Perseverance roverra Marteko azalean

Mars 2020 (euskaraz: «Marte 2020»), NASAk Marte planeta ikertzeko antolatutako espazio-misio bat da. Misio honetan, espazio-zunda bat jaurti zen 2020ko uztailaren 30ean eta 2021eko otsailaren 18an iritsi zen Martera. Misio horretan Perseverance roverrak eta Ingenuity helikopteroak hartu dute parte. Marteko zati bat ari dira ikertzen, Jezero kraterra, hain zuzen ere. Misio horrek planeta gorriaren inguruko galdera asko argitzen lagunduko du, eta baita aurretik bizitzarik izan den edo ez aztertzen ere.

Perseverance roverra Jezero izeneko kraterrera iritsi zen. Krater hori interesgarria da zientzialarientzat Marteko zati oso zaharra delako, eta garai bateko ibai baten delta izan litekeelako. Zati horretako arrokek planeta gorriaren historiaren berri eman dezakete eta beharbada bizi-arrastoak izan ditzakete oraindik.

Zein helburu ditu?

aldatu

Zientzialariek posibletzat jotzen dute duela urte asko Marten bizitza egotea. Izaki bizidunak egon baziren, organismo txiki-txikiak izango ziren seguraski, gure planetako bakterioak bezalakoak. Baina egon al zen benetan bizitzarik Marten?

Marte 2020 misioak galdera horri erantzuna ematea du helburu. Misioak Perseverance roverra bidali zuen Martera planeta hartako arrokak, lurra eta airea aztertzeko. Kuriositate gisa, Perseverance ibilgailua kirol-auto txiki baten tamainakoa da. Rover berriak beste helburu bat du eta instrumentu desberdinak. Rover horrek Marten bizitzarik egon ote zen ala ez aztertuko du zuzenean.

Gainera, rover berriak baliabide natural bat erabiliko du, Martera joateko misioan lagunduko duena.

Marteko atmosfera karbono dioxido deituriko gas batez osatuta dago neurri handi batean. Baina izaki bizidun gehienek (baita gizakiok ere) oxigenoa behar dugu arnasteko. Gizaki bat Martera joatekotan balego, oxigeno asko eraman beharko luke. Hala ere, espazio-ontzian ez dago leku askorik oxigenoa eramateko.

Beraz, roverra Marteko atmosferako airetik oxigenoa eskuratzeko metodo bat erabiltzen saiatuko da. Horrek NASAri lagunduko dio aztertzen zein den modurik egokiena egunen batean gizakiak Martera bidaltzeko.