Euoplocephalus baten ustezko itxura.

Euoplocephalus lau zangotan ibiltzen zen dinosauro belarjale bat zen, ankilosaurio deituriko familiakoa. Familia horretakoek hezurrezko xaflak zituzten bizkarrean eta hegaletan, beren buruak babesteko armadura gisa. Euoplocephalusa, ordea, desberdina zen beste ankilosauroetatik, aurpegia ―baita betazalak ere― babesten zioten hezurrak ere bazituelako.

Euoplocephalusa Kretazeo Berantiarra deituriko garai batean bizi izan zen, duela 99 eta 65.5 milioi urte bitartean. Kanadan eta Estatu Batuetan aurkitu dira Euoplocephalus batzuen arrastoak.

Nolakoa zen?

aldatu

Euoplocephalusa dinosauro oso indartsua zen. Luzean 6 metro zituen, eta ziur aski 2 tona baino gehiago pisatuko zuen. Gorputz zabal eta baxua zuen, eta zango labur baina indartsuak ibiltzeko. Adar handi batzuk irteten zitzaizkion bai buruaren atzealdetik eta bai aurpegiaren masail aldetik. Ankilosauro guztiak bezala, Euoplocephalusak buztan gogorra zuen, mailu astun batekin puntan.

Portaera

aldatu

Euoplocephalusa oso motel mugitzen zen; horregatik, hezurrezko xaflen behar handia izaten zuen etsaiengandik babesteko. Buztaneko mailua bere burua defendatzeko erabiltzen zuen. Erasotzen ziotenean, Euoplocepahlusak indar handiarekin astintzen zuen buztana. Beste dinosauroak bezala, obiparoa zen, hau da, arrautzak erruten zituen.