Txikipedia:Ebakortz
Ebakortzak zenbait ugaztunek (haien artean, gizakiek) dituzten hortz berezi batzuk dira, batez ere janaria ebakitzeko erabiltzen direnak. Gizakiok 4 ebakortz ditugu goiko masailezurrean eta beste 4 behekoan; ahoaren aurrealdean ditugun hortz zapalak dira, ertz zabal eta zorrotza dutenak, janaria ebakitzeko formarik egokiena delako hori. Gizakion baitan, goiko masailezurreko lau ebakortzetatik bi, erdikoak, handiagoak izaten dira askotan, eta alboko beste biak txikiagoak; beheko ebakortzak, aldiz, berdin samarrak izaten dira, eta goiko alboetakoen antzekoak.
Animalia herbiboro edo belarjaleek (landareak jaten dituztenek) landareen zurtoinak ebkitzeko erabiltzen dituzte, eta haietako batzuek, karraskariek hain zuzen, oso sendoak izaten dituzte ebakortzak. Karniboro edo haragijale gehienek, berriz, ebakortz txikiak izaten dituzte, batez ere letagin zorrotzak erabiltzen dituztelako haragia urratzeko edo beste animaliak ehizatu eta hiltzeko.