Legendary roverra

Mars roverrak NASA espazio-agentzia estatubatuarrak Martera bidali dituen motordun ibilgailu robotiko edo automatizatuak dira. Rover hauek planeta gorriaren gainazala esploratu eta eremu zabalak arakatzeko gai dira.

1970eko hamarkadatik zientzialariek hainbat espazio-ontzi bidali dituzte Martera. Horietako batzuk planetaren inguruan biraka ibiltzen ziren argazkiak ateratzen. Beste batzuek, «landers» izenekoek, argazkiak ateratzen zituzten eta Marteri buruzko informazioa biltzen zuten. Roverrek, berriz, gurpilak dituzte eta distantzia motzetan mugi daitezke.

Zientzialariek roverrei esker jakiten dute planeta bakoitzaren zati bakoitza zerekin eginda dagoen. Martek arroka desberdin asko ditu, eta arroka bakoitza elementu kimikoen nahasketa batez osatuta dago. Rover bat toki batetik bestera ibil daiteke, arroka horien elementu kimikoak aztertzen. Elementu kimiko horiei esker jakin dezakete zientzialariek nola aldatu den arroka bakoitza denborarekin.

2021. urtera arte NASAk bost rover bidaldu ditu Martera: Sojourner, Spirit, Opportunity, Curiosity eta Perseverance.

Sojourner

aldatu

Rover hau Marte aztertzera bidalitako lehen gailua izan zen. 1997. urteko uztailean iritsi zen Mars Pathfinder izeneko misioa betetzera. Mikrouhin-labe baten neurria besterik ez zuen eta oso poliki mugitzen zen. Hala ere, zientzialarientzat garrantzitsua izan zen informazio berria jaso zuen.

Roverrak lur hartu zuen tokitik gertu zegoen Marteko zati bat aztertu zuen, Ares Vallis izenekoa. Zientzialariek interesa zuten zati horretan, aspaldiko uholde baten tokia izan zela uste zutelako. Uholde bateko urak arroka asko eta zikinkeriak toki jakin batera mugituko zituen. Horrek esan nahi du, roverrak arroka desberdin asko aztertzeko aukera izango zuela oso urrutira joan gabe. Ingeniariei ere gustatu zitzaien gune hori, toki laua zelako eta Sojourner roverrarentzat segurua.

Roverra distantzia motzetan mugitzen zen eta kamera bat erabiltzen zuen Marteko paisaiari argazkiak egiteko. Planeta gorriaren 550 argazkitik gora bildu zituen. Gainera, tresna batzuk zituen arroken eta Marteko lurraren osagaiak aztertzeko. Horretaz gain, Marteko haizeari edota beste elementu meteorologikoei buruzko informazioa ere bildu zuen.

Urrutitik ikusita teleskopio batetik, Martek hotza, lehorra eta harritsua dirudi. Baina Sojourner gailuak ateratako argazkiak ikusita, zientzialariek pentsatzen dute garai batean Marte epelagoa eta hezeagoa izan zela.

Spirit eta Opportunity

aldatu

Sojourner gailuaren arrakastaren ondoren, NASAk rover gehiago bidali nahi izan zituen Marte miatzera. 2003. urtean bi rover bidali zituzten planeta gorrira, Spirit eta Opportunity izenekoak. Bi rover horiek Mars Exploration Rover misioaren parte izan ziren.

Spirit eta Opportunity biki bezala eraiki ziren. Biak ala biak ere tresna zientifiko berberak zituzten eta golfeko karrotxo baten tamainakoak ziren. Spirit eta Opportunity Marteko uraren historia eta aurretik bizirik izan zen ala ez aztertzeko bidali zituzten. Horretarako, zientzialariek bi roverrak toki askotara bidali zituzten, rover bakoitza planetaren punta batera.

Spirit gailua Gusev izeneko kraterrera iritsi zen. Zientzialariek krater hura miatu nahi zuten, pentsatzen zutelako ura izan zela han garai batean. Sateliteetatik ateratako argazkiak ikusita, ondorioztatu zuten hainbat ibai handi izan zirela Gusev kraterrean.

Opportunity Marteren beste aldera iritsi zen, Meridiani Planum izeneko toki batera. Eremu egokia iruditu zitzaien, laua zelako eta roverrarentzat segurua. Gainera, satelite batek erakutsi zuen hematita grisa izeneko mineral bat egon litekeela eremu horretan, eta Lurrean, hematita grisa uraren inguruan topatu ohi da.

Spirit gailuak Marteko argazki asko bildu zituen. Rover batek beste planeta batean atera zituen lehenengo koloretako argazkiak bildu zituen. Gainera, Marten ura izan zela baieztatzeko arrastoak aurkitu zituen, eta aktibitate geotermiko eta bolkanikoaren arrasto edo zantzuak aurkitu zituen. Duela milioika urte ur termalak zituen hainbat eremu miatu zituen.

Opportunity gailuak ere Marteko paisaiaren argazki asko atera zituen koloretan, eta hark ere aurkitu zituen ur arrastoak. Opportunityk lur hartu zuen tokitik gertu zegoen arrokako mineral-geruzak aztertu zituen. Jaso zituen laginek erakutsi zuten toki hura itsaso gazi baten kosta izan zela.

Curiosity

aldatu
 
Curiosity roverraren irudi artistikoa

Curiosity Martera bidali zuten beste rover bat da; haren helburua zera izan zen: Martek mikrobioen bizitza mantentzeko baldintza egokiak zituen ala ez aztertzea. Kontuan izanda Lurrean ura dagoen tokian izaki bizidunak daudela, eta Marten ura zegoela aspaldiko garairen batean, ba al zituen izaki bizidunentzat beharrezkoak diren gainerako baldintzak?

Horri erantzuteko, NASAk Curiosity roverra bidali zuen Martera. Curiosity beste planeta batera iritsi den robotik handiena zen, lur orotako ibilgailu baten neurrikoa. Gainera, aurreko roverrek baino gurpil handiagoak zituen. Gurpilei esker, arazorik gabe ibil zitekeen arroken eta hondarraren artean. Hala ere, ez zuen 200 metro baino gehiago egin.

Curiosity Gale kraterrera joan zen. Krater hori berezia da, erdian mendi altu bat duelako. Mendi horrek arroka geruza asko ditu eta geruza bakoitza denbora desberdin bateko mineral desberdinez dago osatuta. Mineral horiei esker, zientzialariek gehiago jakin dezakete Marteko urari buruz.

Rover horrek tresna zientifiko asko erabili zituen Gale kraterreko arrokak aztertzeko. Curiosity gailuak zulagailu bat erabili zuen eta arroka bati zuloa egin zion, garai batean laku bateko lokatz izan zen arrokari. Gailu horren beste tresna batek arroka zulatzean sortutako hautsa aztertu zuen. Informazio horrek jakinarazi zien zientzialariei Gale kraterrak bazituela aspaldiko izaki bizidunak bizitzeko behar zituzten osagaiak.

Perseverance

aldatu

2021eko otsailaren 18an Mars 2020 misioa betetzeko Martera iritsi zen roverra da. Haren helburua Marteko Jezero kraterra miatzea zen. Rover horrek planeta gorriari buruzko galdera asko erantzungo ditu eta lehenaldiko mikrobioen bizitzaren zantzuak bilatuko ditu.

Zientzialariek posibletzat jotzen dute oso aspaldiko garaian Marten bizitza egon izana. Izaki bizidunak egon baziren, organismo txiki-txikiak izango ziren seguraski, gure planetako bakterioak bezalakoak. Baina egon al zen benetan bizitzarik Marten?

Marte 2020 misioak galdera horri erantzutea du helburu Perseverance roverrarekin. Rover horrek lur orotarako ibilgailu baten neurria du eta kamerak zein tresna desberdinak diru. Gainera, rover berriak baliabide natural bat erabiliko du, Martera joateko misioan lagunduko duena.

Marteko atmosfera karbono dioxido deituriko gas batez osatuta dago neurri handi batean. Baina izaki bizidun gehienek (baita gizakiok ere) oxigenoa behar dugu arnasteko. Gizaki bat Martera joatekotan balego, oxigeno asko eraman beharko luke. Hala ere, espazio-ontzian ez dago leku askorik oxigenoa eramateko.

Beraz, roverra Marteko atmosferako airetik oxigenoa eskuratzeko metodo bat erabiltzen saiatuko da. Horrek aukera emango dio NASAri gizakiak Martera bidaltzeko gailu hobeak sortzeko.