Eskolako jazarpena duintasunaren aurkako eraso bat da

Duintasuna etikaren barruko kontzeptu bat da, zeinen arabera pertsona guztiak gizakiak izateagatik baliotsuak, garrantzitsuak eta errespetagarriak baitira, edozein dela ere haien sexua, kultura, erlijioa eta abar. Pertsonak berez dira baliotsuak, eta ez "zerbaitetarako balio dutelako", baizik eta existitzen direlako, horregatik bakarrik. Norbait pertsona bezala tratatzeak esan nahi du, besteak beste, pertsona hori ordezkaezina dela eta horregatik bakarrik merezi duela duintasunez tratatua izatea. Pertsona guztiek, zahar eta ume, gizon eta emakume, dute duintasuna eta, beraz, baliotsuak dira eta babesa, begirunea, laguntza eta zaintza merezi dute.

Gizaki guztiek duintasuna dutela esateak esan nahi du giza bizitzak berez duela balioa. Horregatik, giza bizitzari balioa kentzen dioten egoera guztietan, bizimodu duina eduki ezin denean –adibidez, pobreziaren, bazterkeriaren, esklabotzaren edo esplotazioaren eraginez–, giza duintasunaren aurkako eraso bat egiten da.

Duintasun hori da giza eskubideen iturria bai eta gizaki guztien berdintasuna ere. Berdintasun hori, noski, ez da biologikoa, gizaki guztiek ezaugarri fisiko eta psikologiko desberdinak dituzte eta. Gizaki guztiak berdinak dira denak direlako pertsonak, izaera arrazionala dutelako beste izakietatik bereizten dituena.

Horrek esan nahi du desberdintasun fisikoak, sexua, arraza, jatorria, kultura edo erlijioa ezin direla izan inori tratu desberdina emateko arrazoia, gizaki guztiak duintasunean berdinak direlako. Pertsonaren duintasuna arrazoi nahikoa da inor nolanahi tratatua ez izateko, gauza bat edo animalia bat balitz bezala.

Hala ere, bizitzako zenbait alditan, norberaren duintasuna defendatzea zailagoa da, hala nola jaioberrien, desgaitasunen bat dutenen, zahartzaroko dementzia dutenen eta abarren kasuan, pertsona horientzat askoz zailagoa baita beren duintasuna beren kabuz defenditzea. Agure bat, haur bat, gaixo bat, denak dira pertsona, pertsona gazte bat edo pertsona osasuntsu bat den bezalaxe, eta denek merezi dute errespetuz tratatuak izatea.

Horregatik, pertsona guztiak elkarrekin erlazionatzen direnez gero, beste pertsonen duintasuna izan behar da beti kontuan pertsonen arteko harremanetan. Horregatik, begirunez eta gizabidez tratatu behar ditugu beste pertsonak; heziketa oso garrantzitsua da horretarako, beste pertsonen duintasunaz eta gutako bakoitzaren duintasunaz jabetzeko. Horrela hartuko ditugu aintzat bai besteak bai eta geure burua ere. Bere burua errespetatzen ez duenak nekez errespetatuko ditu besteak.

Horregatik, duintasuna da edozein gizarteren oinarria, edozein harremanetarako baldintza. Beste pertsonen duintasuna aintzat hartzen ez badugu, gauza bat balira bezala tratatuko ditugu.

Giza duintasunetik eratorritako printzipioak aldatu

1) Begirunearen printzipioa: ekintza eta burubide guztietan, besteak beren duintasunagatik eta pertsonak izateagatik merezi duten errepetu edo begiruneaz trata itzazu. Besteak ezin ditugu tratatu objektu soil batzuk balira bezala; gauzak eta objektuak ordezkatu egin daitezke, baina pertsonak ez.

Galdera erraz bat dago jakiteko ea norbait errespetuz edo begirunez tratatzen ari garen ala ez: nahi zenuke tratatua izan zu beste pertsona bat tratatzen ari zaren bezala? Errespetuaren printzipioaren urrezko araua hauxe da: “Trata itzazu besteak zuk tratatua izatea nahi zenukeen bezala”.


2) Onginahiaren printzipioa: zure ekintza guztietan, saia zaitez beste inori kalterik ez egiten, ahaleginak egin itzazu besteen ongizatea ziurtatzeko.


3) Ondorio bikoitzaren printzipioa: bilatu beti eta beste ezer baino lehen onurazko ondorioa. Besteak begirunez tratatu arren, saiatu behar dugu onura bilatzen duten gure ekintzek bestelako ondorio kaltegarririk izan ez dezaten.


4) Justiziaren printzipioa: gizakiak gizaki bezala tratatu behar ditugu, tratu berdina emanez egoera berdinetan.


5) Baliagarritasunaren printzipioa: gure ekintzetan besteak begirunez tratatzen ditugunean ere, beti hautatu beharko genituzke ahalik eta pertsona gehienen onura lortzen uzten diguten ekintzak. Hau da, ikuspuntu moraletik begiratuta onargarriak diren bi ekintzaren artean, beti hobe da jende gehiagorentzako onura dakarrena aukeratzea.