Txantiloi:2018-12 Nabarmendutakoa

Aljerko gudua 1957an gertatu zen Aljerren, Aljeriako gerraren barruan, eta aurrez aurre jarri zituen, batetik, frantses armadaren paraxutisten 10. dibisioa eta Nazio Askatasunerako Fronteko (FLN) aljeriarrak. FLNk egindako hainbat atentaturen ondoren, botere zibilak haren eskumen guztiak Massu jeneralaren eskuetan utzi zuen 1957ko urrian, legezko eremutik erabat kanpo, FLNren antolakuntza desegiteko eta atentatuekin behingoz amaitzeko.

1956tik biolentzia gorantz egin zuen Aljeria osoan, eta bereziki, Aljerren, Robert Lacostek, ministro egoiliar eta Algeriako gobernari orokorrak, 1956ko martxoan Nazio Biltzarrak emandako botere bereziak erabiltzen hasi zen unetik. Lacostek Massuri, paraxutisten 10. dibisioko komandanteari, Aljer baketzeko mandatua eman zion. 1957ko urtarrilaren 8an Massu hirian sartu zen 8.000 paraxutisten laguntzarekin eta gerra-legea ezarri zuen. FLNek erantzungo zuen atentatu gehiago eta greba orokor baten deialdiarekin 1957ko urtarrilaren 28rako. Armadak, ordainean, hiria sektoreetan banatu eta auzo musulmanak zedarritu zituen. Errepresio zorrotza ezarri eta atxiloketa masiboak egiten hasi zen armadak, eta atxilotutako askok torturak jasan zituzten.