Strokkur geiserra, Islandian

Geiserrak ur beroko igerileku naturalak dira, batzuetan erupzioan sartzen direnak; horrelakoetan, lurruna eta ur beroa gorantz botatzen dituzte. Ur beroko igerilekua iturri termal izenaz ezagutzen dugu. Geiser terminoa islandierazko “geiser” hitzetik dator eta, berez, “hazi” esan nahi du. Geiserrek fumarolen antzeko ezaugarriak dituzte, baina gasak eta lurruna bakarrik botatzen dituzte kanpora.

Ur termalak sumendietatik gertu dauden lekuetan egon ohi dira. Lurpeko magmak hurbil dagoen lurrazpiko ura berotzen du. Ura orduan lurrazalera igotzen da, iturri termal bat sortuz. Ura faila baten bidez edo beste arrakala baten bidez igotzen da gorantz. Beheko ura irakiten hasi eta tenperatura oso handia hartzen duenean, lurrun bihurtzen da. Prozesu horrek ura gorantz bultzatzen du, batzuetan indar handiz. Lurrazalean uraren zati bat kanporatu ondoren, azpiko presioa gutxitu egiten da; hori dela eta, beheko ura lurrun bihurtzen da. Lurruna orduan zabaldu egiten da eta indar handiz ur beroa kanporatzen du berarekin batera.

Geiser gehienak Islandian, Zeelanda Berrian eta Estatu Batuetan daude. Yellowstoneko Parke Nazionalean hainbat geiser eta ur termal daude. Geiser ezagunenetariko bat Old Faithfull deiturikoa da. Izen hori du askotan sartzen delako erupzioan. Erupzio bakoitzarekin batera 14.000 eta 32.000 litro ur kanporatzen direla uste da. Ur-zurrustek 55 metro baino gehiagoko altuera har dezakete.