Sanjoan lorea Asteracea familiako landare iraunkorra da. Altuerari dagokionez 30 zentimetro eta 1 metro arteko izan ohi da, baina normalean 70 zentimetrora iristen da. Bere hostoak kolore berde ilunekoak; oinarrikoak borobilduak eta peziolodunak; eta zurtoinekoak, luzangak eta lobuludunak. Lore kapituluak, berriz, oso ezagunak: petalo luze eta zuriz inguraturiko, botoi biribil hori bat. Lore kapituluek 2,5-6 cm-tako diametroa izaten dute, eta bi lore mota dituzte: erdialdeko loreak horixkak dira eta tutu formakoak; ertzetakoak (20 inguru), berriz, zuriak dira eta libulatuak, mingain itxurakoak.
Europako erdialdea eta iparraldea da, eta Asiako eremu epeletan bizi da. Euskal Herrian klima ozenikoaren eraginpeko eremu epel eta hezeetan aurkitu dezakegu batez ere. Amerikan eta Australian gizakiak eramanda zabaldu da.
Belardietan, bide bazterretan, eta baso soilguneetan bizi ohi dira, baina baita gizakiak eraldaturiko inguru erruderaletan eta baratzen inguruan ere. Edozein substratu motatan (karetsuak edo silizeoak) agertu daiteke, baina betiere, lurzoru fresko edo nahiko hezeetan. Euskal Herrian 1000 metro inguruko garaierara arte bizi da.
Landare autotrofoa da, hau da, fotosintesiaren bidez fabrikatzen du bere janaria, eta horretarako ura, mineralak, karbono dioxidoa eta eguzki energia behar ditu.
Hazien bitartez ugaltzen da. Haziak animalien laguntzarekin barreiatu eta zabaldu ohi dira, baina bide bazterretan agertzen denean ibilgailuen bitartez ere zabaldu daiteke. Lurpean, errizoma luzeak garatzen ditu eta modu horretara (begetatiboki) ere zabaldu daiteke.