Ali Baba emaztearekin

Ali Baba arabierazko Mila gau eta bat gehiago ipuin-bildumako kontakizun bateko protagonista da, Ali Baba eta Berrogei Lapurrak ipuinekoa, hain zuzen. Hala ere, ipuin hau ez zegoen jatorrizko bilduman: Antoine Galland izeneko idazle frantsesak sartu zuen 1808an egin zuen itzulpenean; Gallandek esan zuen Siriako kontalari baten istorioa zela, baina seguru asko berak asmatu zuen. Nolanahi, gaur egun, ipuin-bilduma honetako istoriorik ospetsuenetako bat da. Johann Strauss konpositoreak haren zati batzuk erabili zituen opereta batean, eta musikal batzuk eta film luze ugari ere egin dira istorio honetan oinarrituta.

Zer kontatzen da istorioan? aldatu

Ali Baba egur-biltzaile txiro bat da, Persiako herri batean bizi dena. Basoan egurra biltzen ari zen egun batean, zarata izugarri bat entzun zuen. Zuhaitz baten adarren artean ezkutatu eta 40 lapur ikusi zituen mendian zegoen harkaitz erraldoi baten aurrean geldirik. Lapurren buruzagiak "Sesamo, zabal zaitez!" esatean, aitzulo bat irekitzen da. Lapurrak barrura sartu eta lapurtutako urre zaku mordo bat uzten dute aitzulo barruan; alde egiten dutenean, Ali Babak harkaitzaren aurrean jarri eta buruzagiak esandako hitzak errepikatzen ditu. Aitzuloa irekitzen denean, Ali Baba barrura sartu eta aho zabalik geratzen da han dauden urrezko txanponez betetako ehundaka zaku ikustean. AliBabak, hala ere, zuhurtziaz jokatzea erabaki eta zaku gutxi batzuk baino ez ditu hartzen; horrela, pentsatzen du lapurrak ez direla konturatuko. Urrearekin, etxera iritsi eta, handik aurrera, zoriontsu bizitzeko moduan izango dira emaztea eta biak.

Baina abentura ez da hor bukatuko. Ali Babaren anaia Kasimek aitzuloaren sekretua jakingo du eta, Ali Babari ezer esan gabe, aitzuloan sartu eta zaku guztiak lapurtzen saiatuko da. Lapurrek Kasim harrapatzen dute, ordea, eta, hortik aurrera, kobazuloko sekretua jakin duena ere aurkitzen saiatuko dira. Aurkitzen dutenean, segadan batean hil nahi dute, baina bere zerbitzari batek lapurren kapitaina ezagutu eta hiltzen du; Ali Baba lapurren aberastasun guztiekin geratuko da eta zerbitzariari askatasuna ematen dio bizia salbatzearen truke.