Schrödingerren katua aldi berean dago bizirik eta hilda kutxa ez badugu irekitzen.

Schrödingerren katua pentsamenduzko esperimentu bat da, fisika kuantikoan gertatzen den fenomeno arraro bat azaltzeko sortua. Erwin Schrödingerrek proposatu zion Albert Einsteini, fisikako eremu honetan gauza ilogikoak gertatzen direla erakusteko.

Esperimentua aldatu

Esperimentua ulertzeko jakin behar dugu erradioaktibitateak nola funtzionatzen duen. Gauza guztiak (katuak, kutxak, zu eta zure irakaslea) atomoz osatuta daude. Atomo batzuk erradioaktiboak direla esaten da ez badira egonkorrak eta, noizbehinka, erradiazioa igortzen badute. Erradioaktibitatea ausazkoa da, hau da, inoiz ez dakigu zein atomok igorriko duen erradiazioa ez noiz egingo duen, baina atomo asko baditugu jakin dezakegu ze abiaduran gertatuko den.

Demagun, orduan, kutxa batean sartzen dugula materia erradioaktibo bat eta erradioaktibitatea dagoen edo ez neurtzeko tresna bat. Eta tresna horrek erradioaktibitatea dagoela neurtzen duenean, alarma bat piztu beharrean, mailu batekin gas pozoitsua daukan pote bat hausten duela. Eta demagun kutxa horretan katu bat sartu dugula eta kutxa itxi dugula.

Edozein unetan, baina ez dakigu zehazki noiz, atomoek erradiazioa igorriko dute, makinak detektatuko du, mailuak potoa hautsiko du eta pototik gas bat aterako da katua hilko duena. Baina, kutxa itxita dagoenez, ezin dugu jakin hori noiz gertatuko den, edozein unetan izan daitekeelako.

Katua, bizirik ala hilda dago? aldatu

 
Katuaren filmean, bi amaiera posible daude, eta kutxa irekitzen ez dugun bitartean, biak amaierak ari dira grabatzen.

Egoera krudel horretan dagoen katua bizirik ala hilda dagoen galdetu zuen Schrödingerrek. Eta erantzuna da ez bata ez bestea, baizik eta biak batera. Kutxa irekitzen ez dugun bitartean, katua aldi berean dago hilda eta bizirik, bi pelikula ezberdin balira bezala, bata amaiera alaiarekin eta bestea amaiera tristearekin. Kutxa irekitzen dugunean, orduan bai, jakingo dugu ea amaiera bat edo bestea den, baina ez lehenago.

Baina... katua bizirik ala hilda dago? aldatu

Fisika kuantikoan onartzen dugu atomo erradioaktibo bat egon daitekeela osorik edo erradioaktibitatea igorrita, ez baitakigu hori noiz gertatuko den. Estatistika erabilita erabakitzen dugu bi egoeratan egon daitekeela, ezin dugulako jakin zehazki zein egoeratan dagoen zuzenki begiratzen ez dugun arte.

Logika berbera erabiltzen du esperimentu honek atomo bat baino askoz handiagoa den baina, aldi berean, atomoz osatuta dagoen katuaren egoera azaltzeko.

Esan bezala, esperimentu hau ez da benetakoa, fisika kuantikoan dagoen paradoxa edo bitxikeri bat azaltzeko proposatu zuen Schrödingerrek, berari ere ez zitzaiolako gustatzen teoriaren ondorio hau.