Thiobacillus
Thiobacillus generoa bakterio Gram negatiboz osatuta dago, Proteobacteria filumean sailkatzen direnak. Aerobio hertsiak dira eta morfologiari dagokionez genero honetako bakterioek antza handia dute Pseudomonas generoko bakterioekin: baziloak dira, muturreko flageloen bidez mugitzen direnak eta Gram negatiboak.
Thiobacillus | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Pseudomonadati |
Filuma | Pseudomonadota |
Klasea | Hydrogenophilia |
Ordena | Hydrogenophilales |
Familia | Hydrogenophilaceae |
Generoa | Thiobacillus Beijerinck, 1904 |
Datu orokorrak | |
Gram tindaketa | bakterio gram-negatibo |
Bakterio hauek ez dute garrantzi klinikoa, patogenoak ez direlako. Aitzitik, beren garrantzi ekologikoa nabarmena da, sufrearen zikloan funtsezko zeregina burutzen dutelako.
Sufrearen bakterio koloregabekoen talde fisiologikoan sailkatzen dira Thiobacillus guztiak: multzo honetako bakterioek sufrearen konposatu erreduzituak (H2S, tiosulfato eta sufrea -S-) oxidatzen dituzte, sulfatoak (SO4-2) sortuz. Oxidazio horretatik lortzen dute bakterio kimiolitotrofo hauek euren prozesu metabolikoetan behar duten energia kimikoa.
- 2S0+3O2+2H2O → 2H2SO4
Sufrearen zikloan, honenbestez, garrantzi handiko papera jokatzen dute, materia organikoaren deskonposizioan agertzen den H2S-a landareek asimila dezaketen SO4-2 bihurtzen baitute.
Autotrofo hertsiak dira, materia organikoak beren hazkuntza eragozten duelako. Calvin zikloaren bidez CO2-a asimilatzen dute.
Tiobazilo gehienak uretan bizi dira, baina badaude lurtarrak direnak ere (lurzoruetan daude). Genero honetako espezie batzuk (Thiobacillus ferrooxidans eta Thiobacillus thiooxidans) azidofiloak dira, pH azidoetan bizi direlako.
Inpaktu ekologikoa
aldatuHainbat Thiobacillus-ek lurzorua eta urak azidotu eta kalte ekologikoak eragiten dituzte. Ikatz-meatzeetan (FeS2 dutenak) eta pirita eta beste mea sulfurosoak dituzten meatzeetan bakterio hauek sulfuroak oxidatuz SO4H2 sortzen dute, ingurugiroaren pH jaitsiz.
Meatzeetako ur azidoak ibaietako eta lakuetako ur naturalekin nahastean, ur naturalaren kalitatea izugarri murrizten da, azidoak eta disolbatutako metalak agertzen direlako, bizidunentzat oso toxikoak direnak [1].
Burdinaren oxidatzaileak
aldatuThiobacillus ferrooxidans-ek burdina oxidatzen du. Burdina ferrosoa (Fe++) erabiltzen du burdin ferrikoa (Fe+++) sortzeko.
- FeSO4 +3O2 + 6H2O → 4Fe2(SO4)3 + 4Fe(OH)3
Aldaketa taxonomikoak
aldatuMaterial genetikoaren azterketa berriek hainbat Thiobacillusen espezie beste genero batzuetara eraman ditu: Esaterako, Thiobacillus thiooxidans eta Thiobacillus ferrooxidans Acidithiobacillus generoan sailkatu dira berrikitan [2]
Erreferentziak
aldatu- ↑ Madigan M.T., Martinko J.M., Parker J. Brock Mikroorganismoen biologia (2007) E.H.U-ak euskaratua:690-691 orr.
- ↑ Donovan P. Kelly and Ann P. Wood [http://www.microbiologyresearch.org/docserver/fulltext/ijsem/50/2/0500511a.pdf?expires=1526128265&id=id&accname=guest&checksum=3FC4B56856565C21919CE54ABB5807B3 Reclassification of some species of Thiobacillus to the newly designated genera Acidithiobacillus gen. nov., Halothiobacillus gen. nov. and Thermithiobacillus gen. nov.] International Journal of Systematic and Evolutionary Microbiology (2000), 50, 511–516