dauden hamaika auzoek osatzen dute eta bertan daude udalerriaren azpiegitura eta erakunde nagusiak. Ekialdeko eremua biztanle asko dituen Lautiosaarik, Pölhö bizitegi-auzoak, iparraldeko muturrean dagoen Tasasenkangasek eta are ekialderago dagoen Ketolanperäk osatzen dute; mendebaldea, aldiz, itsasertzean dagoen Jokisuuk, Lassila merkatal-auzoak, Tornioko mugan dagoen Pörhöläk, izen bereko aintziraren inguruan dagoen Kallijärvik, Liedakkalarako bidean dagoen Kallinkangasek eta herrigunearen bihotza diren Kirkonmäki eta Laurila auzoek osatzen dute. Hain zuzen ere, Keminmaaren Erdialdea bi elizak eta antzinako herria zegoen gunea da, Kirkonmäki eta Laurila auzoen artean nonbait.

Gainontzeko keminmaatarrak, mila edo bi mila inguru, Kemi ibaiaren inguruan dauden bizitegi-guneetan eta Tervolarako bidean dauden herrietan bizi dira; biztanle gehien dituzten herrixkak Liedakkala, Ilmola, Hirmula, Törmä, Maula, Koseknkylä eta Viitakoski dira.

Keminmaako auzo eta herriak [26]

Hiri senidetuak aldatu

Keminmaaren hiri senidetu bakarra Murmansk oblast errusiarrean dagoen eta 60.000 bat biztanle dituen Apatity udalerria da. Bi hauen arteko senidetasuna, bi udalerrien ezaugarrien antzekotasunean oinarritzen da. Izan ere, biak daude hiri industrialen inguruan eta portu garrantzitsuen ondoan. Hala ere, desberdintasun ugari ere badude; oinarrizkoena Apatityk Keminmaak baino biztanle askoz gehiago dituela. Bestalde, aipatzekoa da Kemi bizilagunarekin eta Ardatz guztiarekin adostutako akordioak; hala nola, 2013rako azpieskualdea hiri-federazio moduko entitatea bihurtzeko proposamena [27][28].

Udala aldatu

Keminmaako eta Finlandiako gainontzeko udalerrietako udalbatzak eratzeko, lau urtero udal hauteskundeak antolatzen dira herrialdean. Gaur egun dagoen udalbatza 2012ko urriaren 28an ospatu ziren udal hauteskundeetan eratu zen.

Keminmaako Udalbatza [29]
Alderdia Eserlekuak +/- Ehunekoa  
-- Zentroko Alderdia 16   1 % 43,2
-- Keminmaalaisten Parhaaksi 8   2 % 21,5
-- Ezker Elkartasuna 5   3 % 15,9
-- Benetako Finlandiarrak 3   3 % 8,1
-- Alderdi Sozial-Demokrata 2   0 % 5,9
-- Koalizio Nazionala 1   1 % 3,9

Udal hauteskundeetan, Lappiko gainontzeko udalerrietan bezala, Zentroko Alderdiak irabazi zuen. Gainera, aurreko urteko emaitzak hobetu eta batzarkide bat eskuratu zuen; guztira, hamazazpi. Kemi bizilagunean ez bezala, eta Keminmaan ere langile gehienak industrian lan egiten duten arren, Zentroko Alderdiak betidanik izugarrizko boterea izan du bertan; arrakasta hau alderdiak udalerriaren baliabide ekonomikoak aurrera ateratzeko egin duen ahalegina ulertuta baino ezin da ulertu. Bigarren alderdia Ezker Elkartasuna izan zen, aurreko udalbatzan zituen hamar batzarkidetatik bi galdu zituen alderdia; guztira, botoen %22,4a eskuratu zituen. Hirugarren indarra lehenbizikoz aurkezten zen talde independente bat izan zen, Keminmaalaisten Parhaaksi izenekoa. Sei eserleku eta botoen %16,3a lortu zituen eta Ezker Elkartasunari aurreneko aldiz bigarren postua kentzeko hurbil ibili zen. Azkeneko alderdiak bina batzarkide eskuratu zituzten Alderdi Sozial-Demokrata eta Koalizio Nazionala izan ziren; azkenengo honek, gainera, ordezkari bat galdu zuen eta udal-hauteskundeetan emaitza kaskarrenak lortu zituen udalabatzko alderdia bihurtu zen. Udal hauteskundeetako parte-hartzea oso baxua izan zen, guztira, %66,6koa.

 
Väyrynen politikaria.

Lehen esan bezala, udalbatza, Zentroko Alderdiaren esku dago eta batzarraren presidentea eta Udalaren bozeramailea, alderdi honetako kidea den Tommi Lepojärvi da. Hurrengo udal hauteskundeak 2012. urtean ospatuko dira, herrialdeko gainontzeko udalerrietan bezala.

Demografia aldatu

Biztanleria aldatu

Gaur egun, udalerriak 8.582 biztanle dauzka eta Lappi osoko bosgarren udalerri jendetsuena da. Dena den, azken urteotan biztanleriak gorabehera handiak izan ditu; azken berrogeita hamar urteotan keminmaatarren kopurua ia bikoiztu egin da eta hazkunde hau bereziki bizia izan zen 80ko hamarkadan; baina, 90eko hamarkadatik aurrera biztanleria gutxinaka jaisten doala ikus daiteke. Badirudi, biztanle galera hau hirien nagusitasunagatik izan dela batik bat, herrigunearen biztanle kopurua haziz joan den moduan, udalerriko herrixken biztanleria izugarri jaitsi delako. Esan daiteke, Kemi eta Tornioren erosotasunak (eta Keminmaaren herrigunearenak berak) herritar ugari erakarri dituela eta ondorioz, euren herriak utzi dituztela; gaur egun, herrixka txikietan bizi diren keminmaatarrak, guztira, %18a baino ez dira. Aipatzekoa da Kemi ondoren Lappiko azalera txikiena duen udalerria denez, kilometro karratuko biztanle gehien dituen eskualdeko hirugarren udalerria ere badela. XVI. mendera arte, eskualde honetan nagusiak samiak ziren; hauek ehizakiaren atzetik ibiltzen ziren nomadak ziren, sasoiaren arabera bizilekuz aldatzen zutenak. Biztanle hauen aztarna eta erreferentziak garaiko dokumentu askotan aurki daitezke, baina samien iparrerako ihesa oso azkarra izan zen eta hegoaldetik etorritako finnek mende batean guzitz ordezkatu zituzten. Keski-Penikka muinoan, esate baterako, samien arrasto ugari aurkitu dira eta pentsatzen da muino honetan xamanismoarekin lotura zuten erlijio kultuak egingo zituztela. Gainera, etnia honen ikerkuntzan diharduten adituek keminmaatar samiak gaur egun desagerturik dagoen hizkuntza bat hitz egiten zutela uste dute, kemiko samiera hain zuzen ere.

Europar Batasuneko herrialdeekin eta Finlandiako gainontzeko udalerriekin alderatuta, Keminmaan, 15 urte baino gutxiagoko biztanleriaren ehunekoa nahiko altua da, %18,5ekoa, eta 65 urte baino gehiago dituztena, aldiz, %17koa. Erlijioari dagokionez, gehienak luteranoak, bereziki laestadianismo mugimendu kontserbadorekoak, edo sinesgabeak dira. Udalerrian, guztira, bi eliza luterano daude, XVI. mendean eraikitako Lappiko eliza zaharrena den eta ospakizun berezietarako baino erabiltzen ez den eliza zaharra eta aurreko espaloiean dagoen eta Carl Ludvig Engel arkitektoak XIX. mendean eraiki zuen eliza berria. Errusiar ortodoxoen eliza, aldiz, San Joan Bataiatzailearen Jaiotzaren eliza Kemi hirian dago, 5 bat km-ra.

Keminmaatar gehienek suediera eta ingelesa, eta bakan batzuk errusiera edota alemana dakiten arren, hiriko hizkuntza nagusi eta ofizial bakarra finlandiera da. Herritar gehienak bertan jaioak ez diren arren, biztanleen %97,4aren ama hizkuntza da finlandiera. Hain zuzen, herritarren %32a ez da bertan jaioa, herrialdeko gainontzeko hirietatik bertara bizitzera joandakoak dira, besteak beste, kemitarrak, oulutarrak, torniotarrak eta simotarrak. Izan ere, atzerritarren ehunekoa hutsaren parekoa da eta komunitate handienak errusiarrena eta suediarrena dira. Aipatzekoa da, Kemi-Tornio Ardatza, Lappiko BPG per capita handiena duen azpieskualdea dela; Finlandiako bosgarrena Mariehamn, Helsinki, Salo eta Loviisa ondoren. Gaur egun, Rovaniemi, Tornio, Kemi eta Sodankylä ondoren, Lappiko hiri jendetsuena da, alegia, bosgarrena [30]

Biztanleriaren bilakaera [31]
1950 1970 1975 1980 1985 1990 1995 1998 2000 2002 2004 2006 2008 2010 Orain
5.000 6.258 7.007 7.721 8.798 9.143 9.411 9.199 8.930 8.898 8.863 8.829 8.636 8.611 8.582

Nazioartean ospetsuenak diren keminmaatarren artean, aipatzekoak dira bereziki artistak. Hauen artean, herrialde osoko aktore ospetsuenetako bat dago, Peter Franzén. Etorkizun handiko aktore honek, hala nola, Kuningasjätkä, Rukajärven tie, Mustan kissan kuja, Badding, Emmauksen tiellä, Rölli ja metsänhenki, Kuutamolla, Pahat pojat, Matti, Rööperi eta Koirankynnen leikkaaja («Txakurren azkazal-moztekoa») filmeetan parte hartu du eta azkenengo lan honengatik, aktore onenaren Jussi saria irabazi zuen 2004. urtean. Gaur egun Los Angelesen bizi da Irina Björklund emaztearekin. Artisten taldean, beste pertsonaia aipagarri batzuk ere badira: hainbat obra ezagun egin dituen Ari Koch eskultorea eta XX. mendearen hasieran finlandiar kulturan izugarrizko eragina izan zuen Otto Wallenius opera abeslari eta margolaria, besteak beste [32][33][34].

 
Peter Franzén aktorea.

Dena den, Peter Franzén aktorearekin batera ospetsuena den keminmaatarra Paavo Väyrynen politikaria da. Zentroko Alderdian diharduen politikari beteranoa da Väyrynen eta gobernuetan ministro eta Europar Legebiltzarreko kide izateaz gain, alderdiko presidentea izan da hainbat urtez eta bi aldiz aurkeztu da herrialdeko presidentzia hauteskundeetara (1988an eta 1994ean). Azkenik, Europa mailan ezagunena den herritarra Hannu Tihinen futbolaria da, hala nola, Viking FK, RSC Anderlecht eta FC Zürich futbol-taldeetan jokatu duena eta 2010. urtean erretiroa hartu zuena [35][36].

Hezkuntza eta Osasuna aldatu

Peruskoulu izena duten 7 eta 15 urte bitarteko bost eskola daude udalerrian, Kirkonmäki, Lassila, Laurila (nagusia) eta Pölhö auzoetan, eta Liedakkala herrian (sei gradu baino ez). Finlandiako Hezkuntzan eskolaldi hau bukatzerakoan, ikasleek azterketa bat pasa behar izaten dute hurrengo fasea zein izango den zehazteko. Bi fase hauetako bat bakarrik dago udalerrian, Keminmaan Lukio izeneko institutua; bokaziozko eskola, aldiz, Kemin dago, Lappi Bokaziozko Eskola izenekoa. Bigarren Hezkuntzako ikasketak bukatzean, ikasleek eskualdean bertan (Kemin eta Tornion) dagoen eta 1992. urtean sortu zen Kemi-Tornio Zientzia Aplikatuen Unibertsitatera (finlandieraz, Kemi-Tornion ammattikorkeakoulu edo KTAMK) joateko aukera dute. Finlandiako Hezkuntza eredu ospetsuan oinarritzen den unibertsitate honek, arte ederrak, teknologia, erizaintza eta enpresa ikasketak eskaintzen ditu eta Rovaniemikoaz gain, Lappi eskualde osoan dagoen zientzia aplikatuen unibertsitate bakarra da. Gaur egun, guztira, 2.400 ikasle ditu eta %10a Asia, Errusia eta Afrikatik iritsitako ikasle aurreratuek osatzen dute. Azkenik, aipatzekoa da ekonomiarekin lotura duten ikasketak eskaintzen dituen eta 1997. urtean sortu zen Kemiko Meri-Lappi Institutua ere [37][38][39].

Osasunari dagokionez, Lappi bi ospitale barrutitan banatua dago eta Keminmaa, Länsi-Pohja Ospitale Barrutia izenekoan dago. Hain zuzen, ospitale barruti honetako ospitalde nagusia, Länsi-Pohja Ospitalea edo Länskä izenekoa, Kemi bizilagunean dago. Zortziehunen bat langilek egiten du lan bertan eta barrutiko 65.000 herritarren ospitalea da. 1965. urtean eraiki zen eta sail nagusitako espezialistak bertan aurki daitezke. Udalerriko osasun-zentroa, bestalde, Keminmaan terveyspalvelut, Laurila auzoan dago [40][41].

Kultura aldatu

 
Keminmaako armarria

Armarria aldatu

Sakontzeko, irakurri: «Keminmaako armarria»

Armarria udalerria sortu baino beranduago onartu zuen udalbatzak, zehazki, 1955eko urtarrilaren 14an (Barne Ministerioak uztailaren 4an); ordura arte Kemiko parrokiaren ikurra izan zen izokinaren irudia ordezkatu zuen. Armarri berria Ahti Hammar artista helsinkiarrak margotu zuen lehenbizikoz eta bere helburua, bertan agertzen diren objektuekin, udalerriaren ezaugarri nagusiak adieraztea izan zen. Zelai gorri baten gainean, ezkerrera begira dagoen izokin bat azaltzen da, ahoan sarrail beltza duen zilarrezko giltzarrapo itxi bat duena. Hain zuzen ere, izokinarekin, Hammar margolariak antzinatetik udalerriak arrantzarekin eta Kemi ibaiarekin izan duen lotura adierazi nahi izan zuen; eta giltzarrapo itxiarekin, aldiz, herrigunea dagoen lekuaren garrantzia, sendotasuna eta gotortasuna irudikatu nahi izan zituen [42][43].

Ondasun nabarmenak aldatu

Keminmaa azken urteotan sortu den udalerria denez, kultura azpiegitura gutxi dauka; esanguratsuenak bi elizak dira, Lappiko kultura ondasunean distira berezia duten bi artelan. Dena den, udalerria berpizteko hainbat kultura elkarte sortu dira herrigunean. Besteak beste, Paavo Väyrynen politikari keminmaatarrak 2007. urtean sortu zuen Pohjantähti-opisto elkartea (euskaraz, «Ipar izar Elkartea»). Talde honek arrantza lehiaketak, orientazio ikastaroak eta folklore-dantza erakustaldiak antolatu ohi ditu urtero. Bestetik, aipatzekoa da Udalaren laguntzari, bizitako historiari eta eraikinen egituren berezitasunari esker, Kemijokiren ertzean dauden Liedakkala, Ala-Paakkola, Maula, Koroiskylä, Ilmola eta Hirmula herriak, eliza zahar eta berria, eta udalerriaren ekialdean dauden zelai eta belardiak udalerriaren ondasun eta herrialdeko monumentu izendatuak izan zirela 1993. urtean [44][45].

 
Keminmaako eliza berria udaran.

Lehen esan bezala, udalerriak ez du ez eraikin izugarririk, ezta turistentzat egundoko interesa piztu dezakeen beste lekurik ere, baina harrigarri, ezohiko eta bitxi egiten duten berezitasun ugari ditu. Hauen artean, ondoko bi eraikinak dira aipagarrienak:

Ospakizun bereziak aldatu

Martxoaren erdialdean udalerriko ospakizun bereziena izaten da, Rajalta rajalle lasterketa. 1984. urtetik urtero ospatzen den lehiaketa hau Tornio, Keminmaa, Ranua, Pudasjärvi, Taivalkoski eta Kuusamoko udalek batera antolatzen dute eta eskiatzaileek Suediako mugatik Errusiako mugaraino joan behar izaten dute. Herrialdean ospatzen den iraupen eskiko txapelketa garrantzitsuenetakoa izaten da. Paavo Väyrynen politikari keminmaatarrak 2007. urtean sortu zuen Pohjantähti-opisto elkarteak (euskaraz, «Ipar izar Elkartea») ere, kultur ekintza ugari antolatzen ditu hilabetero; besteak beste, aipatzekoak dira arrantza lehiaketak, orientazio ikastaroak eta folklore-dantza erakustaldiak [44][51][52].

 
Isohaara zentral hidraulikoa.

Ekonomia aldatu

Udalerria Kemi-Tornio Ardatzean dago, Lappiko erdigune ekonomiko eta industriala den azpieskualdean. Keminmaako ekonomia, zehazki, Kemiko industriari lotua dago hertsiki; hain zuzen ere, eremu industrializatuenak Keminmaaren mugan dauden Kemiko Ajos eta Karihaara auzoak dira. Bertan, Metsä-Botnia eta Stora Enso papergintzan eta zelulosa-oregintzan diharduten enpresen fabrika nagusiak eta Kemiko portua daude, Keminmaako ekonomian eragin zuzena dutenak [53].

50eko hamarkadan automatizazioa eta 90eko hamarkadan banku krisialdia jasan arren, eskualdearen diru-sarrera handienak papergintzari esker iristen jarraitzen dute; ez dago azpieskualdearen industria sarea papergintza gabe ulertzerik. Gainera, langile asko egunero Kemira joan behar izaten dute Metsä-Botnia eta Stora Enso enpresetan eta industria honen inguruko esparruetan lan egitera. Kemiko portuak ere izugarrizko garrantzia izan du betidanik azpieskualdearen garapenean; hain zuzen, 1869an Kemi sortu eta portua handitu zenean, ekonomiaren ezinbesteko azpiegitura bihurtu zen. Hauei esker, Kemi-Tornio Lappiko BPG per capita handiena duen azpieskualdea da; Finlandiako bosgarrena Mariehamn, Helsinki, Salo eta Loviisa ondoren [54][55].

 
Metsä-Botniaren fabrika.

Ez da ahaztu behar Keminmaan ere, Outokumpu Oyj enpresak 1968an Elijärvi meatzea ireki zuela, Europan irekirik dagoen kromita-meatze bakarra; gaur egun, 132 lagunen lantokia da. Gainera, energiaren behar astuna Kemi ibaiak asetu zuen aspaldi, bertan baitaude Isohaara eta Taivalkoski zentral hidraulikoak, 1949. eta 1976. urteetan sortu zirenak hurrenez hurren [56].

Inguruak gehien esportatzen dituen produktuak papera eta zelulosa-orea dira; inportatutakoak, aldiz, eskualde osorako beharrezkoak diren erregaiak eta pigmentuak. Inportazioen pisua esportazioena baino handiagoxea da, 2009an 1,13 milioi tona esportatu eta 1,17 tona inportatu baitziren. Kemi eta Tornio bizilaguneko portuak batuz gero, Finlandiako portu garrantzitsuenetako bat dira [57].

Lan egiten duten herritarren, hau da, herritar aktiboen banakaeta ondokoa da lan egiten duten sektorearen arabera (2008); keminmaatarren %38,6ak bigarren sektorean egiten du lan (%32,3ak industrian eta gainontzekoa eraikuntzan), %4,2ak baino ez du lan egiten basogintzan edota nekazaritzan, eta azkenik, %57,4ak hirugarren sektorean dihardu (%15,3a merkataritzan, %8,6a garraioan eta %33,5a gainontzeko zerbitzutan). Estatistika honek aurretik sumatzen zena egiaztatu zuen, alegia, industriak lanpostuen ehuneko handiena duen herrialde osoko udalerritako bat dela; izan ere, %32,3a oso ehuneko altua ez dirudien arren, kontuan hartu behar da, Finlandia, zerbitzu sektoreak indar gehien duen Europako herrialdea dela. Dena den, biztanleen azken urteetako joera, zerbitzuen mundurantz gerturatzea izan da. Gerturatze honen erruduna turismoa eta bizi-maila hobea izan dira hein handi batean, biek izan duten hazkuntzak lanpostu berriak sortu baititu [58].

Erreferentziak aldatu

  1. Pinta-alat kunnittain (Excel) 1.1.2017 Maanmittauslaitos. 2017.07.02
  2. a b Ennakkoväkiluku sukupuolen mukaan alueittain, elokuu 2017 Tilastokeskus. 2017.10.07
  3. Kunnan ilmasto Keminmaan matkailu. 2010.12.17
  4. Revontulten 2010.12.17
  5. Keminmaan ilmasto 2011.02.06
  6. Martimoaapan historia[Betiko hautsitako esteka] Martimoaapa, Luonto. 2011.01.19
  7. Martimoaapan luonto[Betiko hautsitako esteka] Martimoaapa, Luonto. 2011.01.19
  8. Elijärven kaivos Outokumpu Oyj. 2011.02.27
  9. Lapin esihistoria 2010.12.21
  10. Perämeren kansallispuisto Perämeren kansallispuisto, Luontoon. 2011.01.19
  11. Kemin seurakunta 2010.12.01
  12. Kemin sataman historiaa 2010.08.12
  13. Kemin historiaa 2010.12.02
  14. Suomen sotasurmat Historiaa. 2010.10.29
  15. Lapin historiaa 2010.11.02
  16. Lapin sota Rajajoki. 2010.11.02
  17. Kemin veritorstai 2010.11.29
  18. Elinkeinoministeriön tilastot[Betiko hautsitako esteka] 17.or. 2011.12.17
  19. Mining technology Outokumpu Oyj. 2011.02.26
  20. E75 Nelostie. 2010.12.29
  21. Valtatie 29 2010.12.29
  22. Veljekset Salmela 2010.12.29
  23. Linja-autoliitto 2010.12.30
  24. VR-Yhtymä Juna. 2010.12.29
  25. Kemi-Tornion lentoasema Finavia. 2011.01.25
  26. Keskusvirasto 2011.10.13
  27. Käynnissä olevat kuntajakoselvitykset 2010.11.29
  28. Suomalais-Venäläinen kauppakamari 2011.10.19
  29. Vaalien tulokset 2012 2012.10.28
  30. Tilaskokestus Suomen tilastotiede. 2011.02.04
  31. Tilastokeskus (Suomen tilastotiede)[Betiko hautsitako esteka] 2011.10.21
  32. Peter Franzén IMDb. 2011.10.21
  33. Kuvataiteilijamatrikkeli Ari Koch. 2011.10.21
  34. Hedman, Ossi: Kemin kaupungin historia. 2. osa. Kemi: Pohjolan Sanomat Oy, 1976. ISBN 951-99060-1-0
  35. Paavo Väyrynen Official. 2011.10.21
  36. Hannu Tihinen Palloliitto. 2011.10.20
  37. Keminmaan koulujen yhteystiedot Perusopetus. 2011.02.02
  38. Keminmaan lukio 2011.10.23
  39. Kemi-Tornion ammattikorkeakoulu TOKEM. 2011.02.03
  40. Länsi-Pohjan sairaanhoitopiiri 2011.10.22
  41. Keminmaan terveyspalvelut 2011.10.22
  42. Suomen kunnallisvaakunat. Suomen Kunnallisliitto, 137 or. ISBN 951-773-085-3..
  43. Keminmaan kunta Vaakuna. 2013.07.25
  44. a b Pohjantähti-opisto 2011.10.25
  45. 1993: Säilyttäminen lista Kemijoen ranta-asutus , Kemin maaseurakunnan kirkot Kemijoen kulttuurimaisemassa, Saavanojan niityt ja niittytuvat 2011.10.24
  46. a b Huusko, Jorma et al.: Lapin rakennusperintö. Oulu: Kirjapaino Oy Kaleva, 1984. ISBN 951-9152-74-1
  47. Lasmarkki 2011.10.24
  48. Kultturiymparisto Keminmaan kirkko. 2011.10.24
  49. Keminmaan seurakunta 2011.10.24
  50. Kulttuuriymparisto Keminmaan vanha kirkko. 2011.10.24
  51. Hiihtoseura Keminsuun Kisa 2011.10.25
  52. Rajalta rajalle 2011.10.25
  53. Keminmaa Talous- ja toimintasuunnitelma 2010-2012. 2011.10.24
  54. Stora Enso 2011.10.24
  55. Botnia Kemi. 2011.10.24
  56. Outukompu 2011.10.24
  57. Suomen satamat tilastot 2010.10.20
  58. Työllinen työvoima toimialoittain vuosina 2008[Betiko hautsitako esteka] Julkaisut. 30.or. 2010.12.29

Ikus, gainera aldatu

Tornio Tervola Tervola
Tornio   Simo
Botnia, Kemi Kemi Simo

Kanpo estekak aldatu