Zerrenda:Elodie Baffalioren bidelagunak

Elodie Baffaliok pianoarekin izandako esperientziarik aberasgarriena inprobisazioa izanik, berau bilakatu da, hain zuzen ere, Elodieren lan ildo esanguratsuena. Honetara heltzeko bidelagun izan ditu jarraian zerrendatutako musikariak:

Lehenik, Patrick Defossez Baionako kontserbatorioko irakaslea erabakigarria izan zen, bere bidez izan baitzuen inprobisazio generatiboaren ezagutza eta sarbide. Aldi berean, Angélique Fullin erakasle erretretadunarekin izandako klase partikularretan inprobisatzeko beste erak ikasi zituen.

Parisen, Alex Grilloren taldekako saioetan parte hartu zuen, eta berari esker beste musikariekin inprobisatzen hasi zen. Frédéric Blondy eta Jacques Didonato ere lagungarri izan ziren "free"-inprobisaketaren unibertsoa jorratzeko, beraiekin burututako tailerrak direla medio.

Horrez gain, Joëlle Léandre eta Evan Parker inprobisatzaileekin egindako saio kolektiboak zinez azpimarragarriak izan ziren musikari lanbideari begira.

Azkenik, bat-bateko antzerki-musika entseatu zuen Hélène Breschand-ekin, honek eskaintzen zituen taldekako klaseetan.