Mir, 1998. urtean.

Mir estazio espazial errusiarra espazioan eraikitako lehen estazioa izan zen. “Mir” izenak “bakea” eta “mundua” esan nahi du errusieraz. Haren zati nagusia 13 metro luze eta 4,2 metro zabal zen. Estazio espazial honek 1986. eta 2001. urteen artean orbitatu zuen Lurra.

Gaur egungo Nazioarteko Espazio-Estazioaren tamainaren laurden bat zuen, eta tripulazioa izan zuen ia denbora guztian 1987tik 2001era arte.

Estazioa hamar urtetan zehar eraiki zen, jatorrizko moduluari (zatiari) zati berriak gehituz. Sei portu zituen, beste espazio-ontziak porturatu ahal izateko. Mir orbitan zegoen bitartean, sobietarrek hainbat gauza gehitu zituzten: bizileku gehiago astronautentzat, espazio gehiago laborategietarako, eta portu hobeak. Behin amaituta, estazioak zazpi modulu zituen, bizilekuekin eta lanerako espazioarekin hiru astronautarentzat.

Lehen bi astronautak 1986ko martxoan iritsi ziren Mir-era. Guztira, 12 herrialdetako 100 pertsona baino gehiago bizi izan ziren estazioan funtzionatu zuen denboran. 1994ko urtarriletik 1995eko martxora bitartean, Valeri Poliakov izeneko kosmonauta eta mediku errusiarrak iraupen-errekorra hautsi zuen, 438 egun jarraian iraun zuelako espazioan. Estazioa bost urtez bakarrik irauteko diseinatu zen, eta hainbat istripu eta matxura izan zituen 1996tik 1997ra, baina hala ere erabiltzen jarraitu zen. 2001eko martxoan, Mir ez zen gehiago behar eta beraz orbitatik atera zuten. Lurraren atmosferan hautsi egin zen.