Txikipedia:Rayleighen sakabanaketa

Rayleighen sakabanaketak zeruak kolore urdina izatea eragiten du egunean zehar eta baita egunsentian eta ilunabarrean kolore gorrixkak hartzea ere.

Nola gertatzen da hau? aldatu

 
Zergatik du zeruak kolore hori?

Argia, argi zuria, ostadarraren kolore guztiek batera osatua dago eta kolore hauetako bakoitzak uhin-luzera ezberdina du.

Argi zuri bat kristalezko prisma batetara bideratzen badugu adibidez, ostadarraren koloreak ikusiko ditugu. Hori argiaren barruan dauden kolore ezberdinek uhin-luzera ezberdina dutelako gertatzen da. Kristalezko prismak argiaren abiadura moteldu egiten du, baina moteltze horrek ezberdin eragiten diete uhin-luzera ezberdinei. Bioleta eta urdina dira gehien mantsotzen direnak, gero berdea, horia, laranja eta azkenik gorria. Horrek eragiten du argi zuria kolore ezberdinetan banatzea.

Eguzkiak argi zuriz argitzen du espazioa baina argi horrek, gure atmosferara iristen denean, airean dauden partikulen aurka egiten du talka eta sakabanatu egiten da.

Bioleta eta urdina uhin-luzera txikiagoko koloreak direnez errazago moteltzen eta sakabanatzen dira. Gainerako koloreei gehiago kostatzen zaie sakabanatzea.

Horregatik, Eguzkia zeru gainean denean, eta argiak atmosfera zati txikia igaro behar duenean, bioleta eta urdina baino ez dira sakabanatzen eta zerua urdin koloreko islaz betetzen da.

Eguzkia ortzi mugan baxu dagoenean aldiz, argiak atmosfera gehiago zeharkatu behar izaten du, aire partikula gehiagoren aurka egiten du talka eta ondorioz kolore gehiago sakabanatzen dira. Azkenean kolore laranja eta gorria bakarrik iristen zaizkigu gure begietara.