Txikipedia:Bero

Ikatzak, erretzen denean, beroa ematen du, energia kimikoaren eraldaketaren ondorioz.

Beroa tenperatura desberdina duten bi gorputzek elkar ukitzen dutenean batetik bestera pasatzen den energia da. Bero-transferentzia horrek bi gorputzen tenperaturak berdindu arte irauten du; hots, oreka termikoa lortu arte.

Beroa joule edo kaloriatan neurtzen da: 1 J = 0,24 cal; 1 cal = 4,18 J.

Beroaren transmisio edo hedapenaAldatu

Beroa gorputz batetik bestera pasa daitekeela esan dugu; bada, hori hiru modutan gerta daiteke: eroapenez, konbekzioz eta erradiazioz.

EroapenaAldatu

Beroak solidoetan zehar hedatzeko erabiltzen duen modua da.

Beroaren eraginez, partikulen energia zinetikoa handitu egiten da, eta partikulak azkarrago mugitzen hasten dira. Mugimendu hori ondoko partikuletara pasatzen da, eta, horrela, haien tenperatura igo egiten da.

KonbekzioaAldatu

Beroak fluidoetan (likidoetan eta gasetan) hedatzeko erabiltzen duen modua da.

Likido edo gas bat berotzen denean, haren partikulek energia handiagoa lortzen dute, eta azkarrago mugitzen eta banatzen hasten dira. Ondorioz, fluido horren bolumena handitu egiten da, eta tenperaturarik altuena duten partikulek igotzeko joera dute.

Likido edo gas bat behetik berotzen bada, behealdeko tenperaturak gora egiten du, eta hango partikulak igotzen hasten dira. Partikula horiek utzitako espazioa goiko partikulek hartzen dute, tenperatura baxuagoa dutelako eta astunagoak direlako. Baina gero, partikula hotz horiek bero-iturriarekin kontaktuan jartzen dira, haien tenperaturak ere gora egiten du, eta igotzen hasten dira; hau da, likidoaren edo gasaren partikulen zirkulazioa sortzen da, eta horrek konbekzio-korronteak eragiten ditu.

ErradiazioaAldatu

Beroak ingurune materialik gabe hedatzeko duen modua da; izan ere, beroa hutsean ere heda daiteke. Fenomeno horren bidez iristen da Lurrera Eguzkiaren beroa.

Gorputz guztiek ematen eta xurgatzen dute beroa erradiazio gisa. Oro har, zenbat eta altuagoa izan halako gorputz baten tenperatura, orduan eta erradiatze-energia handiagoa izango du.