Wikipedia:2024-2027 egitasmoa

Orrialde honetan Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak 2024-2027 tartean Eusko Jaurlaritzaren laguntzaren bidez egingo dituen ekimen nagusiak aipatzen ditugu. Orain arte egindako dinamika arrakastatsuan sakontzeko helburua dugu, erronka eta zerumuga berriak jarrita.

Artikulu zerrendak hobetzea

aldatu

Azken urteotan 12-16 urteko ikasleek behar dituzten artikuluak hobetzen aritu gara, emaitza ikusgarriekin. Azken bi urteotan beste helburu batzuk ere abiatu ditugu, nabarmen Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 eta 10.000 artikuluak hobetzea, baina ez da hori izan erronka bakarra. Hurrengo lau urteotan fase berrian sartuko gara artikulu sorta batzuen hobekuntzan. Laburrean, gure helburuak izango dira 500.000 artikuluen langa gainditzea, Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluek 30.000 byte baino gehiago izatea, Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluetan 10 hizkuntza onenen artean egotea, emakumeen presentzia handitzea biografien herena gaindituz eta Txikipedian corpus esanguratsua osatzea. Orain arte bezala, hezkuntza komunitatearekin zein wikilariekin egingo dugu, erronka zehatzen bidez, edo esfortzu masiboekin.

500.000 artikulu eta 100 milioi hitz helburu

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Wikiproiektu:500.000 artikulu»
500.000 artikulura heltzeko bidea
Zer egin dugu?
21.776 / 74.813
Non egon beharko ginateke?
15.987 / 74.813

Azken urteotan artikuluen sakoneran zentratu gara, kopuruan baino gehiago. Askotan argudiatu dugunez, artikulu sorta handi bat izatea teknikoki erraza da, sorkuntza automatiko bidez posible delako hutsalak diren ehunka mila artikulu sortzea. Horrelakoak egin izan ditugu, eta badira soilik horrela sortutako entziklopediak ere, Cebuanozko Wikipedia bezala, leku izenak eta intsektuak biltzen dituen 6 milioi artikuludun entziklopedia. Azken urteotan, bereziki artikuluen sorrera automatizatu horren ondorioz, hainbat hizkuntzek gainditu gaituzte hizkuntzen ranking orokorrean. Ez da porrota (ez zelako gure helburua), baina orain sei urte hezkuntza programarekin hasi ginenean 30. postuan geunden, eta 34.ean gaude 2024aren hasieran. Tartean, ehunka mila artikulu egin dituzten hizkuntza batzuk daude; kontrara, turkiera dago, gobernuak ezarritako itxiera gainditu ostean hazkuntza izugarria izan duena.

Azken lau urteotan, gutxi gorabehera, 20.000 artikulu inguru gehitu ditugu urtero. 2024aren hasieran 425.000artikulu genituen eta, beraz, espero behar dugu 2027 amaitzen denerako 500.000 artikuluen muga gainditzea, baina ez du zertan: horretarako landu gabeko esparruak aurkitu behar dira, eta aurretik azaldu dugun bezala, kalitatea eta kopurua maiz lehian sartzen dira. Gure erronka izango da, beraz, milioi erdi artikuluen muga gainditzea proiektu honen baitan.

Kalitatea ziurtatu behar dugu, hala ere. Azken urteotan artikulu kopurua baino azkarrago hazi da hitz kopurua. Hau da, artikuluak batez beste, gero eta luzeagoak dira. 2022aren hasieran 170,63 hitz genituen artikuluko (65.893.785 hitz guztira) eta gaur egun 192,95 hitz artikuluko (82.027.733 hitz). 500.000 artikulu lortu baino lehen izan beharko genituzke 100 milioi hitz, 200 hitz artikuluko langa gaindituz.

Hurrengo lau urteotan, beraz, bi marka horiek gaindituko ditugu, hazkuntza kopuru zein hedapena aldi berean landuta. Euskarak galdutako postu batzuk berreskuratzea posible ikusten dugu, nahiz eta beste hizkuntzek ere hazkuntza izaten jarraituko duten.

Wikipedia guztiek izan beharreko 1.000 artikuluak

aldatu
2024ko iraila
79,88 / 100
Laburrak47 (-16)
Ertainak287 (-2)
Luzeak666 (+18)
Posizioa14 (=)
Amaitzeko beharko genuke
1 urte eta 7 hilabete
aurreko hilabeteko erritmoan.
1 urte eta 10 hilabete.
azken 12 hilabeteetako erritmoan.

Azken lau urteotan zerrenda honetan postu gehien gora egin dituen hizkuntza izan da euskara, 2024aren hasieran 18. posturaino iritsi baikara. Hortik gora gero eta zailagoa da iristea, gainetik dauden hizkuntzek oso entziklopedia sendoak baitituzte. Hala ere, hurrengo lau urteotan zerrenda horretan gora egiteko apostua egingo dugu, lau urteren buruan 1.000 artikuluak 30.000 bytetik gora jarrita eta, beraz, lehenengo 10 Wikipedia onenen artean sailkatuz.

2024aren hasieran 1.000 artikuluetatik 486 baino ez ziren 30.000 bytetik gorakoak. Aurreko urteko erritmoan jarraituz, egingarria izango litzateke bi urteren buruan, baina erritmoa bereziki bizia izan da 2023an. Horregatik uste dugu lau urtetan erronka egingarria dela.

Zer lortuko genuke erronka hau beteta? Dudarik gabe, euskarazko Wikipediaren erabilgarritasuna handitzea, baina bestetik badira neurketa hauek erabiltzen dituzten enpresak euskararen garrantzia zein den ikusteko. Funtsezko artikuluetan sakontzeak hobekuntza ekarriko du bai euskararen prestigioan, bai presentzian.

Wikipedia guztiek izan beharreko 10.000 artikuluak

aldatu
2024ko urria
66,54 / 100
Sortu gabe0 (-2)
Laburrak5.869 (-54)
Ertainak1.645 (+12)
Luzeak2.486 (+42)
Posizioa17 (+1)
Amaitzeko beharko genuke
14 urte eta 11 hilabete
aurreko hilabeteko erritmoan.
15 urte eta 11 hilabete
azken 12 hilabeteetako erritmoan.

Aurreko erronka zaila bada, hau are zailagoa da. Euskarazko Wikipedia izan da funtsezko 10.000 artikuluen zerrendan gorakada handiena izan duena, bereziki 2022an egindako lanari esker. Hala ere, 2023an ez genuen gehiegi aurreratu, zaila baita erronka guztiei aldi berean erantzutea.

Baina horretarako gaude, erronkak bideratzeko. Euskarazko Wikipedia gaur egun dagoen 18. postutik gaur egun 10. hizkuntzak duen puntuazioraino igotzeko erronka hartuko dugu. Gaur egun euskarak helburu osoaren %66,64 egina du, ia bi heren. Urtero %3,3 hobetuz gero lortuko genuke lau urteren buruan %80ko arrakasta maila, gaur egun alemanak duen mailatik oso gertu. Helburu hau da dokumentu honetan proposatzen dugun zailena, ekinbide konstantea eskatzen duelako artikulurik laburrenak hedatzen, eta euskaraz ia inoiz idatzi ez den gai batzuen inguruan sakontzen. Eskolen eta unibertsitatearen parte-hartzea beharko dugu, dudarik gabe. 2025ean egingo den Euskaraldia aurrera egiteko aukera ona izan daiteke, nolabaiteko maratoi erraldoi bat proposatuz artikuluen hobekuntzarako, sarean euskararen presentzia handitzeko.

Emakumeen presentzia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Wikiproiektu:30.000 emakume»
30.000 emakume
22.015 / 30.000
Gaur egun (2024-10-28)
Emakumeak21589 (zis)
426 (trans)
2024ko urtarriletik+4453
Falta dira7.985
(egunero 7 egin behar dira edo 1 urte eta 27 aste oraingo erritmoan)
Gizonak47626 (zis)
29 (trans)
2024ko urtarriletik+2727
Beste generoak104
Emakumeak %33 izateko bidea
Ehunekoa%31,55 (+ 3,48)
3,48 / 4,93

Entziklopedia guztietan gizonezkoen presentzia handiagoa da emakumeena baino, eta euskarazko Wikipedia ez da ezberdina. Azken urteotan WikiEmakumeok bezalako taldeek eta EWKEk bultzatutako ekimenek lortu dute buelta ematen hastea, milakaemakumeren biografiak gehituz Wikipedian. Hurrengo urteotan ere ildo beretik jarraituko dugu, lortu arte, gutxienez, biografien herena emakumeenak izatea.

2024aren hasieran euskara da emakumeen biografia gehien dituen 25. hizkuntza, 17.175 guztira. Gizonezkoak 44.912 dira. 2027aren amaieran 30.000 emakume eta 60.000 gizon inguru izateko erronka izango dugu, gutxi gorabehera emakumeak biografia guztien herena izanda, gizonezkoen biografien hazkuntza ere gelditu gabe. Izan ere, erronka askoz errazagoa izango litzateke kontrakoa eginda: soilik emakumezkoen biografiak sortuta, baina hazkuntza hori ez litzateke naturala izango.

Emakumeen presentzia gaietan ere bultzatuko dugu. Hurrengo lau urteotan emakumeen osasunari buruzko lantalde bat sortu nahi dugu unibertsitateko ikasleekin batera, orain arte liburuetatik at egon den gai zabal hau hobetuz.

Txikipediako corpusa

aldatu

Txikipediaren hazkuntzak jarraitzen du, eta azken urteotan norabide zehatza ere eman diogu Ikastolen Elkartearekin edo Ingurugelarekin egindako kolaborazioen bidez. Hala ere, corpus hobea sortzeko erronka ere badugu. Lau urte barru Txikipediak 10.000 artikuluen muga gaindituko du (Wikipedien erdiak ez du muga hori gainditu oraindik), eta artikuluen herena, gutxienez, entziklopedia guztiek izan beharreko artikuluak izango dira (Wikipedien bi herenak ez du muga hori gainditu). Zerrenda horretako artikulu guztiak egiteak ez du zentzurik, gai batzuk 8-12 urteko ikasleentzat urrunegiak edo absurdoak direlako, baina hautaketaren bidez lortuko dugu corpus minimoa sortzea.

Bestetik, Ikasi Otsorekin bezalako ekimenek erakutsi digute kalitatezko gehigarriak ere sortu ditzakegula Txikipediarako. Kolaborazio honekin jarraituko dugu, artikuluak ilustratuz eta komiki guztietara errazago heltzeko bideak ikertuz. Azkenik, Txikipedian ezagutza lokala ere bultzatuko dugu, eskolen bidez. Curriculum lokala hobetzeko tresna interesgarria da, eta oraindik Euskal Herriari buruzko gai asko falta dira.

Euskal Herriaren ezagutzan sakondu

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Wikiproiektu:Euskal Herria»

Euskarazko Wikipediak Euskal Herriari buruzko ezagutza librearen gune zentrala izan beharko luke. Orain arte euskal gai ugari landu ditugu, eta curriculumari buruzkoak ere sendo daude, baina oraindik badago lana egiteko.

Neurgailu zailak dituen eremua izanda, lehenengo urteko erronka izango da horiek sortzea. Nola neurtuko dugu Euskal Herriari buruzko ezagutza? Zeintzuk dira hutsune nagusiak? Gai honek urtebeteko lana beharko du ebazten. Hortik aurrera, urtero hobekuntza zehatzak planteatuko ditugu, urteko txostenean agertuko direnak.

Aurreko puntuetan ez bezala, nolabaiteko ezagutza unibertsala bilatuz sortu ditugunak, honek modu transbertsalean ere eragingo die beste gai batzuei. Euskal emakumeen biografiak hobetzea, Txikipedian gertuko gaiak egotea, Euskal Herriko historian sakontzea, euskal ikerlarien lanak ikustaraztea eta gure geografia hobeto ezagutzea izango dira helburuetako batzuk. Ikusgelan ere Euskal Herriari buruzko ezagutzan sakonduko dugu (ikus beherago) eta GLAM insituzioekin egiten dugun lanetako batzuk horretara ere bideratuko ditugu. Euskal ondareari buruzko datu-baseak hobetuko ditugu eta testigantza grafiko gehiago jaso (ikus, beherago, "Euskal Herriko historia 100 objektutan" izeneko ekimena).

Euskal Kulturaren Transmisioa lantzen duten eragileekin ere elkarlan berriak egingo ditugu, eta euskal diasporarekin lan egingo dugu euren historia ere Wikipedian egon dadin. Euskarari buruzko ezagutza ere hobetuko dugu teknologiari esker, Wikidatako lexemetan edo Wikiztegian.

Azkenik, Etxepare Institutuarekin lan egin nahi dugu euskal kulturako elementu batzuk beste hizkuntzatan ere ikusgarri izan daitezen.

Beste helburu batzuk

aldatu

Orain arte helburu oso zehatzak ezarri ditugu, baina badago aukera beste batzuei ere heltzeko. Hemen aipatzen ditugu adibide batzuk:

  • 2023an lehen aldiz ospatu genuen Asiaren Hilabetea, Palestinari buruzko informazioa nabarmen hobetuz. Esperientzia ona izan da, eta aurrera begira errepikatzeko modukoa, beste wikilari talde batzuekin elkarlana sustatuz. Urtero Asiako herrialde bat hartuko dugu, eta bertako wikilariekin eduki trukea egitea proposatu, Euskal Herriari buruzko informazioa beste hizkuntza batzuetan emanez, eta euskaraz Asiako herrialde horrena.
  • Udaberrian, Lurraren Egunarekin batera, ingurumenari buruzko lankidetzak egiten dira nazioartean. Urtero gai ezberdin bat izan ohi da, eta euskarazko Wikipedian hori ere sustatuko dugu.
  • Aniztasunari buruzko lana ere areagotu nahi dugu. Euskarazko Wikipedian LGBTQ+ biografia kopuru erlatiboki ona dago, baina ez dakigu horiek egoki idatzita dauden, eta bertan jasotako ikuspuntua onena den biografia horiek islatzeko. Nazioartean egin dira lan batzuk estilo liburu modukoak finkatzeko, baina euskaraz ez dugu halakorik egin. 2024-2025 tartean interesa izan dezaketen kolektibo, wikilari eta norbanakoekin estilo liburu bat sortzeko lana hartuko dugu, aniztasun hori hobeto islatzeko eta lantzeko.

Ikusgela

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Atari:Hezkuntza/Ikusgela»

Ikusgelak 2024a 50 bideorekin hasi du, eta lau urteren ondoren, 250 bideo izango ditu, gutxienez. Bi urteko ibilbidearekin, lehen fasea itxi da: proiektua aurkeztearena. Hemendik aurrera bigarren fase batean sartzen da, kontsolidazio eta erreferentzialtasun aroan. Proiektuak indarra hartuko du, behin bilduma esanguratsu batekin, bestelako elkarlanak eta zabalpen estrukturalak egiteko aukera izango da.

Oraingoz sei sail daude abian (filosofia, ekonomia, ingurumena, euskal kultura, erronka digitalak eta zortziko txikian). 2024an beste lau jarriko dira martxan: literatura unibertsala, historia, zergatik gertatzen dira gauzak? eta gure arbasoak. Horrela, 10 sail izango ditu 2025erako. Urtero ez dira guztiak martxan izango, baina aurreikuspena da guztiek izatea, gutxienez, 2-3 denboraldi. Horiez gain, urtero sail berriak martxan jartzea da asmoa.

  • 2024-01 - 50 bideo 6 sail
  • 2025-01 - 100 bideo 10 sail
  • 2026-01 - 150 bideo 12 sail
  • 2027-01 - 200 bideo 13 sail
  • 2028-01 - 250 bideo 14 sail

Aro hau amaitzerako, izango ditugun 250 bideoek, Wikipediako 1.500 artikulu hornituko dituzte. Euskara Wikimedia Commons-en azpitituluak dituzten bideo kopuruari begira, 6. postuan izango da, ingelesa, gaztelania, frantsesa, errusiera eta alemanak bakarrik gaindituta, eta txinerarekin lehian.

Nazioartekotza

aldatu

Ez da proiektuaren helburu nagusia, baina bideo libreek ibilbidea egin dezakete beste hizkuntza komunitate batzuetan, eta hor, dagoeneko hainbat lankidetza aukera ikusi dira.

Lehena, bideoak azpititulatu eta euskarazko bideoak zabalduz, hizkuntza aniztasunerako paradigma baten aldeko alea jartzea da, horretarako erdaretako Wikipedia komunitateen laguntza izan dugu orain arte, eta hori gutxinaka sustatzea da asmoa. Oraintxe bertan Ikusgelako bideoek hizkuntza hauetako azpitituluren bat dute gutxienez: ingelesa, gaztelania, frantsesa, hausa, bengalera, arabiarra, turkiera, esloveniera, gaelikoa, grekoa eta errusiera. Bide horretan sakontzea interesgarria dela iruditzen zaigu, adi izango gara adimen artifizialak sortutako aukera berriei ere.

Bigarrena, eduki libreen ekosisteman, sortutakoak bikoizteko aukera da. Katalanekin prototipazio bat hasi genuen iaz, sei bideo bikoiztu zituzten, eta 2024an filosofiako beste zortzi bikoizteko interesa dute.

Azkenik, oraindik ireki ez den aukera bat izanda ere, bikoizketaren ostean koprodukzio aukerak egon daitezke. Horrela, nazioarteko funtsen bidez hainbat hizkuntza gutxiagotuetako kideok oinarria partekatu dezakegu, eta bakoitzak, ondoren, bere hizkuntzara moldatu. Produkzio kosteak txikituko lituzke horrek, eta sail guztietarako erabilgarria ez den formula izan arren, lau urte hauetan aztertu beharrekoa formula da, prototipazio bat egiteko behintzat.

Ikas-egoeren sorrera

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Atari:Hezkuntza/Ikas-egoerak»

Hezkuntza-sistema aldaketa prozesu betean dago, konpetentziak eta edukiak ikas-egoerak deituriko eskematan sartuz. Ikas-egoera horietan atazak eskaintzen zaizkie ikasleei, eta ikasgai tradizionaletan lantzen diren edukiaz haratago, ezagutza eremuen arteko nahasketa bultzatzen da, egoerak konpontzeko. Irakasle-taldeen arteko elkarlana eta proiektu komunen bilaketa bultzatzen da ikas-egoera horien bidez.

Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak 2017tik hezkuntza eta Wikipedia bezalako ezagutza libreko proiektuak batzeko lanean dihardu. Urte horietan Lehen zein Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan egin daitezkeen proiektuen inguruko dokumentazio oparoa bildu du, baina ez du lortu sistematizatzea lan hori eta irakasleei egituratutako proiektu gisa azaltzea. Proposamen honen bidez, ikas-egoera berriak sortuko ditugu, irakasleek Wikimedia proiektuetan zein ezagutza libreko beste batzuetan ikasleekin lan egin dezaten.

Bazkideak

aldatu

Proiektu honek hiru bazkide nagusi izango ditu:

Euskal Wikilarien Kultura Elkartea
proiektuaren zuzendaritza izango du, landu nahi diren ideiak proposatu, gainontzeko bazkideak dinamizatu eta proiektuaren finantziazio iturriak bermatuko ditu. Ikas-egoera guztietan Wikimedia proiektuen garapena ziurtatu eta beste bazkideen lana bideratuko du.
Talaios kooperatiba
ikas-egoerak idazteaz arduratuko da. Bere lana hiruen artean pentsatutako ataza Lehen zein Bigarren hezkuntzako ikastetxeetan egiteko prestatzea izango da. Emaitzak jaso ondoren ikas-egoerak hobetuko ditu, argitaratzearen aurretik.
HUHEZI
hiru funtzio izango ditu proiektuan zehar. Ikas-egoera bakoitzaren hasierako fasean, ikerketagaiak proposatuko ditu, ikas-egoerak eurak baliagarriak edo eraginkorrak diren aztertu ahal izateko. Behin ikas-egoera jasota, horren aplikazioa egingo du ikastetxeetan, irakasleekin landuz. Azken fasea dibulgazioarena izango da, proiektuaren amaieran egingo dena. Tartean, izan daitezke sozializaziorako beste baliabide batzuk. HUHEZIk, gainera, ikerketa datuak jasoko ditu, euren ikerketa ildoen arabera proposatuko dituztenak.

Humanitate Digitalen beka

aldatu

Azken urteotan Humanitate Digitalen beka eskaini dugu UEU eta HD Gunearekin batera. 2023an ez genuen beka deialdirik egin, baina 2024tik aurrera ekimenari berrekingo diogu. Beka honek aukera ematen digu proiektu konplexuak laguntzeko, eta Wikipediaren inguruan eduki berritzaileak sortzeko. Gainera, hezkuntza instituzioekin lankidetza handitzen du, eta irakasle berriak sartzen dira horrelako deialdietara.

Wikidatan euskararen presentzia hobetu

aldatu

Wikidatan euskarak duen presentzia eta, alderantziz, Wikidataren erabilera euskarazko Wikipedian nabarmena da. Azken urteotan neurketak egiteko erabili ditugun tresnak orain ez daude eskuragarri, baina bide onean jarraitzen dugula uste dugu. Hurrengo urteotan Wikidatan euskarak duen presentzia hobetuko dugu, hainbat norabidetan.

Labelak eta deskribapenak euskaraz

aldatu

Wikidatan euskararen presentzia hobetzeak esan nahi du bertan dauden 100 milioi item baino gehiagoren labelak eta deskribapenak euskaraz egotea. Aurreko urteetan egin izan ditugu horrelako ekimenak, baina etengabea izan behar da lana. Euskararen presentzia honek lagunduko ditu makinak euskarazko eduki gehiago eskaintzen, eta Wikipedian ere euskara gehiago egongo da infotaula eta abarretan.

Lehenengo pausoa neurketa izango da, euskaraz zenbat label eta deskribapen dauden begiratzea. Ondoren, eremuka hasiko gara labelak gehitzen, kasu batzuetan botak erabiltzen. Deskribapenak ere gehitu eta hobetu daitezke, adibidez euskaldunak direnak hobeto identifikatuz. Neurgailuak sortuta, urtero egiten dugun aurrerapena zein den zehaztuko dugu.

Euskarazko terminologia eta lexemak

aldatu

Elhuyarrekin egindako lanari esker, euskara lexema gehien zituen hizkuntzetako bat izan zen tarte batez. Jada ez gaude posizio horretan, eta 16. postura jaitsi gara. Forma kopuruan 2. hizkuntza izaten jarraitzen dugu, euskara morfologia aberatseko hizkuntza izanik, izenkietan 65na forma gehitu baitira. Baina, aurrera egin ez dugunez, atzean geratu gara beste hizkuntza batzuekin alderatuta. Hurrengo urteotan Abstract Wikipedia izeneko proiektua martxan jarriko balitz, euskara ez legoke jada aurreko postuetan eta, horregatik, euskarazko lexemetan aurrera egin beharko dugu hurrengo lau urteotan, euskarazko corpus eta hiztegietan agertzen diren milaka lexema gehituta. Euskal aditzaren forma flexionatuak ere gehitu eta deskribatuko ditugu, anotazio morfologikoa adieraziz

Euskara bigarren hizkuntza da gehitutako adiera kopuruari dagokionez, baina lexema berriak gehituta mantendu beharko dugu dugun ratioa. Lexema berriak gehitu heinean, haiei dagozkien adierak ere gehituko ditugu. Helburua da lexema guztiek adieretara doazen loturak izatea. Horregatik, terminologiak ere garrantzia izango du. EHUko Letren Fakultatean azken urteotan egindako lan batzuk baliatu ahal ditugu terminologia hobetzeko, euskararen erabileraren datu gehiago izateko eta han-hemenka dauden terminologia datu-baseen sarrerak elkarrekin lotzeko. Lau urte barru euskara lexema gehien dituzten 10 hizkuntzen artean jarriko dugu, eta adiera eta forma flexionatu gehien dituzten bost hizkuntzen artean gehien dituzten bost hizkuntzen artean egotean jarraituko du.

GLAM instituzioekin lana

aldatu

Orain arte hezkuntzan zentratu gara artikuluen edukia hobetzeko, nahiz eta batzuetan museo batzuekin lan egin dugun. Hurrengo urteotan GLAM instituzioekin (Galeriak, Liburutegiak, Artxiboak, Museoak) lan egingo dugu gehiagotan, batez ere Euskal Herriaren ezagutzan sakontzeko.

Adibide gisa, 2024an Chillida Lekurekin arituko gara, eskultorearen obra hobeto ezagutarazteko lanean. Gainera, hurrengo urteetako lanaren plangintza egingo dugu, bazkide posibleak bilatu eta kontaktatu eta bakoitzarekin proiektuak landu. 2024an berrirekiko den Bilboko Euskal Museoa ere hautagai ona da lankidetzarako. Eta, 2024an ez bada, tarte honetan, Balenciaga museoarekin ere lan egin nahi dugu. Modaren alorra ez dugu batere landu orain arte eta uste dugu aurten estreinatuko den berari buruzko telesailak foko interesgarri bat jartzen duela hor eta lanketa bat abiatzeko interesa sor dezakeela.

Euskal Herriko historia 100 objektutan

aldatu
 
Euskal Herriko historia 100 objektutan

Munduko hainbat lekutan egin dira horrelako ekimenak: museoetan dauden 100 objektu, herrialde horretako historia azaltzeko balio digutenak. Balio pedagogiko handia duen ekimena da, museoetako bildumak laguntzeaz gain, eskoletan historia eta gizartea landu daitekeelako oinarrizko objektu batetik abiatuta. Euskal Herrian ez da horrelakorik egin, baina baditugu hainbat museo objektu historiko garrantzitsuak biltzen dituztenak. Hurrengo lau urteotan museoekin eta beste GLAM instituzio batzuekin lan egingo dugu 100 objektu horiek identifikatzen, euren artikuluak hobetzen eta eduki libreak Commonsera igotzen, hezkuntza baliabide ireki bat egiteko helburuarekin.

Lan fluxua definitu ostean, aukera izango dugu museoekin lan egiteko euren bilduman, objektu horietan zentratuz, eta baliabide gehigarriak eskaini ahal ditugu: museo bateko objektu esanguratsuak ezagutzeko eta lantzeko ikas-egoerak, objektu zehatz horiei buruzko Zortziko Txikian bideoak, Commonsera igoerak eta wikilariekin editatoiak.

Parte-hartze tresnak aztertu eta hobetu

aldatu

Wikipedia auzolanean hazten da, baina auzolan hori egiteko tresnak behar dira. Azken urteotan milaka ikasle izan ditugu lanean, baina horien erretentzio maila oso txikia izan da. Bestetik, wikilarien artean ere lana antolatzeko zailtasunak egon ohi dira, maiz tresnak existitu arren. 2024an hasita, parte-hartze tresnak hobetzeko bideak aztertuko ditugu, eta ahal izanez gero teknologia berriak garatuko ditugu, sarbidea errazago izan dadin.

Tresna horien artean egongo dira proiektuak hobeto edo, behintzat, errazago jarraitu ahal izateko sistemak, ditugun hutsuneak errazago aurkitzeko bideak, eta parte hartze zabalagoa eskaini ahal dituzten aplikazioak bilatzea, bereziki itzulpen automatikoaren balidazioarekin.

Lehenengo lana, ordea, 2024an egin beharreko ikerketa fasea da, daukaguna, behar duguna eta hori lortzeko egon daitezkeen bideak aztertzea eta hurrengo urteetarako soluzio posibleak aurkitzea.

Kanpo estekak

aldatu