Aladino eta kriseiluko jenioa

Aladino Aladino eta kriseilu miresgarria ipuineko protagonista da. Ipuin hori Mila gau eta bat gehiago izeneko ipuin-bilduma arabiarreko istorioetako bat da, baina hori ez zen horrela hasiera batean. Izan ere, XVIII. mendeko bertsio frantziar batean gehitu zuten bildumara.

Aladino mutiko txiro bat zen, Txinan bizi zena aita jostunarekin eta ama irulearekin. Aladinok ez zuen aitaren lanbidean jardun nahi, eta nahiago zuen kalean geratu bere adineko beste mutikoekin jolasten. Aita hil ostean, mago afrikar bat iritsi zen egun batean, eta bere aita zenaren anaia zela esan zion. Magoa atsegina zen, eta lagundu egiten zien Aladinori eta haren amari. Adeitasun guzti horren atzean, ordea, helburu bat zuen magoak: Aladinoren laguntza nahi zuen kriseilu magiko bat lortzeko. Kriseilu hori igurztean, edozein desio bete zezakeen jenio bat irteten zen bertatik. Aladinok lagundu egin zion magoari, baina kriseilua eskuratu ondoren magoak bera hiltzeko asmoa zuela konturatu zenean, ihes egin zuen kriseiluarekin.

Kriseiluari esker, Aladinok aberatsen antzera bizitzea lortu zuen, gehiegikeriarik gabe ordea, eta amari ere laguntzen zion ondo bizitzen. Egun batean, Aladino printzesa eder batez maitemindu zen, sultanaren alabaz. Ama Aladino iritziz aldarazten saiatu zen, baina Aladinok kriseilua igurtzi zuen eta printzesarekin ezkontzeko behar zuen guztia eskatu zion jeinuari.

Jeinuak jauregi izugarri eder bat, sekulako aberastasunak, jantzi galantak eta printze boteretsuenaren mailako gortea eman zizkion. Horrela, Aladinok printzesarekin ezkontzea eta pozik bizitzea lortu zuen, eta sultanari herrialdea defendatzen eta gobernatzen laguntzen zion.

Baina mago afrikarra horretaz konturatu zenean, Aladinori kriseilua lapurtu eta jeinuari jauregia, printzesa eta gorte osoa Afrikara eramatea eskatu zion. Aladino azkarrak, bere emaztearen laguntzarekin, mago gaiztoa eta haren anaia, are gaiztoagoa zena, hiltzea lortu zuen, eta kriseilua berreskuratu zuen. Denboraren poderioz, sultan bilakatu zen, zuhurtasun handiz gobernatu zuen, pozik bizi izan zen eta erresuma oparoa utzi zien seme-alabei.

Zergatik da hain ospetsua istorio hau?

aldatu

Aladinoren ipuinak arrakasta handia izan du mundu osoan, eta leku guztietan da ezaguna. Hala eta guztiz ere, ez da Mila gau eta bat gehiago bildumako istoriorik garrantzitsuena, beste ipuin ospetsu batzuen antzera (Ali Baba eta Sinbad marinela, esate baterako). Are gehiago, Mila gau eta bat gehiago bildumaren bertsio askotan, ipuin hauek ez dira agertu ere egiten.

Zein da Aladinoren arrakastaren arrazoia?

aldatu

Zorte handiko mutiko bat irudikatzen du, besteek izugarrizko ahaleginak eginda ere inoiz lortuko ez dituzten gauzak erraz lortu ditzakeena. Herriaren heroia ere bada: ez ditu bere gurasoen aginduak betetzen, baina ausarta da eta, benetan beharrezkoa denean, badaki bizitzan moldatzen eta jende txiro eta xumearekin eskuzabala eta zentzuduna izaten. Printze bilakatu ondoren ere denek maite dute, jakintsua eta eskuzabala delako.

XIX. mendean, erromantizismoan, Hans Christian Andersen daniar idazle ospetsuak herri zapalduen irudimenaren eta askatasunaren ikur eta pizgarri gisa hartu zuen Aladino. Beharbada horrexegatik gustatzen zitzaion hainbeste Walt Disneyri ere; izan ere, Aladinori buruzko marrazki bizidun eta komikiak egin zituen.

Aladinoren abenturak eder eta miresgarriak dira. Nork ez luke nahi bere desioak bete litzakeen kriseilu bat? Gutxi izango dira, ordea, Aladinoren moduan, helburu garrantzitsuak dituzten eta besteei kalterik egingo ez dieten desioak eskatzeko gai. Gainera, Aladinok behartsuei lagundu ere egiten zien, ondasunak eta dirua emanez. Beraz, badirudi honako hau dela Aladinoren ipuinaren irakaspena: aberatsek edo herrialde bat gobernatzeko adina botere dutenek bertute horiek izan beharko lituzkete.