Teófila Adrada

jostuna, irakaslea, enpresaburua, asmatzailea

Teófila Adrada Fernández (Puebla de Montalbán, Toledo, 1904ko ekainaren 1a) Bilboko jostuna, irakaslea, enpresaburua eta asmatzailea izan zen. Sevillan eta gero Bilbon Joskintza akademia sortu zuen. Maila txikiko jendeak ikasteko aukera izan zezan, Joskintza Metodoaren sortzailea izan zen.[1][2] 2023ko uztailean Cristina Tapias iloba buru duen Adrada metodo eta akademiaren 102 urteurrena ospatu zuten.[3]

Teófila Adrada
Bizitza
JaiotzaToledoko probintzia1904ko ekainaren 1a (119 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
Jarduerak
Jarduerakjostuna, irakaslea, enpresaburua eta asmatzailea
Adrada Metodoak: 1951, 1988 eta 1987

Biografia aldatu

Toledon jaiotako Teófila Adrada Fernández hamabi neba-ahizpa ziren. Familiaren sostegua zen eta ez zen ezkondu. Aita irakaslea zen Santanderren eta berak asmatutako metodo batekin, di-da batean irakasten zien umeei irakurtzen. Roque nebak ingeniaritza ikasi nahi zuela eta, familia Bilbora joan zen, ez banatzeagatik. Bilbon murgildu zen joskintza munduan María Jesús Adrada ahizparekin (1896-1995) batera.[1]

Ibilbidea aldatu

Adrada ahizpek Parisen 3 urrezko domina irabazitako Pepita Lizaturri nafarra izan zuten irakasle Kontxa kalean. Bilbotar batekin ezkonduta zegoen Lizaturrik irakatsi zion Frantziako hiriburuko korte eta joskintza metodoari buruz zekien guztia. Gero, lana zela eta, irakaslearen senarra Madrilera bidali zutenean, Teófila ere joan egin zen ikasketak amaitu arte.[1]

Roque nebak, ingenieritza jarraitu beharrean ejertzitora joan eta Tetuanera bidali zuten. Aita hurbilago egoteko asmoz, trasladoa eskatu eta Sevillara joan zen. Teófila eta Bárbara ahizpak joan behar izan zuten, sasoi horretan ohikoa zen moduan, aita gobernetako. Ama Bilbon gelditu zen beste seme-alabekin.

Akademia aldatu

Sevillan, bere etxean jarri zuen akademia. 'La Bilbaina' deitzen zioten. Bertan kortea eta joskintza irakasteaz gain, janzten ere irakasten zuen. Sasoi horretan Bilboko zein Iparraldeko pertsonek ondo jantziak eta gustu onekoak ziren ospea zuten. Ezagun egiten hasi zen Sevillan. La Económica izeneko eskolako zuzendariak astean bi egunetan klaseak emateko eskatu zion. Baietz esan zuen, egun bi horietan etxeko ikasleez Barbara ahizpa arduratzen baitzen. Bata ordainduta eta bestea ordaindu gabea izatearren, eta ikasle haiek hobeto ulertzeko, Metodoa asmatzea bururatu zitzaion. Roque nebak patentatzera animatu eta aitaren laguntzaz erregistratu egin zuen. Orduantxe sortu zen hainbat belaunaldik erabili izan duen Adrada Metodo homologatua eta erregistratua. Prêt-à-porter estiloa eta denda handiak sortu aurretik oso beharrezkoa izan zen jostun lanbidea ikasteko metodo erraza.[1]

Udaro etortzen zen Bilbora. Gerra zela eta, bertan gelditu zen. Gerra amaitzean, Roque neba Zaragozara bidali zutenez, ez zuen Sevillan jarraitu nahi izan eta hango Akademia itxi egin zuten. Bilbon 40ko hamarkadan Astarloa kalean jarri zen Barbara ahizparekin, etxe erdi akademia eta beste erdia etxea zutela.[1] Bilbon ikasten zuten ikasleen bidez, hau da, ikasle horiek irakasle bihurtuta, une batean Estatuko 900 akademiatan ikasteko aukera izan zen. Bizkaian, esaterako, ehun bat zeuden. Lehen, ohikoa zen emakume guztiek janaria prestatzen eta josten ikastea.[4]

Akademiak demanda handia zuen eta ondo konpontzen zen María Jesús Adrada banatu egin zen (senarraren gaixotasuna zela eta, diru iturri handiagoa behar baitzuen familia mantentzeko) eta bere akademia, Maria Jesús Adrada akademia eta metodo liburu propioak ere sortu zituen.

Adrada metodoa aldatu

Adrada metodoaren asmatzailea izan zen Teófila.[1] Adrada metodoak ehun urte badirau. Adrada metodoak 20 edizio baditu.[4] Adrada edozein arropa egiteko balio duen patroi-metodoa da,[5] gonak zein prakak egiteko. Oso erraza da ikasteko, ez baita ikasketarik behar.[5] Emakume askori bizitza irabazten lagundu zion jantzigintzak. Metodoa patroien planoak egiteko erabiltzen diren kartaboi eta guzti saltzen da. Metodo berriak estilo guztietako laginak ditu: kremailerak jostea, mahuka-irekidurak, smock puntuak, poltsiko-motak... Metodo horrekin, arropa-markak sortu eta prototipoak ere egin daitezke. Oinarria beti berdina da, gero bizi garen sasoira, modara, gustura... egokitu baino ez dago.[6]

Erreferentziak aldatu

  1. a b c d e f ISSN https://www.bilbao.eus/bld/bitstream/handle/123456789/30776/32.pdf..
  2. «teófila adrada» Bing (Noiz kontsultatua: 2023-07-19).
  3. (Gaztelaniaz) Soria, Txema. (2023-07-07). «Centenario con hilo y aguja» El Correo (Noiz kontsultatua: 2023-07-19).
  4. a b MARTINEZ DE LUNA, IÑAKI. (2022-10-23). «Zer erakusten du adinak kale-erabileran?» BAT SOZIOLINGUISTIKA ALDIZKARIA 125 (125): 111–135.  doi:10.55714/bat-125.5. ISSN 1130-8435. (Noiz kontsultatua: 2023-07-18).
  5. a b (Gaztelaniaz) «La academia» Academia Ma. Jesus Adrada (Noiz kontsultatua: 2023-07-18).
  6. (Gaztelaniaz) «Cursos» Academia Ma. Jesus Adrada (Noiz kontsultatua: 2023-07-18).

Kanpo estekak aldatu