Erromako Senatuaren irudi artistikoa.

Senatua, demokrazia moderno batean, erakunde politiko bat da, eta bi ganberako sistema duten herrialdeetan, parlamentuarekin batera legeak onartzeaz arduratzen da. Bi ganberako sistema edukitzeak esan nahi du botere legegilea (legeak erabakitzen dituzten erakundeak) bi erakunderen artean banatuta dagoela:

  • Parlamentua: herrialdeko hiritar guztiak ordezkatzen ditu eta legeak proposatu, eztabaidatu eta erabakitzen dituen erakundea da.
  • Senatua: herrialdeko lurraldeak ordezkatzen ditu, eta parlamentuak proposatutako lege-proiektuak hobetu, onartu edo atzera botatzen ditu; hau da, senatuak ezin ditu legeak proposatu.

Senatuan hiritarrak ordezkatzen dituztenak «senatariak» dira, eta, herrialde demokratikoetan, hauteskundeen bitartez hautatzen dira.

Bi ganberako sistema minoritarioa da munduan: herrialdeen erdiak baino gehiagok (% 59) erakunde bakarra dute legeak egiteko.

Senatu guztiek berdin funtzionatzen dute? aldatu

Bi ganberako sistema duten herrialdeetan, erakunde politikoen antolaketa ezberdina izaten da askotan. Herrialde batzuetan, bi erakunde legegileek botere berdina daukate; beste batzuetan, senatuaren egiteko bakarra aholkuak ematea da; eta kasu batzuetan, herrialdeko noblezia da ordezkaturik dagoena, eta beraz, ez dira modu demokratikoan hautatuak izan. Hori da Erresuma Batuan gertatzen dena «Lorden Ganbera» deitutakoarekin (House of Lords); bertan Eliza anglikanoko kideek, nobleziako kideek eta Elizabeth II.a erreginak aukeratutako pertsonek parte hartzen dute. Lordek Parlamentu Britaniarreko politikariei gai politikoei buruzko aholkuak ematen dizkiete eta legeak denbora batez blokea ditzakete.

Ba al dago senaturik Espainian? aldatu

Espainia bi ganberako sistema duten herrialdeetako bat da; hau da, botere legegilea bi erakunderen artean banatuta dago: Diputatuen Kongresua eta Senatua. Hala ere, Diputatuen Kongresuak Senatuak baino botere handiagoa dauka. Kongresuak 350 diputatu ditu, eta Senatuak 266 senatari. Senaturako hauteskundeak Kongresurako hauteskundeekin batera egiten dira, lau urtean behin.

Espainian, Senatuak lurraldeak ordezkatzen ditu. Horregatik autonomia-erkidegoen arteko akordioak ezartzeaz arduratzen da eta eskualdeek Konstituzioa betetzen dutela bermatzen du.

Senatuak lurraldeak ordezkatzen ditu, herrialdeko biztanleria modu ezberdinean banatuta dagoelako: biztanleriaren gehiengoa hiri handietan bizi da, Madrilen edo Bartzelonan, adibidez, eta landa-eremuetan, aldiz, biztanle-dentsitatea txikiagoa da. Hauteskundeetan bakarrik botoen kopuru osoa hartuko balitz kontuan, biztanle gehieneko lurraldeek landa-eremuek baino botere handiagoa izango lukete. Sistema horren helburua, beraz, biztanle gutxieneko probintziei mesede egitea da, gobernuko politiketan izan dezaketen eragina biztanle kopuruaren araberakoa izan ez dadin.

Horregatik, Diputatuen Kongresuaren kasuan, probintzia bakoitzak bere biztanleriaren araberako ordezkari edo diputatu kopuru halako bat dauka; hala, Madrilek eta Bartzelonak 37 eta 32 diputatu dituzte hurrenez hurren, Espainian biztanle gehien dituzten probintziak direlako. Bestalde, Soriak 2 diputatu bakarrik hautatzen ditu, biztanle gutxieneko probintzia izateagatik.

Eta Frantzian? aldatu

Frantziako Senatua Errepublikako bi batzar legegileetako bat da. Erakunde horrek Gobernuak, Nazio Biltzarrak (parlamentua) eta bere kabuz sortutako legeak eztabaidatu eta bozkatzen ditu. Nazio Biltzarrak eta Senatuak bozkatutako testuen artean desadostasunik egotekotan, bi ganberek batzorde bat osatzen dute testu bateratu bat sortzen saiatzeko. Desadostasunean jarraitzen badute, Nazio Biltzarrak du azkeneko hitza.

Senatuko presidentea estatuko hirugarren pertsonarik garrantzitsuena da, Presidentearen eta Lehen Ministroaren ondoren. Errepublikako Presidente gisa jardungo luke Presidentea desagertuko balitz.

Frantziako Senatuak lurraldeak ordezkatzen ditu halaber, eta gaur egun, 348 senatarik osatzen dute. Senatarien agintaldiak 6 urte irauten du, baina senatu erdia 3 urtero aldatzen da. Senatariak sufragio unibertsal ez-zuzenaren bidez hautatzen dira, «hautesle handiak» izenekoen bitartez; horiek diputatuak, kontseilari orokorrak eta departamendu bakoitzeko udaletxeetako ordezkariak dira. Osotara 150.000 hautesle handi inguru daude. Departamendu batzuek 4 senatari hautatzen dituzte, beste batzuek 5, eta, gainera, beste 12 senatari daude itsasoz haraindiko Frantziako lurraldeak ordezkatzeko. Udalerri txikiek handiek baino hautesle handi gehiago dituzte, Frantziako sistema politikoan garrantzia galdu ez dezaten.