Antzinako Erregimena (frantsesez, Ancien Régime) izena historialariek 1789ko Frantziako Iraultzaren aurreko hiru mendeetako gobernu-motari ematen diote; iraultzaileek bereziki Luis XVI.a erregearen monarkia absolutuari eman zioten izen gutxiesgarria da.
Dena dela, deitura hori ez dago Frantziara mugaturik, eta garai hartara arte Europan antzeko erregimen politiko edo gobernatzeko modu absolutista zuten beste herrialdeetarako ere erabiltzen da; beraz, Antzinako Erregimena Frantziako Iraultzarekin hasitako Erregimen Berriarekin (edo, Espainian, Erregimen Liberala deitzen denarekin) kontrajarrita dagoena da.
Antzinako Erregimenean, erregetza edo monarkia Jainkozko Zuzenbidean oinarrituta zegoen (esaten zen Erregea Jainkoaren borondatez zela errege), eta botere guztiak zituen bere esku: hau da, botere betearazlea, botere legegilea eta botere judiziala.