Italiako Stromboli sumendiaren erupzioa, 2015ean.

Erupzioa deitzen zaio sumendi batek lurraren barnealdeko materialak (laba, gasa, hautsa eta kidekoak) lurrazaletik bortizki kanporatzeari.

Sumendien erupzioak Lurreko mantuan dagoen magmaren tenperatura igotzearen ondorioz gertatzen dira. Magman irakiten dagoen laba kanporatu egiten da erupzioan, batzuetan oso modu bortitzean. Labaren barruan gas ugari dagoenean itxita, gaso horrek presio handia izan dezake, eta aurkitzen duten erresistentzia gainditzen dutenean, indar handiz ateratzen dira sumenditik, erupzio leherkor batean. Erupzio mota hauxe da denetan arriskugarriena; izan ere, erupzio bolkaniko edo leherkor hauetan, magma suzko-hodei batean atera daiteke kanpora, 1.200 gradurainoko tenperaturarekin, eta su-hodei horrek orduko 100 km baino gehiagoko abiaduran heda daiteke sumendi inguruetara. Gainera, erupzio horiek astinaldi handiak eragiten dituzte lurrean, eta kalte material handiak eragin ditzakete, bai eta bizi-galerak ere gizakien artean eta animalia eta landare espezieen artean ere. Horrelakoetan, hondamen natural bat dela esan ohi da.

Baina sumendi guztiek ez dituzte erupzio leherkorrak izaten; batzuetan, laba oso trinkoa ez bada, gasak erraztasun handiagoz irten daitezke kanporantz; horrelakoetan, erupzioak ez dira hain bortitzak izaten, eta, batzuetan, denbora luzez jarrai dezakete.

Erupzioak zehazki noiz gertatuko diren aurresateko modurik ez dago, baina, batzuetan, astinaldi sismikoak eta fumarolak gertatzen dira lehenago.

XX. mendean, Filipinetako Pinatubo sumendiak izan zuen erupzio bolkanikorik garrantzitsuena, planeta osoari eragin zioten ondorioak izan zituelako. Sumendi honek, 1991eko apirilean, 600 urtez lo egon ondoren, jarduera bolkanikoen lehen zeinuak erakutsi zituen. Haren erupzioak 1,8 milioi biztanleri eragin zien eta mila lagun inguru hil zituen, bai eta 86.000 hektarea lur errautsez estali ere.