Zein polita den Panama

Zein Polita den Panama! (Oh, wie schön ist Panama) Janosch idazle eta ilustratzaile alemaniarrak 1978.urtean argitaratutako liburua da. Bertan, abentura handi bat bizi dute tigre txikiak eta hartz txikiak bere etxearen inguruan, Panamarako bidean. [1]

Zein Polita den Panama!
Datuak
IdazleaJanosch (2010)
Argitaratze-data1978
GeneroaFikzioa
Jatorrizko izenburuaOh, wie schön ist Panama
HizkuntzaAlemaniera
ArgitaletxeaPamiela
HerrialdeaAlemania
IlustratzaileaJanosch
Orrialdeak52
ISBN978-84-7681-646-2 ISBN 978-84-7681-646-2
Euskaraz
IzenburuaZein Polita den Panama!
ItzultzaileaAinhoa Irazustabarrena Barriola
Argitaratze-data2010
Datu gehigarriak
6 urtetik aurrera

Argumentua aldatu

Tigre txiki eta hartz txiki pozarren bizi dira haien etxean, denetik dute bizitzeko eta zoriontsu dira elkarrekin. Baina, egun batean, hartz txikia egunero lez arrantzara joan, eta ezustean "Panama" idatzita dagoen kutxa bat aurkitzen du ibaian barrena, banana usain liluragarria dariola. Orduan, hartz txikia etxera joan eta Panamara joateko ametsa kontatzen dio tigre txikiari. Ilusio handiz ekingo diote haien inguruaren berrikusketari, haien arteko laguntasunaz eta bideko edertasunaz gozatzen egingo dute bidea.

Panamarako bidea zein den ez dakitenez, bidean aurkitzen dituztenei galdezka hasten dira bidea egiten, sagu bati, azeri bati, behi bati eta beste hainbat animaliari galdetzen diete ea Panamarako bidea zein den, eta guztiek erantzun berbera ematen diete. Haien lurrei ia buelta osoa ematen dietenean, txori batekin egiten dute topo, eta zuhaitz batera igo eta haien ustetan Panama ikusten dute ibaiaren beste aldean, ohartu gabe haien betiko bizitokia dela. Liluraren liluraz, etxe bat aurkitzen dute (haiena zena), atondu, eta bertan gelditzen dira betiko bizitzen, poz-pozik eta inoiz baino zoriontsuago. Kontakizun alaia da, adiskidetasuna aldarrikatzen duena; aldi berean protagonistek abentura handi bat bizi dutelarik[2]

Testua eta Irudiak aldatu

[1] [3]Autorea da ilustrazioen eta pertsonaien eta narrazioaren bilakaera josten dituena, estetikari nahiz narrazioari garrantzia handia emanez. Testuarekin batera dauden irudiek naturako koloreak dituzte, eta ur margoz eta tinta-idazkailuz eraikiak zuzen doaz irakurlearen begietara. Ilustrazioak, testuaren osagarri eta kontaketaren menpe jarriak, mezua eraikitzeko parte dira. Liburuko atal guztiak, irudiak zein testuak, osotasun narratibo bat osatzen dute, letra tamainak eta honen koloreen aldaketak ere narrazioan garrantzi handia hartzen duelarik.

Gaiak aldatu

Haur eta Gazte Literaturako ipuin klasiko honetan, umorea, baikortasuna eta xalotasuna ageri dira, protagonistek bizi duten abenturaren barnean. Gainera, protagonistak gizatiartutako animaliak dira, eta hauen bidez adiskidetasunaren goraipamena egiten da. [3]

Idazlearen inguruan aldatu

Janosch (Hindengurb, Alemania, 1931 —egun Zabrze, Polonia)

Janosch de Horst Ecker-en ezizena da. Izen artistiko hori hartu zuen bere lehen editoreak bultzaturik. Haurtzaro zail baten ondotik, gazterik hasi zen lanean, errementari eta sarrailari gisa. II. Mundu Gerraren ostean, bere familia Mendebaldeko Alemaniara joan zen, eta oihal-lantegi batean hasi zen lanean. 1953an Munichera joan zen, eta aldi batez Arte Ederretako Eskolan ikasi zuen. Gero artista independente gisa hasi zen lanean, eta 1960an bere ibilbide artistiko eta literarioari hasiera eman zion liburua argitaratu zuen. 300 lanetik gora ditu, 70 hizkuntzara itzuliak, eta sari ugari jaso ditu. 1979an argitaratutako Zein polita den Panama! ipuinak eman zion nazioarteko ospea. 1980az geroztik Tenerifen bizi da, eta haurrentzako liburuak, narratiba, antzezlanak eta animazio-lanak idatzi eta irudiztatzen ditu. Osagai autobiografikoak dituen eleberriren batere idatzi du helduentzat, eta idazle esanguratsuen testuak ere irudiztatu ditu, hala nola Charles Bukowskirenak. [4]

Liburu-seriea aldatu

Liburu honetako protagonista berberak erabilita, autoreak beste hainbat liburu argitaratu ditu[4]:

Telesaila aldatu

Liburu serieak izandako arrakastaren harira, Alemanian Tigre txiki eta Hartz txiki protagonista zituen telesail bat sortu zen (alemanieraz, Janoschs Traumstunde – Der Bär, der Tiger und die anderen). 1986 eta 1990 urteen artean emititu zen, 2 denboraldi eta 26 kapitulu izan zituelarik. Bertan, liburuetako istorioak kontatzen ziren, baina pixka bat luzatuta. Hala ere, hainbat kapitulutan istorio labur batzuk asmatu ziren, pertsonaia nagusiak mantenduta[5].

Telesaileko istorioak modu sinple eta erraz batean egon ohi ziren kontatuta; 3 eta 6 arteko haurrentzat zeuden bereziki zuzendurik. Hala ere, pertsonaien eta istoriaren umore zantzuak publiko zabalago batentzat ere egokia egin zuen seriea. Arrakasta handiko telesaila izan zen, hainbat hizkuntzetara itzulia, horien artean gaztelania[5].

Erreferentziak aldatu

  1. a b «Galtzagorri Elkartea» www.galtzagorri.eus (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
  2. «Indices: autor 'JANOSCH' :: bienvenidosalafiesta ::    » www.bienvenidosalafiesta.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
  3. a b Mercero, Imanol. «Haur literaturaren gako bat» Berria (Noiz kontsultatua: 2020-03-19).
  4. a b «Editorial Pamiela - Autores Janosch» pamiela.com (Noiz kontsultatua: 2020-03-24).
  5. a b (Gaztelaniaz) El oso, el tigre y los demás. 2019-09-07 (Noiz kontsultatua: 2020-03-24).