Txikipedia:Xirolarru-boha

Xirolarru-boha aerofonoen familiako musika-tresna da.

Nolakoa da? aldatu

Hona hemen musika-tresna honen zatiak:

  • Ezpelezko taulatxo bat. Bertan goitik behera paraleloki zulatutako bi hodi zilindriko ditu. Hauek osatzen dute hodi melodikoa eta “pordoia”, aire zahagia eta hodi puzkailua.
    • Hodi melodikoa alboka modukoa da, ezpelezkoa eta ahokoa kanaberazko fita edo mihi sinpledun
    • “Pordoia”-k ere albokaren moduko mihia du eta doinuaren “nota pedala” ematen du. Behealdean zulo bat du pordoiaren nota hori aldatzeko, eta zintzilikaturik eramaten du eransten zaion hodi puska bat, nota grabeagoa lortzeko jartzen zaiona.
  • Aire zahagia, antxume edo antzeko larruz egina dago.
  • Hodi puzkailua. Hezurrezkoa edo adarrezkoa izaten den punta ezik ezpelezkoa izaten da. Zahagian sartzen den muturrean larruzko balbula txiki bat du. Hau putz egiterakoan ireki egiten da airea pasatzen utziz eta puzten ez denean hodi puzkailua hermetikoki itxi egiten da.

Nola jotzen da? aldatu

Aire zahagia besopean, pordoia eta xirola den zati hori eskuekin harturik, hodi puzkailua ahoan sarturik jotzen da. Hodi puzkailuetatik zahagira sartutako airea besoaren presioz kontrolatzen da. Aire hau hodi melodikora eta pordoira iristean hauek doinua eta nota pedala ematen dute, hurrenez hurren.

Xirolarru-boha euskal herri-musikan aldatu

Klarinete bikoitza den alboka antzeko xirolarru hau Landetan eta Bearno aldean jotzen da eta Boha izenez ezagutzen dute. Ez dakigu Euskal Herrian zenbat eta noiz arte erabilia izan den, baina aurkitutako hainbat dokumentu eta gure herrietako ikonografian agertzen diren itxura bera duten soinu-tresnak kontuan harturik, pentsa dezakegu halakoak gure artean ere erabili izan direla.

Guardiako Andra Maria elizako portikoan, adibidez, halako xirolarru-jole baten irudia ikus dezakegu. Kontuan hartzekoa da ere albokarekin duen antzekotasuna.