Zerrenda:Antzuolako uholdeak

Antzuola ibaiak hainbat uholde ekarri dizkio Gipuzkoako Antzuola herriari:[1]

1588-07-04 aldatu

Idatziz jasotako lehena izan zen hau. Testuari jarraituz, egoera horren erruduna “nuestros pecados” izan omen ziren. Ur handi hauek eragindako kalteen artean, berriz, zubiak izan ziren kalte handiena jasandakoak: Azparrundi (Beheko errota), Ubero eta Arriagakoak (Kalebarren) batez ere, hauek urak eraman zituzten eta. Baina hondatutakoen artean, Ugarte eta Bizkalatzako errotak ere egon ziren. Inkomunikazioa ere eragin zuen, Bergara joateko bidea moztuta geratu zelako. Oruesagastiko (Usasti) etxean ere zulo handi bat eragin zuen ur jasanak. Beraz, kaltea egina zegoenez, kontsolamendu bakarra otoitz egitea zen, eta hori egitea bada aholkatu zuen elizak: “y siendo hoy día de San Martín (sic), se pide una oración”.

1812-12-15 aldatu

Ez dago uholde erraldoi honen testimonio idatzirik. Erraldoia izatearen hipotesia, honetaz dagoen datu bakarretik dator, Ondarren kokatuta dagoen Amarrandegiko etxearen eskuin aldean, Ondarreko iturri aldera, kokatuta dagoen inskripzioagatik. Beraz, horraino errekako ura iritsi bazen, herriko plazatik beherako auzoetan izandako hondamendia itzela izango zen.

1834-06-30 aldatu

1834koa, segur aski Deba bailarak historian zehar izan duen uholderik gogorrena izan zen. Triskantza ikaragarria eragin zuen eta baita hildako asko utzi ere. Hain handia izan zen, ezen garai hartako kronikariek ere, garrantzitsuena agian Pablo Gorosabel tolosarrak Gipuzkoari buruz idatzitako liburuan adierazitakoa, aipatzen dutela letra handiz gertaera itzel hura.

Antzuolan urak 2 errota, 7 zubi eta 7 eraikuntza eraman zituen, eta beste 4 zubi eta 16 eraikuntza puskatu. Hildakoak 6 izan ziren.[2]

1892-02-03 aldatu

Herriko plazan errekak salto eginez, Kalebarrenetik San Bartolome baseliza (Altzarte aurrean zegoena) ingururaino iritsi zen ura. Beraz, orduan ere kalteak izan ziren. Horietako bat, urak plazan eragindako zulo handi bat, gastu dezente eragin zuena. Hargin lanak Pedro Galfarsorok egin zituen zulo hori estaltzeko, eta Ronaldo Garciak, eta bere semeak, burdinsarea jarri zuten babesteko. Guztira, ia-ia 700 pezeta gastatu zituen Udalak konponketa hauek ordaintzen.

1940-08-01 aldatu

Honen deskribapena, bere garaian Simon Artolazabal zenak esandakoetan oinarrituta dago:

« Uda garaiko eguraldi sargorixa zan egun hartakoa. Ematen zeban eguraldixak ez zebala bukaera onik izango. Astiro-astiro hasi ziran laino tontorrak agertzen, eta poliki-poliki zerua tapatzen. Hodia, Arrola-Koroso inguruan osatzen hasi zan, eta ilun jartzen hasi zan. Herriko parrokixaren erlojuak bostak jo zittuenian, haize zakar, handi bat hasi zan. Horrekin batera, oinaztarri, trumoi,… eta sekulako eurixa botatzen hasi zan Arrandaittik hasitta. Bertako errekak, eta Irain erreka, ur gainezka etortzen hasi ziren, eta txarrena pentsatuz-edo Irimo baserriko Felix aintzintzika jaitsi zan herrira zer zetorren abisua pasatzera. Baina, berandu samar zen, ordurako errekako urak ikaragarriak ziren. Beti bezala, urak gainezka egin zeban plazan, eta bidea jarraituz Kalebarrenera joan zan. Elizpera ere sartu zan ura, eta Ostatuko lehendabiziko bentanak ere estali zittuan. Kalteak handixak izan ziran. Adibidez, Isidoranekoei jenero guztixa urak eraman edota hondatu zeban. Elizpean be bi txarri agertu ziran, urak eramanda, baina buztiko ziralakoan-edo eliz barruan sartu ziren. Kalebarrengo etxeak izan ziran kaltetuenak, beti gertatzen dan bezala, eta batez ere Miota etxia zana. Adibidez, etxe honek ateburuan, eta lurretik 1,80 metrotara nitxo bat zeukan, Karmengo Andre Mariari eskainita. Bada, irudi hura lurrean azaldu zan. Ostatu etxeak be kalte handxiak izan zittuen, eta pieza bakarrakin egindako egurrezko mostradore handi bat be urak eraman zeban. Eta hainbesteko balorea zaukan jabearentzat mostradorak, bila eta bila ibili ondoren, Osintxun aurkitu zebala... »

1977-05-31 aldatu

Maiatzaren azken egun honetan sekulako euritea izan zen herrian, eta horren ondorioz, horrelako egoeretan gertatzen den bezala, urak salto egin zuen herriko plazara, inguruko etxeetara ura sartuz. Hala ere, ez zen kalte handirik izan.

1983-08-26/27 aldatu

1988-07-19 aldatu

1992-06-23 aldatu

2018-06-03 aldatu

Erreferentziak aldatu