Ozonoa gure atmosferan dagoen gas urdin argi bat da, Lurrean bizitza egon ahal izateko oso garrantzitsua dena. Oxigenoaren aldaera bat da, edo oxigeno-forma bat, molekulak hiru oxigeno atomoz osatuak dituena. Bere konposizio kimikoagatik bereizten dugu oxigenotik: ohiko oxigenoaren molekula bakoitzak bi atomo ditu, eta ozonoaren molekula bakoitzak, aldiz, hiru ditu. Horregatik, haren formula kimikoa (O3) da. Oxigenoa animalia guztiek behar dute arnasteko; ozonoa, berriz, zenbait kontzentraziotan pozoitsua eta leherkorra da.
Airetik elektrizitate-kargaren bat ―tximista bat, adibidez― pasatzen denean sortzen da ozonoa. Ozonoaren usain desatsegina ekaitz elektriko baten ondoren nabaritzen da, edo tresna elektrikoen inguruan ere bai.
Zergatik da garrantzitsua bizitzarako?
aldatuOzonoa Lurraren goi-atmosferako atal natural bat da. Lurrazalaren gainetik 24 km-ra dago atmosferaren atal hori, eta ozono-geruza du izena. Eguzkiaren izpi arriskutsuak xurgatzen ditu, eta horrela, gizakiak babesten ditu. Lurrera heltzen badira, izpi horiek azaleko minbizia, begiko gaixotasunak eta bestelako osasun-arazoak eragin ditzakete.
Zer gertatzen da ozono-geruzarekin?
aldatuIndustrian erabiltzen diren produktu kimiko batzuek geruza babesle hori suntsitu dezakete. Zientzialariek “zulo” bat aurkitu dute ozono-geruzan, Antartika gainean. Zulo horren kausaz, Eguzkiaren izpi edo erradiazio kaltegarriak zuzenean iristen dira Lurrera, eta arriskutsuak izan daitezke bizidun guztientzat. Horregatik, herrialde askotan produktu kimiko suntsigarri horien erabilera mugatu dute ozono-geruza babestearren.
Ozonoa Lurraren altueretan onuragarria den arren, lurrazalaren inguruko airea kutsatzen du. Atmosferaren maila baxuetan kantitate txikiek ere gizakion begiak narritatzen ditu eta eztula eragiten du. Airean dagoen ozono-kopurua handitzen da autoetako gas-ihesbideetako gasak eta eguzki-argia elkartuta. Hiri handietan bizi direnek osasun-arazoak izaten dituzte bertako ozono-maila altuen ondorioz.