Lehen Mundu Birari buruzko komikia, Ikasi Otsorekin.

Juan Sebastian Elkano Gipuzkoako esploratzaile eta itsasgizon bat izan zen. Munduari bira osoa eman zion lehenbiziko aldiz.

Bizitza aldatu

Juan Sebastian Elkano Getarian jaio zen 1487an. Gaztetandik aritu zen arrantzan eta merkataritza-ontzietan nabigatzen, eta eskarmentu handia lortu zuen; Meditarraneoan ere ibili omen zen, Italian egondako gerratan ere.

Munduari bira aldatu

   Ba al dakizu    
Elkanoren omenez monumentu bat dago Getarian :

Monumentuaren goiko aldean, garaiko itsasontziak apaintzeko erabiltzen zituzten maskaroien antzera du Hegaldun Victoria dago; behealdean, Juan Sebastian Elkano irudikatzen duen erliebea; eta, monumentuaren barrualdean, inskripzio batek Elkanorekin batera bidaia amaitu zuten marinelen izenak ikus daitezke.

Sevillan kokatu zen 1518 edo 1519. urtean, eta han jakin zuen Fernando Magallaes izeneko esploratzaile eta itsasgizon portugaldar batek asmoa zuela Asiara joateko, mendebaldetik barrena (hau da, Ozeano Atlantikotik), eta ez Afrika inguratuz, garai hartan portugaldarren esku zegoelako nagusiki.

Magallaesek akordio bat egin zuen Gaztelako Karlos I.a erregearekin espezieak ekartzeko Asiatik; zehazki, europarrek Espezieen Uhartea deitzen zuten leku batera joan nahi zuen, gaur egun Molukak deitzen den Indonesiako uhartedi batera. Espedizio hori osatu zuten bost itsasontzietako batean joan zen Juan Sebastian Elkano getariarra.

 
Magallaesen Victoria ontziaren itsasbidea (gorriz); Elkanok Filipinetatik aurrera agintea hartuta munduari lehen bira eman zion (urdinez).

Espedizioak pasabide bat bilatu behar zuen beste aldera iritsi ahal izateko; eta itsasarte bat aurkitu zuten azkenik Hego Amerikaren hegoaldeko muturrean, 1520an; gaur egun, Magallaes itsasartea izenaz ezagutzen dugu, haren omenez. Era horretara iritsi ziren Ozeano Barera iristea eta lehen aldiz zeharkatzea. Bide batez, Magallaesek ipini zion izen hori, ekaitzik ez zutelako aurkitu bertan, eta bai aldiz asko ordura arte.

Hiru hilabete behar izan zituzten Asiara iristeko; 1521eko martxoan, Filipinetako uharte batean, Magallaes hil zen eta aginterik gabe geratu zen espedizioa; horregatik, azkenean Juan Sebastian Elkano marinela izan zen bidaia osatu zuena. Portugesen mendeko uretan barrena nabigatuz abiapuntura heldu zen, Sevillara alegia, kargamentu baliotsu batez, 1522an; hau da, abiatu zenetik hiru urtera. Eta hasierako 240 marineletatik 18 bakarrik itzuli ziren, Victoria izeneko itsasontzian.

Bidaia errentagarria izan zen, baita alderdi ekonomikoaz aparte ere. Izan ere, espedizio hari esker, argi eta garbi geratu zen lurra biribila zela, ordura arte teoria edo ustea besterik ez baitzen.

Atlantikoaren eta Ozeano Barearen artean itsas lotura zegoela ere egiaztatu ahal izan zuten, eta lurralde eta kultura berriei buruzko oso informazio baliotsua eskuratu zuten.

Balentria horren ordainetan, Karlos V.a erregeak baimena eman zion Elkanori bere armarrian munduaren irudi bat jartzeko, honako esaldi honekin: «Primus circumdedisti me» («Zuk inguratu ninduzun lehen aldiz»).

Heriotza aldatu

Elkano 1525ean beste espedizio batean abiatu zen 1525ean Ekialdeko Indietarantz, Asiarantz, alegia, aurreko erruta edo bide beretik. Espedizio hartan Andres Urdaneta izan zuen bidaide. 1526an lortu zuten Magallaes itsasartea zeharkatzea eta Ozeano Barera iristea, baina handik gutxira hil zen, 50 urterekin. Zenbaiten arabera, eskorbuto izeneko gaixotasun larri bategatik hil zen; baina beste teoria batzuk ere badaude haren heriotzari buruz. Marinelek itsasora bota zuten Elkanoren gorpua (ohitura hori baitzeukaten orduko marinelek: norbait itsasontzian hiltzean, itsasora jaurtitzen zuten haren gorpua).