Euskalkiak euskararen dialektoak dira, hau da, euskaraz hitz egiteko lekuan lekuko aldaerak. Dialektoak hizkuntza batean dauden aldaerak dira. Hizkuntza askotan, hizkuntza hori dakiten hiztunek pentsatzen dute beste lurraldeetakoek hizkuntza berbera erabiltzen badute ere, desberdin hitz egiten dutela. Eta hori da euskararekin gertatzen dena, ahoz aho transmititu den hizkuntzan aldaerak soma daitezkeela Euskal Herriko leku batzuetatik beste batzuetara.
Gaur egun, euskaldun bat Euskal Herria zeharkatzen badu, mendebaldeko mutur batetik ekialdeko beste muturreraino, esate baterako, eta bertoko euskaldunekin hitz egiten badu, konturatuko da herritik herrira aldaketa txikitxo batzuk badaudela. Hurbil dauden herrietan aldaera txikiak izaten dira herritik herria, baina distantzia handiagoetara dauden herrietako hizkerak konparatzen baditugu, aldaeren arteko aldea handitzen dela nabaritzen da. Aldaketa horiek guztiak mapa batean islatuko bagenitu ikusiko genuke aldaera batzuk, hitz batzuk, esamolde batzuk, oso zabalduak daudela, eta beste batzuk, ordea, oso toki jakin gutxi batzuetan topa daitezkeela. Hizkuntzalariek aldaera horien katalogoa egin izan dute, eta aldaeren multzoak sailkatu dituzte, eta horrela, euskararen dialekto batzuk, euskalki batzuk, berezitu dituzte. Eta jendeari erakusteko multzokatutako hizkuntza aldaerekin mapak margotu dituzte.
Munduko hizkuntza guztietan, bizirik dauden hizkuntzetan, aldaerak gertatzen dira denborarekin. Aiton-amonek eta bilobek ez dute berdin-berdin hitz egiten. Hizkuntza bera egiten badute ere, urteak joan urteak etorri, eta hitz eta esamolde batzuk erabiltzeari uzten zaie eta beste hitz eta esamolde batzuk, ordea, modan jartzen dira. Horrela munduko hizkuntza guztiek pixkanaka-pixkanaka aldatzeko joera daukate. Horrela, esate baterako, garai batean latinez hitz egiten zen Erromatar inperioko lurraldeetan, Erroma inguruko hizkuntza. Denborarekin, inperio zabala izanik, aldaerak sortu ziren lurralde guztietan, latinaren dialektoak... Dialekto horietako batzuk lurralde batzuetan nagusitu ziren, beste batzuk galdu... eta mende batzuk geroago, latinaren dialektoak hain desberdinak ziren haien artean, ezen hizkuntzalariek latinaren dialektoak esan beharrean hizkuntza erromanikoak berezitzen hasi zirela.
Arrazoi praktikoengatik komeni izaten da hizkuntza baten aldaeren artean sortzen den aniztasuna murriztea. Liburuak inprimatzen badira, eskola sistema bat antolatzen bada, hedabideak sortzen badira... Zein dialekto edo euskalki erabiliko dugu? Bakoitzak idatziko ditu hitzak eta esamoldeak bere herrian ahoskatzen diren bezala. Nongo euskalkia ikasiko du euskara ikasi nahi duen batek? Euskalkien artean dagoen aniztasunak sor ditzakeen problema praktiko batzuei aurre egiteko, idazten diren munduko hizkuntza askotan bezala, dialekto estandar bat sortu zen XX. mendean: euskara batua.