Margarita Angulemakoaren erretratua.

Margarita Nafarroakoa edo Margarita Angulemakoa Nafarroako erregina bat izan zen; 1492ko apirilaren 11an jaio zen Anguleman eta 1549ko abenduaren 21ean hil zen Odosen (Pirinio Atlantikoak). Literaturan ere aritu zen.

Haren aita Karlos Orleansekoa  zen, Angulemako konde (1459-1496) eta Frantziako Luis XII.aren lehengusua. Haren ama Luisa Savoiakoa zen. 1509an, Karlos IV.a Alençongoarekin ezkondu zen. Luis XII.a 1515. urtean hil zen eta Margaritaren neba, Frantzisko I.a, oinordekoa izan zen, Luis XII.ak bi alaba besterik ez zuelako. Margarita Angulemakoak Frantziako gortearen bizitzan parte hartu zuen eta interesa agertu zuen Erreforma Protestantearen ideia berrien inguruan.

Karlos IV.a Alençongoa, haren senarra, 1525ean hil zen. 1527an Nafarroako erregearekin, Henrike II.a Albretekoarekin ezkondu zen, eta alaba bat izan zuen, Joana Albretekoa (geroago Nafarroako erregina eta Henrike IV.a Frantziakoaren ama izan zena). Humanistak eta idazleak babestu eta hartu zituen Nafarroako gortean.

Nafarroako Margarita literaturan ere aritu zen; poemak, ipuinak eta komediak idatzi zituen. Ezagunenak honako hauek dira: Les Marguerites de la Marguerite des princesses (1531an argitaratua) eta L'Heptaméron, 72 ipuinez osatutako bilduma bat (1559).