Sunprinua

Sunprinua (edo sunpriñua) aerofonoen familiako mihi-bikoitzeko soinu-tresna da.

Nolakoa da? aldatu

Hurritzaren azalarekin egindako tutu konikoa da. Goiko muturra zanpatua du, mihi bikoitzeko pita osatuz (oboearena bezalakoa). Tonu aldaketarako bi zulo ditu.

Nola jotzen da? aldatu

Pita ahoan sartu, haizea eman eta doinuak osatzeko dituen bi zuloak itxi eta irekitzen dira, bi eskuetako hatz erakusleekin.

Bi zulo dituenez, hiru notako doinuak eman ditzake. Sunprinuarekin jotzen den doinu nagusiari “Durunbele” deitzen zaio, eta jotzaile bakoitzak libertate handiz bere gustora jotzen zuen: batzuek azkar eta trino asko eginez, beste batzuek polikiago eta nota luzeak emanez.

Non jo izan da sunprinua Euskal Herrian? aldatu

Mihi bikoitzeko soinu-tresna sinpleak eta “oboe” motako tresnen bilakaera prozesuaren hasiera erakusten digutenak, landare edo zuhaitz adarren azalarekin egin izan dira. Batzuetan pita eta gorputza, dena azal puska berarekin egiten da, besteetan pita aparte delarik; batzuetan zulorik gabe, besteetan doinuak jotzeko zuloak dituzte. Tresna mota hau munduan zehar ezaguna da eta Europan esate baterako punta batetik bestera egin eta jotzen dira edo erabiliak izan dira. Horretarako tokian tokiko honako landare hauek erabiltzen dira: lizarra, intxaurrondoa, sahatsa, urkia, gaztainondoa, hurritza... Pirineoetako beste muturrean, Katalunia aldean, asko erabili izan dira.

Euskal Herrian baditugu mota honetako bi soinu-tresna: horietako bat hurritzaren azalarekin egiten da eta sunpriñua izena ematen zaio.

Ez da batere ezaguna gaur egun, erabat galdua dago-eta. Nafarroako Larraungo bailaran, Aralar mendian ibiltzen ziren artzainak izan dira azkeneko sunprinu joleak. 1936ko gerra bitartean normaltasun osoz jo izan dute, geroago ere baten batek jo izan du noizbait.