Belatz txikia (Falco columbarius) Falconidae familiako hegazti harraparia da.

Belatz txiki
Iraute egoera

Arrisku txikia  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaAves
OrdenaFalconiformes
FamiliaFalconidae
GeneroaFalco
Espeziea Falco columbarius
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Datu orokorrak
Masaarra: 162 g (helduen pisua)
emea: 212 g (helduen pisua)
Zabalera60 cm
Kumaldiaren tamaina4,2
Eguneko zikloaeguneko
Falco columbarius subaesalon

Ipar Hemisferioko belatz hau eskualde azpitropikal eta tropikaletara migratzen da[1]. Neguko bisitaria dugu belatz txikia, Euskal Herrira bertan biltzen diren hegazti txikiak ehizatzera etortzen dena. Harrigarria da hegan egiteko duen erraztasuna, abiadura handian eta mugimendu azkarrak eginez.

Deskribapena aldatu

Belatz txikia Europako belatzik txikiena da, 26-33 cm luzera eta 55-69 cm hego-zabalera dauka (Mullarney et al, 2010), baina munduko beste belatz txikiak baino sendoagoa da berau. Hegan belatz handiaren silueta berdina dauka: bular alde sendo eta zabala, hego zabala oinarrian baina oso mutur zorrotzekoa eta luzera ertaineko buztana. Halere, tamainagatik erraz desberdindu daitezke bi espezieok. Belatz txikiak, gainera, hegoak askoz ere azkarrago mugitzen ditu eta, zuhaitz belatzak bezala, honek ere hegan egitean mugimendu urduriak egiten ditu (Ferguson-Lees, et al, 2001; Mullarney et al, 2010).

Alde dortsala urdin apal nahiko homogeneoa da ar helduetan, eta arreak orbain argi nabariagoekin eme eta gazteetan (orbanak arretan ere ikus daitezke, hauek lumak zabaltzen dituztenean batik bat). Ar helduek, gainera, buztanean banda beltz bakarra daukate (puntan), baina emeek eta gazteek buztana banda beltzez betea dute (5 inguru). Beheko aldetik ikusita, arretan kolore laranja da nagusi, eta eme eta gazteetan kolore zurixka. Ez dute ia biboterik. (Cramp et al, 1980; Mullarney et al, 2001).

Beste hegazti harrapari gehienetan bezala, espezie honetan ere dimorfismo sexuala agerikoa da, emeak arrak baino handiagoak eta pisutsuagoak baitira (150-210 g) (White, 1994).

Taxonomia aldatu

Europar eta amerikar espezimen artean ezberdintasun batzuk daude eta zalantzan dago espezie bera direnentz. Hona hemen talde bien aspiespezieak:

  • Amerikar multzoa
    • Falco columbarius columbarius Linnaeus, 1758
    • Falco columbarius richardsoni Ridgway, 1871
    • Falco columbarius suckleyi Ridgway, 1873
  • Eurasiar multzoa
    • Falco columbarius/aeasalon aeasalon Tunstall, 1771
    • Falco columbarius/aeasalon subaesalon C.L. Brehm, 1827
    • Falco columbarius/aeasalon pallidus (Sushkin, 1900)
    • Falco columbarius/aeasalon insignis (Clark, 1907)
    • Falco columbarius/aeasalon lymani Bangs, 1913
    • Falco columbarius/aeasalon pacificus (Stegmann, 1929)

Kantua aldatu

Nahiko isila da, baina norbait habiara gerturatzean kikikiki moduko alarma kantu bat egiten du.

Banaketa aldatu

Belatz txikia ipar-hemisferioko belatza da; Ipar Amerikan, Europan eta erdialdeko Asian bizi da. Negua igarotzera hegoaldera bidaiatzen dute, baina ez dira hego-hemisferioaraino iristen (Europako populazioak Europako erdialde eta hegoaldean igarotzen dute negua) (Cramp eta Simmons, 1980; SEO/BirdLife, interneten). Iberiar Penintsulan lautada zabalak hobesten dituenez Iberiar goi-lautadan aurki daiteke batez ere, baina banaketa eremu horren mutur batek Euskal Herrira ere ukitzen du (Noval, 1967; SEO/BirdLife, interneten)

Garaia aldatu

Belatz txikia Euskal Herrira negua igarotzera etortzen da. Lehendabiziko aleak abuztuan iristen hasten dira, baina gehienak urrian etortzen dira. Ondoren, otsaila eta apirila artean hasten dira berriro ere Europa iparraldera alde egiten.

Habitata aldatu

Esan bezala, belatz txikiek lautada zabalak hobesten dituzte, gehienez ere zuhaixkez osatutako inguruneak. Hori dela eta, mendialdeak ekiditen ditu eta zekale-soroetan, hezeguneetan edota mosaiko-paisaietako zuhaixka inguruetan ohikoa da. Hala ere, taigan eta gure inguruko basoetan ere ikus daiteke (White, 1994).

Jakina da belatzek ez dutela habiarik egiten, eta belatz txikiek habia lurreko zuloren bat probestuz egiten du, batez ere txilardien babesa bilatuz. Batzuetan beleek utzitako habiak erabiltzen ditu. (White, 1994).

Elikadura aldatu

Hegazti txikiak jaten ditu batez ere: txonta arruntak (Fringilla coelebs), arabazozo beltzak (Sturnus unicolor), hegatxabal arruntak (Alauda arvensis), txirtak (Anthus sp.), ipurzuri arruntak (Oenanthe oenanthe), txolarreak (Passer sp.) mikak (Pica pica)... (Sunyer eta Viñuela, 1990). Hauek hegaldi azkar eta baxuak eginez harrapatzen ditu, askotan lurretik metro eskas batera.

Ugalketa eta ontogenia aldatu

Arrautzak maiatza eta ekaina artean erruten dira, kolore apaleko eta orbain arre-gorrixkaz beteriko 3-5 arrautza bitartean izaten dira. Arrautzok 28-32 egunetan zehar inkubatzen dira, emeak batez ere, baina jaio ondoren arra zein emea arduratzen diren habiaraino janaria eramateaz. Heldutasuna jaio eta 30 bat egunetara lortzen dute (SEO/BirdLife, interneten).

Bizimodua aldatu

Hegazti monogamoa da, ugalketa garaian behintzat (White, 1994). Espezieen arteko elkarrekintzak

Antzeko espezieak aldatu

  • Belatz handia (Falco peregrinus): Tamainagatik erraz bereiz daitezke. Belatz handia, izenak salatzen duen bezala, handiagoa da. Gainera, belatz handiaren hegakera sendoagoa da eta ez da belatz txikiarena bezain bizia.
  • Zuhaitz-belatza (Falco subbuteo): Zuhaitz-belatza eta belatz txikia oso antzeko kolorazioa dute, baina belatz txikiak ez du sabelaldean zuhaitz-belatz helduek duten kolore gorria. Gainera, proportzioak ere desberdinak dira, zuhaitz-belatzak proportzionalki hego meheagoak eta luzeagoak baititu.

Kontserbazioa aldatu

Mundu mailan IUCN erakundeak mehatxurik gabe sailkatu du belatz txikia oso eremu zabalean aurki daitekeelako, populazioa nahiko handia delako eta ez delako beherakada nabarmenik ikusi. Halere, habitataren galerak eta pestiziden erabilerak espezie hau asko kaltetzen dute (SEO/BirdLife, interneten).

Erreferentziak aldatu

  1. del Hoyo, Josep; Elliott, Andrew & Sargatal, Jordi. Volume 2: New World vultures to Guineafowl. in: Handbook of Birds of the World. Bartzelona: Lynx Edicions ISBN 84-87334-15-6..