Jane Austenrn erretratua. (Egilea Cassandra Austen, Jane Austenen ahizpa nagusia).

Jane Austen ingelesezko literaturako idazlerik ospetsuenetako bat da, baina baita munduko eta garai guztietako literaturgilerik handienetakoa ere. XVIII. mendean jaio zen, 1775ean zehazki, eta XIX. mendean hil, 1817an. Beraz, 41 urtez bizi izan zen.

Oso gazte zelarik hasi zen idazten, 1787 eta 1793 artean familia giroan irakurtzeko moduko idazlanak idatzi zituen. Baina literaturaren historiara igaroko ziren lanak geroago idatziko zituen. Bere lanik entzutetzuenak nobelak dira. Nobela horiek izan zuten arrakastarik esker bere poema batzuk eta eskutitz batzuk ere argitaratu ziren gero.

Austen familia nekazaritza giroko nobleziaren kide zen, errentak kobratzetik bizi zen jendea, eta testuinguru horretan kokatu zituen bere istorio guztiak. Jane Austenen eleberrietan protagonismo handia zeukaten emakume gazteek eta euren ezkontzen inguruan sortzen ziren kezkak eta gatazkatxoak nobelaren mamia izaten zen. Izan ere, garai haietan, alabak zituzten familien ardura nagusienetako bat zen alabak "ondo" ezkontzea. Austenen lanak eragin handia izan du literaturaren historian eta, batez ere, nobela modernoaren garapenean. Horrelako familien giroa ezagutzeko aukera eman zigun Jane Austenek, eta nahiz eta denbora oso luzea igaro den, oraindik ere gustura irakurtzen diren eleberriak dira.

Bizitza aldatu

Ingalaterran, Steventon izeneko herri txikian jaio zen 1775eko abenduaren 16an, nekazari-nobleziako (ingelesez: landed-gentry) familia batean. George Austen, aita, eta bere emazte Cassandraren (jaiotzez Leigh abizenekoa) zazpigarren alaba izan zen. Aita apaiz anglikanoa zen, bertako parrokiako erretorea. Kristautasunaren adar anglikanoko apaizak ezkon daitezke. Gehienbat naekazaritzatik bizi ziren nekazariek ordaintzen zizkieten errentetatik bizi ziren. Zortzi anai-arrebetatik zazpigarrena izan zen Jane; bere ahizpa nagusia Cassandra, margolari amateurra, eta Jane bera izan ziren emakumezko bakarrak.

Zazpi urtetik bederatzi urtera bitartean Jane Austen bere ahizpa Cassandrarekin batera Oxford, Southamptom eta Readingera joan zen ikastera, baina gehien bat etxean jaso zuen hezkuntza, bere aitaren eskutik. Izan ere, George Austen apaiz eskolatua zen (Oxfordeko St. John's Collegen ikasia). Garai haietan emakumezkoei ez zitzaien, normalean, aparteko heziketa ematen, eta ematekotan, betiere mutilei ematen zitzaien heziketaren oso bestelakoa izaten zen. Jane Austen gazteari irakurtzea gustatzen zitzaion, nonbait, eta oso gazte zelarik hasi zen bera ere idazten.

Ezaguna da Austen jaunak liburutegi zabala zuela eta ikasleak hartzen zituela bere etxean, nekazaritza errentetatik zetozen diru-sarrerak osatze aldera. Beraz, pentsa daiteke Janek eta bere ahizpa Cassandrak aita maisu izatearen onura intelektualak jaso zituztela.

1787 eta 1793 artean. Jane Austen oso gaztetatik hasi zen idazten. 1787-1793 bitarteko urteetan Juvenilia izenez ezagutzen den obra idatzi zuen, bere gaztaroko testuen bilduma. Lan honek hainbat generotako idazkiak jasotzen ditu: nobela laburra, pasarte solteak ere baditu, fikziozko gutunak eta antzerki motzak, baita Ingalaterrako historia labur bat ere.

1795 eta 1799 bitartean literaturaren historiara igaro diren nobela oso entzutetsuak idatzi zituen Sense and sensibility, Harrotasuna eta aurrejuzguak eta Northanger Abbey izenaz ezagutuko ziren eleberrien lehen bertsioak idatzi zituen; lehen momentu horietan beste izenburu batzuk zituzten: Elinor and Marianne, First impressions eta Susan, hurrenez hurren.

Nekazaritza giroko nobleziako neska gazteen inguruko kontuak narratu egiten dira nobela horietan. Emakume gazteek protagonismo handia dute nobeletan. Jane Austenek oso ondo ezagutzen zuen mundua primeran deskribatu zuen, bere mundua.

Ez Jane Austen, ez bere ahizpa Cassandra ere, ez ziren inoiz ezkondu. 20 urte zituelarik Janek Thomas Lefroyrekin harreman bat izan zuen, baina 1796an bere ahizpari idatzi zion esanez beraien arteko harremana bukatu egin zela, Thomasek ezin baitzuen Janekin ezkondu arrazoi ekonomikoak zirela eta. Horren ondoren, ez zuen ezkontzeko konpromisorik hartu.

Jane Austenen nobeletan bere esperientzietatik gertu egon zitezkeen kontuak agertzen dira. Emakume gazte eta gizon gazte harremanetan hasteko euren garaitako zailtasunak-eta primeran kontatzen ditu.

Jane Austen Steventonen bizi izan zen 25 urte bete arte, baina 1801ean bere gurasoekin eta ahizparekin Bath hirira joan zen bizitzera, aitaren osasun makalagatik. 1805ean hil zen George Austen, eta bere heriotzak emazte alargundua eta bi alabak (etxean geratzen ziren senide bakarrak) egoera ekonomiko estuan utzi zituen. Egoera berri honen ondorioz 1806an bizilekuz aldatu zuten eta Southamptonera joan ziren bizitzera.

1809an berriz ere bizilekuz aldatu zuten eta Chawtonera mugitu ziren. Chawton Hampshiren dago eta han idatzi zituen Jane Austenek bere nobela gehienak.

1811 eta 1818ra bitartean Jane Austenek sei eleberri argitaratu zituen, horietako batzuk, gazteago zenean idatziak, pixka bat zuzenduz: Sense and sensibility (1811), Harrotasuna eta aurrejuzguak (1813), Mansfield Park (1814), Emma (1816), Northanger Abbey eta Persuasion (azken bi horiek hil ondoren 1818an argitaratuak). Bukatu gabe utzi zuen bere hurrengo eleberria izan behar zuen Sanditon.

Bere irakurle gehienek ez zioten izenik ezagutzen, bere lanak “By a Lady” (Dama bat) sinadurapean argitaratu baitzituen. Anonimotasuna mantentzen saiatu zen beti, baina baten batzuk moldatu ziren bere egiazko nortasuna ezagutzeko. Horren adierazle da Jurgi erregeordearekin gertatutakoa. 1815ean Jane Austen Londresen zela jakin zuen eta moldatu zen eskari bat luzatzeko: hurrengo liburua berari eskaini ziezaiola. Eta horrela gertatu zen: Emma eleberria Jurgi printzeari eskainita argitaratu zen.

1817an Jane Austen gaixotu egin zen. Bere medikuarengandik hurbilago egoteko Winchesterrera aldatu zen Cassandrarekin, baina azkenik 1817ko uztailaren 18an hil zen, 41 urte zituela. Orduan ez zen ezagutzen heriotza eragin zion gaixotasuna zein zen, baina gaur egun Addisonen gaixotasun oso urriaren ondorioz hil zela uste da. Winchesterreko katedralean dago hilobiratua. Ohore handia da ingelesentzat horrelako toki batean hilobiratuta egotea.

   Ba al dakizu    
Jane Austenen irudia Britania Handiko 10 libera esterlinako billeteetan aspalditik erabiltzen da. Bertan, Jane Austenen aurpegia ikus daiteke, garai hartan ohikoak ziren txano batekin. Ikusten da, baita, emakume gazte bat idazten eta Jane Austenen garaiko nekazaritza giroko etxe aberats bat. Eta azpian idazlearen esaldi bat ere bai: "I declare after all there is no ejoyment like reading!"


Zein dira haren lanik ospetsuenak? aldatu

Oso gazte zelarik idatzitako lanak ziur aski ez lirateke argitaratuak egongo bere lan nagusien itzal handiagatik ez balitz. Bere lan asko filmak egiteko erabili izan dira. Bere nagusiak honako hauek dira:

Eleberriak aldatu

Eleberri laburra aldatu

  • Lady Susan (eleberria) (1794, 1805).
 
Jane Austenek idatzitako gutun bat.

Bukatu gabeko eleberriak aldatu

  • Watsondarrak (The Watsons) (amaitu gabeko eleberria) (1804). Itzultzailea: Ana Isabel Morales. Denonartean. 2014.
  • Sanditon (amaitu gabeko eleberria) (1817)

Beste lanak aldatu

  • Sir Charles Grandison (adapted play) (1793, 1800)
  • Plan of a Novel (1815)
  • Poems (1796-1817)
  • Prayers (1796-1817)
  • Letters (1796-1817)

Gazte garaiko lanak aldatu

Egileak berak bildu zituen hiru liburukitan gazte garaietako lanak familia giroan irakurtzeko. Lan horiek 1787 eta 1793 artean idatzi zituen. 1922an argitaratu ziren.

Juvenilia. Lehenengo liburukia

  • "Frederic & Elfrida"
  • "Jack & Alice"
  • "Edgar & Emma"
  • "Henry and Eliza"
  • "The Adventures of Mr. Harley"
  • "Sir William Mountague"
  • "Memoirs of Mr. Clifford"
  • "The Beautifull Cassandra"
  • "Amelia Webster"
  • "The Visit"
  • "The Mystery"
  • "The Three Sisters"
  • "A beautiful description"
  • "The generous Curate"
  • "Ode to Pity"

Juvenilia. Bigarren liburukia

  • "Love and Freindship"
  • "Lesley Castle"
  • "The History of England"
  • "A Collection of Letters"
  • "The female philosopher"
  • "The first Act of a Comedy"
  • "A Letter from a Young Lady"
  • "A Tour through Wales"
  • "A Tale"

Juvenilia. Hirugarren liburukia

  • "Evelyn"
  • "Catharine, or the Bower"

Euskaratuak aldatu

  • Harrotasuna eta aurrejuzguak. Elkar, 2013. Itzultzailea, Ana Isabel Morales.
  • Watsondarrak. Denonartean, 2014. itzultzailea, Ana Isabel Morales.