Ume autista bat jolasten

Autismoa garunaren garapenari eragiten dion nahasmendu bat da. Autismoa duten pertsonei autista deitzen zaie. Oro har, pertsona autistei kosta egiten zaie haien inguruarekin harremanak izatea eta jokaera berezia izaten dute beste pertsonek dutenarekin alderatuz. Autismoaren lehen zantzuak haurrak bi edo hiru urte dituenean ikusten dira.

Autismoa haurra jaio aurretik eta ondoren garuna garatzen den moduak eragiten du. Gutxi gorabehera, 160 haurretik batek du autismoaren espektroko nahasmendua. Autismoak ez du sendabiderik, baina autista askok ez dute nahi sendabiderik egotea ere, haiek diren bezala onartzea besterik ez dute nahi. Neurodibertsitatea deitzen zaio honi.

Nolakoak dira autistak?

aldatu

Askotan, autismoa duten pertsonak beren baitan bilduta egoten direla dirudi, eta ez dietela kasurik egiten inguruan dauden pertsonei. Baliteke beren buruarekin bakarrik hitz egitea, gorputzarekin aurrera eta atzera kulunkatzea eta beren pentsamenduekin barre egitea. Askori ez zaizkie aldaketak gustatzen eta oso zaila egiten zaie jokamolde berriak ikastea, eskolara joatea, esate baterako.

Haiekin hitz egitean, autistek gauza asko literalki ulertzen dituzte. Hori dela eta, normalean kosta egiten zaie esaerak, atsotitzak edo esaldi ironikoak ondo ulertzea. Adibidez, norbaitek, doinu ironikoarekin, "ederki egin duzu" esaten badio, baliteke pertsona autistak ulertzea benetan beste pertsonak uste duela oso ongi egin duela. Hau da, autistak ez du ulertzen beste pertsonak esan duenaren guztiz aurkakoa esan nahi duela, ez duelako ironia antzeman.

Autismo maila bat baino gehiago daude. Autista batzuei kosta egiten zaie beste pertsonei begietara begiratzea, eta ez zaie gustatzen jendearekin egotea. Zarata ozenak eta desordena ere desatseginak izaten dira autistentzat. Kasu oso larrietan, baliteke autista bat ez izatea hitz egiten ikasteko gai. Autista batzuek, ordea, ikasten dute beste pertsonak ondo ulertzen eta ezagutzen. Horrela, enpatia falta izan dezaketen arren, gabezia hori konpentsatu dezakete. Gainera, justiziari garrantzi handia ematen diotenez, oso pertsona atseginak izan daitezke nahiz eta ez duten enpatia ondo ulertzen.

Autista batzuek "goi-errendimenduko autismoa" dute. Hau da, baliteke gai jakin batean adituak izatea eta arrakasta handia lortzea gai horretan. Nahiz eta enpatia bezalako hainbat gaitasun ez dituzten menderatzen, gai dira horrelako helburuak betetzeko, beren adimenari eta ekinari esker.

Ez dago alde handirik autismo maila arina duten pertsonen bizimoduen eta autismorik ez duten pertsonen bizimoduen artean.