Bizi itxaropenaren mundu-mapa.

   +80

   +77,5

   +75

   +72,5

   +70

   +67,5

   +65

   +60

   +55

   +50

   +45

   +40

   -40

Bizi-itxaropena halako toki batean biztanleak batez beste bizitzen diren urte-kopuruari deitzen zaio. Adibidez, Euskal Herrian pertsona baten bizi-itxaropena 84 urtekoa dela esaten dugunean, hildako euskal herritarren adinen batezbestekoa 84 urtekoa dela esan nahi du.

Bizi-itxaropena munduan

aldatu

Bizi-itxaropenak munduko herrialdeen bizi-baldintzak erakusten dizkigu. Adibidez, gutxiago garatutako herrialdeetan bizi itxaropena herrialde garatuetan baino txikiagoa da: Asiako lurralde batzuetan, bizi itxaropena 66 urte besterik ez da. Guztiz garatuta ez dauden herrialde batzuetan, jaioberrien bizi-itxaropena urtebete baino gutxiago izan daiteke, haurren heriotza-tasa handien ondorioz; horrek esan nahi du jaioberri asko hiltzen direla gaixotasunengatik edo ur edangarririk edo elikadura egokirik ez dutelako.

Bestalde, demografia-analisietan, pertsona mota desberdinen bizi-itxaropenak lantzen dira. Herrialde garatuetan, emakumeen bizi-itxaropena gizonena baino handiagoa da; Euskal Herrian, adibidez, emakumeena 86 urte baino gehiago da, eta gizonena ez da 81 urtera iristen. Bizi-itxaropena bizi-baldintzen eta bizi-ohituren araberakoa ere bada: gurean, gizonen bizi-itxaropena emakumeena baino txikiagoa da, oro har, gizonek alkohol gehiago edaten dutelako, tabako gehiago erretzen dutelako eta elikadura gutxiago zaintzen dutelako, eta batzuetan lan arriskutsuagoak edo nekagarriagoak egiten dituztelako ere.

Hobetzen ari al da bizi-itxaropena munduan?

aldatu

Azken mendean, munduko biztanleriaren bizi-itxaropena dexente igo da, bizi-baldintzak asko hobetu direlako, oro har: elikadura, higienea eta osasuna, bereziki. Hala ere, diferentzia handiak daude herrialde garatuetatik herrialde garatugabeetara, ondoko taulak erakusten duen bezala:

2000 - 2005 Bizi-itxaropena
Europa 78,4
Ipar Amerika 77,6
Ozeania 74,0
Latinoamerika 71,5
Asia 67,3
Afrika 49,1


Mapan eta grafikoan ikusten den bezala, garapen-bidean dauden herrialdeetan, bizi-itxaropena apurtxo bat igo da, baina, hala ere, haur asko hiltzen dira (hots, haurren heriotza-tasa oso handia da), eta horrek eragin handia du leku horietako biztanleen bizi-itxaropenean. Garapen-bidean dauden herrialdeetan, pobreziak, hondamendi naturalek, gizakien arteko gatazkek (gerrek) eta elikadura-arazoek edo ur-faltak nutrizio-arazoak dakartzate, eta, horregatik, jendeak gaixotasunei aurre egiteko defentsa gutxiago izaten ditu; gainera, herrialde horietan osasun-sistema egokirik ez dute izaten eta parasito eta intsektu ugari dagoenez, izurriak (batera jende askok harrapatzen dituen gaixotasunak) nahiko erraz zabaltzen dira. Horrek ere asko igotzen du leku horietako heriotza-tasa. Adibide bat ipintzearren, Afrikan milioi bat pertsona hiltzen omen dira urtero malaria izeneko gaixotasunaren ondorioz. Bestalde, herrialde azpigaratuetan, heriotza guztien %46 estatu garatuetan sendatzeko arazorik ez duten gaixotasunen eraginez gertatzen dira.