Ohorezko aurreskuak, gaur egun dantzatzen dena, soka-dantza deituriko dantza baten du jatorria. Borobil batean dantzatzen zen, normalean mutilek osatzen zuten eskutik helduta edo zapi bat eutsiz, soka bat osatuz. Dantza hau Euskal Herrian gehien dantzatu dena izan da denbora luze batez, jaialdi handietan alkate eta diputatuek animatzen ziren. Horregatik aldaketa ugari jasan ditu eta hainbat izen jaso ditu. Dantzari guztien artean garrantzia zutenak bi ziren. Lehenengo mutila, aurreskua deiturikoa, eta azken gizona, atzeskua. Dantzaren hasieran, gizonek buelta bat ematen zuten plazatik txapela eskuan izanda. Horren ostean, aurreskua dantzan hasten zen. Aurreskuaren postua izateak ohore handi bat suposatzen zuen. Horregatik batzuetan eztabaidak sortzen ziren postu hori lortzeko.

Dantza honen ostean, aurreskua eta atzeskua plazaren erdian kokatzen ziren eta dantza bat hasten da, aurrez aurre deiturikoa. “Desafio” izena ere eman zaio, gaztelaniazko hitza erabiliz. Ondoren, sokan zeuden bi edo lau mutil askatzen ziren eta plazako emakume bat aukeratzen zuten aurreskulariarentzako. Normalen alkatearen alaba zen, edo antzeko boterea zuen emakumeren bat. Dantzaria aurreratzen zen eta neskaren aurrean zati bat dantzatzen zuen, hain zuzen, oso zaila zen zatia. Bukatzean, dantza hura berriro errepikatzen da baina atzeskuarekin. Dokumentatua dago Gizaburuagan 1652 urtean, iraileko Andra Mari jaietan, egin zen dantza; Lekeitioko bikarioa izan zen aurreskua eta Bizkaiko Ahaldun Nagusia ere bertan zela aipatzen da. Alkateak eta agintariak ere azaltzen dira herriko jaietako une garrantzitsuetan. Bestalde, gazteen artean zabaldurik, XVIII. Mendean elizgizonek ezarritako debeku eta aurkako adierazpenen testigantzak daude, gizon, gazte eta emakumeek “eskuetatik uztartuta” egiten zuten dantza honen kontra. .