Virginia Hendersonen eredua

Virginia Henderson (1897-1996) erizain munduan nazioartean ezaguna den ikertzaile estatu batuarra da. Bere eredua pertsonaren beharretan zentratzen da eta, Afaf Meleisen[1] ustez, Beharren Eskolaren barnean koka dezakegu Dorothea Oremen edo Faye Glenn Abdellahen ereduak bezalaxe. Eredu horien ardatz nagusia da erizainaren funtzioa zein den zehaztea, hau da, giza beharrak asetzen laguntzeko erizainaren rola eta ekintzak zein izan behar diren argitzea. Asmo horrekin Hendersonek, Erizaintzako Kontseilu Internazionalak onartu zuen, Erizaintzaren definizioa zehaztu zuen: erizainaren rola edo funtzioa da laguntza eskaintzea pertsona osasuntsuen zein gaixoen osasuna sustatzeko, berreskuratzeko edota duintasunez hiltzeko. Laguntza hori beharrak asetzeko emango da, betiere, jakinez ekintza horiek norberak egingo lituzkeela indarra, borondatea edo behar adina jakinduria izango balu. Hori guztia pertsonak lehenbailehen independentzia lortu ahal izateko[2]

Hendersonen ereduaren testuingurua

aldatu
Virginia Hendersonen eredua
Bizitza
Jaiotza1897ko azaroaren 30a, Kansas, Estatu Batuak
Jarduerak

Erizaintzan ikertzen ari diren ikuspuntu teoriko gehienak norabide filosofikoetan, beste zientzia batzuen ezagueretan eta praktikako hainbat egoeratan oinarrituta daude. Erizaintzako teorien garapenak, gaur egun, ikuspuntu, garapen-maila eta praktikan jartzean neurri desberdinetan egiaztaturik dauden osagai teorikoak dituzte.[3]

Gaur egun pentsamendu-korronte ezberdinak direla eta, etengabeko aldaketan dagoen mundu batean bizi garenez, erizaintza eredu ezberdinak proposatzen eta moldatzen joan dira momentuko eta testuinguruko egoeretara egokitzeko.

60ko hamarkadatik aurrera, erizaintzaren profesionalizazioaren beharra nabarmendu egin da, eta erizaintzaren ikerketa-beharra agerian geratu da, aurretik ez zegoelako sistema teoriko sakonik praktika eta lotura kontzeptualak egin ahal izateko. Gogoeta horiekin, hainbat zientziatako oinarritzat hartzen den paradigma kontzeptua zabaltzen hasi da erizaintzan. Kontzeptu hori erabiltzean, nahitaezkoa da Kuhn[4] erreferentetzat hartzea, paradigma hitza zientziaren ardaztzat hartu zuelako[4][5]. Horregatik, erizaintzako eredu teorikoak paradigma handiago baten barnean dauden paradigmak besterik ez dira. Horien bidez, eta metodo zientifikoa aplikatuz, askoz ere errazago ulertzen da eta erabilgarriago bihurtzen da erizaintzaren ezagutza espezifikoa. Alde horretatik, Kérouac-ek[6] hiru paradigma aurkezten ditu: kategorizazioko paradigma, integrazioko paradigma eta transformazioko paradigma.

Kategorizazioko paradigmaren arabera, fenomenoak multzo ezberdinetan bana daitezke eta beraien artean independenteak dira. Integrazioko paradigman fenomenoen artean osotasuna gertatzen da eta zati guztiak elkarreragintzan daude osasuna lortzeko edo mantentzeko baldintza onenak bilatzeko. Transformazioko paradigman fenomeno guztiak zatiezinak dira eta zatien batura baino gehiago dira[6].

Hori dela eta, erizaintzaren konpetentzia ezberdinak azaltzeko, besteak beste, XX. mendean erizaintzako ereduak proposatzen joan dira, horien artean, Virginia Hendersonen Beharren eredua. Hasiera batean, Hendersonen filosofia eta pentsaera, kategorizazioko paradigman koka zitekeen, baina, denbora pasa ahala eta gizartearen pentsaera-korrontea moldatzen joan zen heinean, egokitzen joan zenez, integrazioko paradigmaren barruan sar dezakegu.

Eredu hau, Meleisen ustez[1], Beharren Eskola barnean koka daiteke. Beharren Eskolako teorizatzaileek bi ezaugarri partekatzen dituzte. Bata gizakien beharretan eta garapenean oinarritzen dute beraien pertsonaren kontzeptualizazioa, eta bestea, zer egiten du erizainak? galderari erantzun nahi die erizaintzaren funtzioa definitu ahal izateko[7].

V. Hendersonen eredua gure inguruko osasun-laguntza ematen den lekuetan zabalduena izan da eta euskarri elektronikoak garatzeko oinarri gisa erabili da. Horrez gain, eredu honi garrantzi berezia emateko beste arrazoi batzuk ere badaude[7]:

  • Eredu kontzeptual ezagunenetakoa da Erizaintzako Nazioarteko Kontseiluak bere egin zuelako Hendersonek Principios de los Cuidados Básicos de Enfermería liburuan argitatutako erizainaren berezko funtzioaren definizioa[2].
  • V. Hendersonen filosofiarekin eta metaparadigmako fenomenoak definitzeko moduarekin bat dator osasunaren mendebaldeko gaur egungo filosofia.
  • Pertsonaren bakoiztasuna eta kontzeptu holistikoa barneratuak ditu.
  • Pertsonaren autonomia, independentzia eta bizitza osasuntsua inguru aproposean izateko nahia bultzatzen ditu.
  • Dokumentazio eta bibliografia zabala dago.
  • Hizkuntza erraza, moldagarria eta ulergarria erabiltzen du ereduaren kontzeptuak deskribatu ahal izateko.
  • Eredua erabiltzeko arloa oso zabala da eta ospitaleko asistentzian, lehen mailako arretan, hezkuntzan, ikerketan edo kudeaketan erraz barnera daiteke.
  • Pertsonari eman behar zaizkion oinarrizko zainketak erizainaren lanaren erdigunean kokatzen ditu.
  • Eredu honek erizaintza-prozesua gidatzen du, kasu askotan euskarri informatikoen bidez.

V. Hendersonek, ikasle garaitik hasita, argi eta garbi azaldu nahi izan zuen erizainaren berezko funtzioa zein den: pertsona osasuntsuari edo gaixoari osasuna hobetzen edo lortzen (edo heriotza onean) laguntza eskaintzea. Laguntza beharrak asetzeko emango da, betiere jakinez ekintza horiek norberak egingo lituzkeela indarra, borondatea edo behar duen jakinduria izango balitu. Hori guztia pertsonak lehenbailehen independentzia lortu ahal izateko[2][8][9].

Biografia

aldatu
Sakontzeko, irakurri: «Virginia Henderson»

Virginia Henderson Kansas Cityn, Missourin, 1897ko azaroaren 30ean jaio zen familia handi batean. Kansasen jaio bazen ere, bere haurtzaroa Virginian (Nebraska) igaro zuen, bere aitaren lana zela eta. Berak zioenez, erizaintzarekiko interesa Lehen Mundu Gerraren ondoren sortu zitzaion, ospitaleetan erizain asko behar zela ikusi zuenean. 1918. urtean hasi zituen ikasketak, eta 1921. urtean amaitu Washingtongo Armadaren eskolan [10].

Jarraian, lanean hasi zen erizain bezala New Yorkeko “Henry Street Visiting Nurse Service”n. 1929an, irakasle ikuskatzaile gisa egin zuen lan Rochesterreko (New York) “Strong Memorial Hospital”ean. Lanbidea pasioa izan zuen, eta bizi guztia hezten eta ikertzen pasa zuen, eta bere lan garrantzitsuenetariko bat "The Nature of Nursing" (1966) izan zen. Berak garatu du gaur egun zabaldua den erizaintzaren kontzeptu ezagunenetakoa. Zaila da azken hamarkadetako erizaintzaren garapena ezagutzea berak ezarri zituen ideiak kontuan hartu gabe[10].

Filosofia humanista aintzat hartu zuen lehenbizikoetako eredugilea izan zen, eta, filosofia horrekin batera, fisiologiaren kontzeptuak eta teoriak, eta psikologiako pertsonen arteko erlazioak eta gizakien beharraren teoria erabili zituen eredua garatzeko. Virginia Hendersonen ekarpen garrantzitsuenetariko bat izan zen erizaintzaren ikuspegian fisiologia eta psikologia printzipioak ezartzea[7].

Hendersonen helburu nagusia ez zen izan erizaintzako eredu bat sortzea, baizik eta erizaintzaren funtzioa zehaztea. Hau da, pertsonak lehenbailehen independentzia lortu ahal izatea.

Branfroden hil zen, 1996ko martxoaren 19an, 98 urte zituela[10].

Oinarri teorikoak

aldatu

Hendersonek idatzitako “La naturaleza de la Enfermería" liburuan, bere pentsatzeko moduan eragina izan zuten iturriak identifika daitezke, horien bidez barneratu baitzituen erizaintzaren ikuspegian fisiologiako eta psikologiako printzipioak. Bere esanetan, Columbiako Unibertsitateko Teachers Collegen egon zen bitartean (ikasle eta irakasle moduan) erizaintzaren kontzeptua aldatzen eta sendotzen joan zen. Horretarako oinarri zientifikoak eta filosofikoak bertako irakasleak markatu zizkioten bereziki eta hoien artean honako hauek azpimarratzen ditu[8]:

Zientifikoak

aldatu
  • Dr. Edward Thorndike: Thorndike psikologo lanetan aritzen zen Teacher Collegen gizakien oinarrizko beharrak aztertzen. Hori dela eta, Henderson gaixotasuna egoera patologiko bat baino gehiago zela konturatu zen eta oinarrizko beharrak ospitaleetan asetzea ez zela nahikoa ohartu zen.
  • Carolina Stackpole: Claude Bernarden maximak jarraituz, oinarri fisiologikoen ardatza linfa zela zioen, horrek ematen duelako klabe nagusia oreka fisiologikoa mantendu ahal izateko. Oreka fisiologikoa linfa denbora guztian zelularen inguruan mantentzean datza. Oreka edo homeostasia ulertu eta praktikara eraman nahian, behin baino gehiagotan erizainaren eginbeharretan esplikatzen zuen beharrezkoa dela likidoak hartzera derrigortzea edo oxigeno-eza betetzea. Fisiologiarentzat organismoa unitate osoa da eta sistema organikoen ekintzak gehitzeak edo gutxitzeak eragina izango du organoetan eta ehunetan. Fisiologiaren bidez V. Hendersonek gizakiaren ezaguera hobetzea lortu zuen. Paraleloki, eta orekaren edo homeostasiaren oinarriak eraginda, pertsonaren sistema psikosomatikoaren kezka azaldu zuen eta ikuspuntu honek erizaintzarengan zuen eragina aztertu zuen.
  • Dr. George Deaver: Deaver, hasieran, Institute for the Crippled and Disabled-en sendagile lanetan aritzen zen, eta ondoren, Bellevue ospitalean. Errehabilitazio-esfortzuaren helburua bezeroak independentzia lortzea zela antzeman zuen Hendersonek.
  • Bertha Harmer: Hendersonek Harmer  Kanadako erizainaren liburua gainbegiratu zuen: Textbook of the Principles and Practice of Nursing. Pertsonalki ezagutu ez arren, erizaintzari buruz zuten ikuspegi oso berdintsua zen. 1922an Harmerrek proposatutako definizioak honela dio: "erizaintzak gizateriaren beharrekin du lotura".
  • Ida Orlando: Hendersonek azpimarratu zuen Orlandok erizainaren eta gaixoaren arteko harremanean eragin handia izan zuela. Bere hitzek diotenez, “Ida Orlandok (Pelletier) erakutsi dit zein erreza den paziente baten beharrak identifikatzean huts egitea, honek aurrez egindako interpretazioa.

Filosofikoak

aldatu

Virginia Hendersonen eredu kontzeptualak, erizaintzako zainketei buruzko ikuspuntu berri bat eskaini zuen. Eredu hau erizaintzako gida izan daiteke, errealitatean aplikatu daitekeena eta, batez ere, gizakiaren oinarrizko beharretan zentratzen dena. Eredu hau azaldu baino lehen, Hendersonek deskribatu zituen postulatuak azalduko ditugu, erizainaren zainketak jasotzen dituen pazienteen egoera ulertzeko baliagarriak[10]:

  • Pertsona bakoitzak bere osasuna mantentzeko edo berreskuratzeko egingo du borroka, eta horretarako independentziaren beharra izango du. Osasuntsu egongo da ongizate sentsazioa badu, baina askotan ez da horren kontziente izango osasuna galtzen duen arte. Momentu horretan, osasuna ahalik eta bizkorren berreskuratzeko ahaleginak egingo ditu. Banakoak bere osasuna estimatzen badu, ahalegin horiek prebentziora bideratuko dira nagusiki.
  • Banakoa bere osotasunean aztertu behar dugu, gizaki bio-psiko-sozial modura, oinarrizko beharrak nahitaez ase beharko ditu. Abraham Maslow psikologo famatuak eginiko beharren piramidean, behar biologikoak piramidearen oinarrian jarri zituen eta horiek ase gabe maila goragoko beharrak ase ezin direla zioen.
  • Behar bat asetzen ez bada, banakoa ez dago beterik eta, beraz, ez da independentea izango. Osasuna mantentzeko edo berreskuratzeko beharrezko ezagutza, indarra eta borondatea dituenean izango da independentea; bestela, dependentea bihurtuko da .

Erizaintzako metaparadigmaren fenomeno nuklearrak Hendersonen pentsaeraren barnean

aldatu

Erizaintzaren edozein paradigmak lau elementu esanguratsu barneratuak ditu eta metaparadigma osatzen du: pertsona, ingurua, osasuna eta rola. Horiek dira erizaintzako fenomeno nuklearrak. Erizaintzako fenomeno abstraktuak eta orokorrak zein ziren erabakitzeko, 1984an hainbat teorialariren idazkiak aztertu eta gero, Fawcettek erabaki zuen denetan errepikatzen zirela aipatutako lau elementuak[6]. Hortik, egindako inferentzia eta hartutako erabakia.

Aurrez aipatu dugun moduan, Erizaintzaren Nazioarteko Kontseiluak berea egin zuen Virginia Hendersonek eman zuen erizaintzaren funtzioaren definizioa, aldi berean bere ereduaren oinarritzat har daitekeena. Horrela dio: “erizainaren rola edo funtzioa da laguntza eskaintzea pertsona osasuntsuaren zein gaixoaren osasuna sustatzeko, berreskuratzeko edota duintasunez hiltzeko. Laguntza hori beharrak asetzeko emango da, betiere, ekintza horiek norberak egingo lituzke indarra, borondatea edo behar adina jakinduria izango balitu. Hori guztia pertsonak lehenbailehen independentzia lortu ahal izateko”[2][8].

Hendersonen helburu nagusia ez zen izan erizaintzako eredu bat sortzea, baizik eta erizaintzaren funtzioa zehaztea. Hala ere, bere ideiak deskribatzean erizaintzaren metaparadigma osatzen dituen lau fenomeno nuklearrak adierazten ditu bere idazkietan: pertsona, ingurunea, osasuna eta rola.

Pertsona

aldatu

Pertsona bakoitza osotasuna da; beraz, bakarra eta osagai biologiko, psikologiko, giza kulturalez eta espiritualez osatua. Osotasun fisikoa, psikologikoa, garapena eta hazkuntza betetzeko, hamalau behar ase behar ditu. Beharrak honakoak dira[8]:

  1. Arnasa hartzeko beharra
  2. Jan eta edateko beharra
  3. Iraizteko beharra
  4. Mugitzeko eta jarrera egokia mantentzeko beharra
  5. Lo egiteko eta atseden hartzeko beharra
  6. Janzteko eta eranzteko beharra
  7. Gorputzaren tenperatura egokia mantentzeko beharra
  8. Garbitasuna eta txukuntasun pertsonala mantentzeko beharra
  9. Arriskuak galarazteko beharra
  10. Komunikatzeko beharra
  11. Sinesmen eta balioekin adostasuna izateko beharra
  12. Okupazioaren bidez, norbera gauzatzeko beharra
  13. Dibertitzearen beharra
  14. Ikasteko beharra

Behar horiek arruntak dira, pertsona guztientzat berberak; baina pertsona bakoitza bat denez, era berezian eta bakarrean aseko ditu. Hendersonentzat, Maslowren Motibazioaren teorian bezalaxe, beharra lortu behar den zerbait da, eta zentzu horrekin planteatzen du ereduan. Bakoitzak barruko indarra eta energia erabiliz, era bakarrean aseko du behar bakoitza[10].

Pertsona, beraz, hamalau oinarrizko behar dituen gizaki osoa, konplexua eta bakarra da. Osagai biologikoek, psikologikoek, giza kulturalek eta espiritualek definitzen dute, eta osotasuna mantentzeko eta hazkuntza eta garapena lortzeko ahalmena ditu. Pertsona osoa da, hamalau behar horiek dituena, berdinak gizaki guztientzat, osasunean edo gaixotasunean. Behar horiek nahitaezkoak dira pertsona bakoitzarentzat, eta hamalauak asetzea nahitaezkoa ez bada ere (bizirauteko, bost lehenak bakarrik), beharrezkoak dira osotasuna mantentzeko. Gainera, beharren arteko erlazioak nahitaezkoak dira gizaki osoaren balorazioa egin ahal izateko. Horregatik esan daiteke gizakia holistikoa dela[9].

Ingurunea

aldatu

Hendersonek ez du inguruaren definizio propiorik ematen, baizik eta, berak dioenez, hasieran hiztegi batetik (Webster’s New Collegiate Dictionarytik), hartutako definizioa erabiltzen du: bizitzan eta organismoaren garapenean eragin duen kanpoko eta barruko kondizioen bilduma da[10]. Hala ere, Hendersonen eredua aztertuz, hainbatetan azaltzen da ingurua eta honek duen eragina pertsonen osasunean.

Lehenengo lanetan Nightingalen inguruaren kontzeptualizazioa hartzen du, eta, haren moduan, naturaren ezaugarri estatikoak (tenperatura, airearen garbitasuna, argia...) identifikatzen ditu eta esaten du horiek eragina dutela gaixoa era onean jartzeko[7][9].

Bere pentsaera garatzen doan neurrian, gaixoarengan eta erizainarengan eragina duen natura dinamikoaren ideia azaltzen du. Hendersonek dioenez, kanpoko-kondizioak eragina izan dezake onerako eta txarrerako gaixoarengan, eta kondizio horiek diramikoak dira (familia, erlazio sozialak, kultura...); eta zehazten du, pertsonak, batzuetan, inguruarekiko erantzun ona ez dutelako gaixotzen direla. Pertsona elkarrekintzan dago inguruarekin, giza kulturako arlo desberdinen baitan bizi delako.

Pertsonari zainketak ematen zaizkionean, nahitaezkoa da kontuan izatea garapena, adina, osasun-egoera eta inguruko elkarrekintza; hau da, inguru estatikoa eta dinamikoa[9].

Osasuna

aldatu

Ongizate fisikotzat, psikikotzat eta sozialtzat hartzen da, eta bizitzaren baliorik garrantzitsuenetarikoa da. Nahiz eta Hendersonek osasun hitzaren definiziorik ez eman, pertsonaren independentziarekin lotzen zuen beti. Berak, osasuna, pertsona bakoitzak 14 betebeharrak laguntzarik gabe asebetetzeko gaitasunarekin lotzen zuen. Hendersonen ustetan, biziaren gainetik, norberaren osasuna da garrantzitsuena, modu eraginkorrean lan egin eta bakoitzaren bizitzako asebetetze mailarik altuena lortu ahal izateko. Pertsonaren funtzionamendurako osasuna oinarrizkoa da. Osasunaren esparruan, hainbat faktorek eragiten dute: norberaren sentimenduek, lorpenek eta errekurtsoek. Horrez gain, hau dena, norberaren esperientziekin, ideiekin, pertsonalitatearekin… harreman zuzenean dago. Osasunaren promozioa garrantzitsuagoa da pazientearekiko arreta baino. Norberaren zainketetan edozein oztopo, afekzio edo gatazka sortzen denean osasuneko arazoren bat detektatuko da. Pertsonak osasuna berreskuratuko du beste gauza askoren artean, beharrezko indar, borondate eta ezagutzak baditu. Gainera, osatze prozesu horretan bakoitzaren dependentzia mailaren araberako zainketak eskainiko dira, erizainak ordezkari edo laguntzaile papera betez[6].

Beraz, Virginia Hendersonek, filosofia humanista baten barnean, osasuna independentziarekin parekatzen du hamalau beharrak asetzean. Osasuna biziaren kualitatea da oinarrizkoa gizakiaren funtzionamendurako eta independetzia eta interdependentzia (dependentzia) eskatzen ditu[9].

  • Independentzia: pertsonak bere kasa oinarrizko hamalau beharrak betetzeko duen ahalmena da; beraz, ekintza egokiak egitea beharrak asetzeko duen adina, garapena eta egoera kontuan hartuz. Pertsona guztiek ahalmen errealak edo potentzialak dituzte independentzia lortzeko eta osasun egoera paregabea mantentzeko. Behar bat ase dagoen edo ez erabakitzeko pertsona bakoitzak bere ikuspuntua du, indibiduala da. Beraz, beharrak asetzeko modua bakarra da, berezkoa. Gainera, behar bakoitzean pertsona bakoitzak bere independentzia-agerpenak identifikatuko ditu horiek direlako portaera egokiak definitzen dituzten ezaugarriak[7][9].
  • Dependentzia: oinarrizko hamalau beharrak asetzeko pertsonak egiten dituen ekintzak desegokiak direnean, edo nahikoak ez direnean, beharrak asetzeko sortzen da. Dependentzia-irizpideak (independentziakoak bezala) pertsona bakoitzarenak izango dira (bio-fisiologikoak, psikologikoak, giza kulturalak eta espiritualak), baina behar bat ez badago guztiz aseta, dependentzia agerpenak antzemango dira, hau da, behar bakoitza asetzeko portaera desegokiak[7][9].

Hendersonen uztez, hiru dira dependentzia-iturriak, beharrak asetzeko oztopo direnak[8][9]:

  1. Indarrik ez izatea: indarra ez da bakarrik gaitasun fisikoa edo mekanika-trebetasuna. Indartzat hartu behar dira ekintzak aurrera eramateko pertsonak dituen gaitasun fisikoak, emozionalak, psikikoak edo adimenekoak.
  2. Jakinduriarik ez izatea: osasunari buruzko oinarrizkoak ez jakitea, edo gaixotasun baten aurrean edo egoera bat aldatzen zaionean dituen baliabideak (berezkoak eta kanpokoak) erabiltzen ez jakitea.
  3. Borondaterik ez izatea: pertsonak ezin duenean erabaki bat hartu hamalau oinarrizko beharrak asetzeko edo egintzak gauzatzeko.

Beraz, horietako ezaugarri bat azaltzen denean, dependentzia osoa edo partziala, behin-behinekoa edo behin betikoa ager daiteke. Beharrak asetzea garrantzitsua da, baina, hala ere, asegabeko neurria ere egon daiteke, eta horrek ez du nahitaez pertsonaren dependentzia ekartzen[9].

Gainera, kontuan izan behar da, beharrak asetzeko pertsona batek ahal duen guztia egiten badu, baina hala ere ezin baditu behar guztiak ase bere adinagatik, garapenagatik edo bizi duen egoeragatik, autonomia-eza duela. Kasu horietan, beharrak asetzeko, laguntzaile pertsonala edo mekanikoa beharko du. Pertsona horietan, besteetan bezalaxe, independentzia- eta dependentzia-agerpenak identifikatu beharko lirateke, desberdinduz zer den dependentzia-agerpena eta zer den autonomia-eza, oinarrizko zainketak zein izan behar diren identifikatzeko[7].

Horregatik, pertsona bakoitzaren balorazio egokia beharrezkoa da zainketa-plangintza egitean.

Hendersonen idatzietan, rola deskribatzean, hiru puntu nagusi aipatzen dira[8][9]:

  • Erizaina ordezkatzaile/laguntzaile funtzioarekin
  • Erizaina taldeko partaide
  • Erizain/bezero erlazioa

Ordezkatzailea/laguntzaile

Erizainak hasi, kontrolatu eta erantzukizuna du oinarrizko zainketak ematean berezko metodologiaren baten bidez. Erizainak berezko funtzioa betetzean erizainak egiten dituen ekintzak, laguntzaile edo ordezkatzaile funtzioak betez eta bezeroaren dependentzia maila kontutan hartuz egingo du. Arlo hori erizaintzaren funtzioa eta lana da, eta berak hasiko, kontrolatuko du, eta nagusitasuna du. Oinarrizko zainketak, beraz, oinarrizko 14 beharrekin lotuta daude eta gizakiaren beharren azterketa edo balorazioa egin ondoren betetzen diren edo ez ikustean eratorriko diren ekintzak dira. Oinarrizko zainketak bezero bakoitzarentzat ezberdinak izango dira bakoitzak era bakarrean ulertzen duelako beharrak asetzeko modua. Hori da kontzeptu holistikoa eta bakoiztasunarena praktikara eramatea. Gainera, erizaina oinarrizko zainketak ematean nagusi handiena duena izango da, autonomia, kontrola eta erantzukizuna duelako, baina betiere, bere lanak bi arlo izango ditu kontuan zainketak ematean, bata teknikoa eta bestea interpertsonala, bata eta bestea bereizezinak direla kontuan izan behar du[9].

Taldeko lana

Taldea bi eratan uler daiteke: bata erizain-taldea, eta bestea talde interdependentea, diziplina anitzekoa. Era batean edo bestean erizainak taldeari eskaini diezaiokeena, kide bezala, aztertzen du Hendersonek esanez, laguntza eskaini eta hartu egin behar duela erizainak plangintza eta programa osoa garatu behar bada. Programa hori bezeroaren osasuna hobetzeko, gaixotasunetik irteteko edo heriotza onaren euskarri izateko egingo da. Taldeko kideentzat hainbat aholku ematen ditu[8][9]:

  • Taldekideek ez diete inoiz besteei eskatuko berezko funtzioak oztopatu daitezken ekintzak egitea.
  • Taldeko kideek ulertu behar dute asistentzia eskaintzen ari direla.
  • Taldeko kideek jakin behar dute pertsona talde guztien erdigunea dela.
  • Bezeroa-gaixoa taldekidea da eta honek ez badu ulertzen, onartzen eta parte hartzen berarekin eta berarentzat egin den programan, taldeak egindako hainbat ahalegin alferrikakoak izango dira. Era horretan gaixoa-bezeroa partaide aktiboa eta norberaren osasunarengan erantzukizuna duela ulertuko du.

Erizain/bezero erlazioa

Erizaintzako erlazio eredu batean bezeroa-pazientea ardatza da. Hendersonentzat, bezeroa autonomoa eta heldua izango da (betiere bakoitzaren haziera eta garapena kontuan izanez). Autonomoa bere sinesmenak eta baloreak dituelako, eta ez dira osasun-zainketak ematen dituen pertsonaren berdinak izan behar. Heldua gai delako erabakiak bere kabuz hartzeko. Berak esango du noiz, nola eta norainoko laguntza nahi duen. Bakarrik, dependentzia osoan (koma egoeran, adibidez), erizainak erabaki dezake bere ordez eta ez berarekin zer den edo zer ez den onena bezeroarentzat.

Erizain/bezero erlazioan Hendersonek esaten du erizaina laguntzailea/ordezkatzailea izango dela 14 beharrak asetzeko. Oinarrizko zainketaren bidez erizainak bere funtzioa profesionaltasunez egingo du taldekoekin batera lan eginez.

Erizain/bezero erlazioa terapeutikoa da[8]; beraz, erizaina tresna da. Hori lortzeko erizainak norberaren ezaguerak garatu behar ditu eta baloreak kontuan hartu, argitu eta ebaluatu, zein den norberaren balore edo ezaguera eta zein bezeroarena bereizteko. Horrela, inposizioak saihestuko dira.

Erizainaren ezaugarriari buruz, Virginia Hendersonek dio: erizaina bezeroarentzat suspertzailea izango da, eta bezeroari indarra, jakinduria edo borondatea falta bazaio, bezeroa ezagutzen, ulertzen edo berarekin bat egiten saiatuko da. Besteen lekuan jartzeko prozesua zaila da, eta erizainak entzun, ohartu eta portaerak aztertu beharko ditu eta bezeroarekin konprobatu, betiere jakinez, bezeroak sentitzen dituenak eta erizainarenak ez direla berberak izango.

Hori dena egiteko, norberaren ezaguerak sendoak izan beharko dira, eta erizainak norberaren ezaugarri fisikoak, intelektualak, afektiboak, gizartekoak, espiritualak, trebetasunak, mugak eta zailtasunak ezagutu beharko ditu. Horren guztiaren bidez emozioak detektatuko ditu eta gaixoaren beharretan murgilduko da erizaina, berak dituen sinesmen, balore edo helburuak baztertuz.

Erizainak portaera zentzuduna, egiazkoa, enpatikoa azaltzean, gaixoari profesional sendoa eta aditua dela erakutsiko dio eta kanpoko eta barruko errekurtsoak ezagutzen eta erabiltzen lagunduko dio. Erizainak bezeroari oinarrizko 14 beharretatik irteten diren oinarrizko zainketak eskainiz lagunduko dio [8][9].

Ondorioak

aldatu

Virginia Hendersonen eredua, hasiera batean Kategorizazioko Paradigma barnean koka badaiteke ere, II. Mundu Gerraren ondorioz bizi izan ziren sufrimenduengatik, zientzia medikuen garapenagatik eta komunikazioen hedaduragatik, aldatzen joan zen, eta pentsaera korronte berrien eraginpean murgildu zen. Horregatik esan dezakegu azken gogoetak Integrazioko Paradigmaren baitan koka daitezkeela.

Bere lanaren helburua izan zen erizainaren lan autonomoa eta diziplinarteko taldearen barnekoa identifikatzea eta errebindikatzea. Horretarako, erizaintzaren definizioa ematean, Teachers Collegen Stackpole eta Thordinke Doktoreengandik jasotako oinarri filosofikoak eta psikologikoak barneratu zituen.

Hendersonek metodo deduktiboa aplikatuz arrazonamendu logikoa erabili zuen bere ideiak lantzeko. Baina bere asmoa ez zen erizaintzaren teoriarik garatzea, baizik eta erizaintzaren funtzioa zein izan behar zen argitzea; horregatik, berak zioen erizain bakoitzak zuen jakinduriaren eta esperientziaren arabera erizaintzari buruzko kontzeptu propioa garatu beharko lukeela.

Orokortasuna, Hendersonen erizaintzaren defizinizioaren ezaugarria bada ere, bere eredua aplikatzean, pertsonaren ezaugarri biofisiologikoak, psikologikoak, sozialak, kulturalak eta espiritualak kontuan izaten ditu 14 beharrak ase ahal izateko; era horretan pertsonaren bakoiztasuna eta kontzeptu holistikoa garatzen ditu.

Erizaintzaren funtzioaren definizioan oinarrituz, pertsona bakoitzak era independentean aseko ditu beharrak, betiere horretarako indarra, borondatea eta jakinduria badu. Ezingo balitu bere kasa oinarrizko beharrak ase, erizainak ordezkatzaile/laguntzailea funtzioak aplikatuz, ezintasunak osatuko lituzke oinarrizko zainketak emanez.

Garrantzitsua da gizakien oinarrizko beharrak ulertzea, eta bakoiztasunari dagokion garrantzia ematea, bakoiztasun horretan oinarrituta eta balorazio sakon baten ondoren, emango baitira oinarrizko zainketak, oinarrizko beharrak aztertu eta gogoeta sakon baten ondoren eratorriko direnak. Bezero bakoitzarentzat moldatuta egongo dira, bakoitzak dituen helburuen arabera. Horregatik, oinarrizko beharrak ezin dituenean pertsona bakoitzak bere kasa ase, erizainaren funtzioa izango da horretan laguntzea edo ordezkatzea (Hendersonen eredua jarraituz gero) oinarrizko zainketen bidez. Beraz, erizain-lanaren muina oinarrizko zainketak ematea izango da, eta bakoitzaren bizi-proiektuak errespetatzea eta kalitatezko lana oinarritzat hartzea.

Gaur egungo erizaintzako argitalpenetan Hendersonen ideiak eta obra sarri aipatzen dira erizaintzaren edozein arlotan, erizainaren lanari prozesu holistikoa aplikatzen diolako.

Erreferentziak

aldatu
  1. a b Meleis, Afaf I.. (2016). Theoretical nursing :Development and progress (6 arg.). Wolters Kluwer Health ISBN 0060000422..
  2. a b c d Henderson, Virginia. (1987; 1988). Enfermería teórica y práctica. (3. argitalpena gaztelaniaz); ingeleseko 6. argitalpenetik itzulia. Prensa Médica Mexicana., 7 or..
  3. Elorza, Mª Isabel (2013). «II. UNITATE TEMATIKOA: Erizaintzako zientzia eta diziplina. Erizaintzako teorien eta ereduen sailkapena eta garapen laburra.» Donostia, Euskal Herria: Euskal Herriko Unibertsitatea. OCW proiektua; https://ocw.ehu.eus/course/view.php?id=184. Orrialdeak 17-20. ISSN 2255-2316 (Noiz kontsultatua: 2017-05-30).
  4. a b Khun, T.S.. (1971). La estructura de las revoluciones científicas. Madrid: Fondo de Cultura Económica ISBN 978-84-375-0046-1..
  5. Baztarrika Galparsoro, Patxi; Eizagirre Gesalaga, Xabier; Ibarra Unzueta, Andoni; Oianguren Idigoras, Jabier. (1992). Zer da zientzi teoria delako hori? Egungo zientziaren filosofiarako sarrera. Euskal Herriko Unibertsitatea, 171-188 or. ISBN 84-7585-377-3..
  6. a b c d Kérouac, Suzanne; Pepin, Jacinthe; Ducharme, Francine; Duquette, André; Major, Francine. ((1996)(2007ko berrinprimaketa)). El pensamiento enfermero. Barcelona: Masson, 2-19 or. ISBN 978-84-458-0365-3..
  7. a b c d e f g Luis Rodrigo, María Teresa; Navarro Gómez, María Victoria; Fernández Ferrín, Carmen. (2005). De la teoría a la práctica: El pensamiento de Virginia Henderson en el siglo XXI.. Bartzelona: Masson (3. arg.), 39-55 or. ISBN 978-84-458-1488-8..
  8. a b c d e f g h i Henderson, Virginia. (1994). La naturaleza de la enfermería. Una definición y sus repercusiones en la práctica, la investigación y la educación: Reflexiones 25 años despues. Madrid: Interamericana Mc Graw-Hill, 1-32 or. ISBN 978-84-486-0062-4..
  9. a b c d e f g h i j k l m Elorza Puyadena, Mª Isabel (2013). II. UNITATE TEMATIKOA: Erizaintzako zientzia eta diziplina. Virginia Henderson: Beharren eredua. Donostia, Euskal Herria: Euskal Herriko Unibertsitatea. OCW proiektua; Orrialdeak 43-52. (Noiz kontsultatua: 2017-06-01).
  10. a b c d e f Marriner Tomey, Ann; Raile Alligood, Martha. (1999). Modelos y Teorías en Enfermería (4. arg.). Madrid: Elsevier, España ISBN 978-84-817-4348-7..