Txikipedia:Victoria (itsasontzia)

1992an egindako erreplika.

Victoria itsas zabaleko ontzi bat izan zen, Gipuzkoan egina. Hasiera batean, Gaztela eta Ingalaterra arteko merkataritzarako erabili zen. Hala ere, itsasontzi hau ezaguna da munduari bira eman zion lehen ontzia izan zelako, Juan Sebastian Elkano buru zuela.

Itsasontzi honen azkenengo jabea, Ondarruko Domingo de Apallua izan zen, baina Zarauzko ontzioletan egin zuten 1515an. Izena Sevillako eliza bati zor dio: Victoria de Triana izena duen eliza bati.

Itsasontzi honek, Bizkaiko 85 kupelentzako ahalmena zuen, hau da, 102 tonako pisua eta 300.000 marabediko prezioa izan zuen. Munduari bira ematearen espedizioaren hasieran, ontziaren tripulazioa 45 gizonek osatzen zuten: 9 ofizial, 11 itsas-gizon, 3 artillari, 10 itsasmutil, 2 morroi eta beste 10 gizon, kapitainaren zerbitzariak edo beste zirenak.

Espedizioa guztira 260 lagun eta bost itsasontzi zituela abiatu zen, 1519ko abuztuaren 10ean; 18 lagun eta itsasontzi bat baino ez ziren itzuli, 1522ko irailaren 6an.