Maiasaura heldu baten eta kume baten ustezko irudia.

Maiasaura ahate-mokodun dinosauro handi bat izan zen. Ahate-mokoa, adarrak eta kupula itxurako burua zituzten dinosauroen taldeko kide bat zen. Maiasaura izenak “ama oneko musker” esan nahi du. Zientzialariek uste dute Maiasaurek taldean egiten zutela habia eta kumeak dinosauro-haztegi handietan zaintzen zituztela.

Maiasaura duela 100 - 65,5 milioi urte bizi izan zen, Kretazeo Berantiarra deituriko garaian. Ipar Amerikan aurkitu dira dinosauro hauen arrastoak.

Nolakoa zen? aldatu

Maiasaura 9 metro luze zen, eta hortzik gabeko moko motz eta zabala zuen. Aho barruan ehunka hortz zituen landareak mastekatzeko. Buru baxua zuen, eta hezurrezko gandor txiki bat begien artean. Maiasauraren buztana luzea eta puntazorrotza zen. Ahate-mokodun beste dinosauroen antzera, haren atzeko hankak aurrekoak baino luzeagoak ziren. Zientzialariek uste dute segur aski Maiasaura lau hanketan mugitzen zela janari bila, eta atzeko hankekin egiten zuela korrika arriskutik ihes egiteko.

Portaera aldatu

Maiasaura belarjalea zen. Beste dinosauro batzuek bezala, arrautzak erruten zituen, hau da, obiparoa zen. Fosilek frogatu dute taldean egiten zuela habia eta kumeak arrautzatik irten ondoren elikatzen zituela. Frogatu da, era berean, Maiasaurak emigratu egiten zuela, hau da, toki batetik bestera mugitzen zela, janari bila. Taldean migratzen zuen.