Tanedyemy
Tanedyemy Egiptoko XIX. dinastiaren hasiera aldeko printzesa eta erregina egiptoar bat izan zen, K. a. 1290 inguruan.
Erabat ezezaguna zen Erreginen Haranean QV33 izeneko bere hilobi txikia aurkitu zen arte: ez zen emakume honi buruzko dokumentu edo irudikapen bakar bat bera ere existitzen, eta datazioarekin ere arazoren batzuk egon ziren. Hasiera batean Egiptoko XX. dinastiaren garaikidea izan behar zuela pentsatu zen, baina orain mende bat lehenago bizi izan zela uste da, XIX. dinastiaren hasiera inguruan.
Bere izenak, Tanedyemet bezala ere transkribatu daitekeena, Egiptoko XVIII. dinastiako azken faraoia izan zen Horemheben eta honen Errege Emazte Handia zen Mutnedyemet erreginaren alaba zela adierazten duela dirudi. Hala izan bazen, Tanedyemyk berebiziko garrantzidun papera beteko zuen dinastia aldaketan, hurrengo dinastiako faraoi batekin ezkonduz.
Jakina den bezala, Horemhebek ez zuen semerik izan, eta tronura bere chaty agurea elkartu zuen, ondoren Ramses I.a izenarekin Egiptoko faraoi izango zena. Erabaki hau erabat legitimoa zen arren, ohikoena faraoi baten eta bere oinordekoaren artean senidetasun harreman bat egotea zen, eta oso zuzenekoa ez bazen, errege berria gutxienez errege printzesa batekin ezkondua egotea. Tanedyemy Horemheben alaba izan balitz, halako trantsizio baketsua azal ahal izango litzateke.
Bere hilobiak dioen bezala Errege Emazte Handi titulua izan zuela ezagutzen da, baina bere senarrari buruzko datuak ez datoz bat. Ramses I.ak Errege Emate Handi bihurtu zuen bere betiko emaztea zen Sitra dama, eta gainera oso edadetua izatea arazoa izan zitekeen Tanedyemyrekin seme-alabarik izateko. Beraz, litekeenagoa da printzesa Ramses I.aren seme zen Setirekin ezkondu izana, Seti I.a izenarekin faraoi izango zena. Horrek Seti I.aren emazteak, Tuyak, Errege Emazte Handi titulua soilik bere senarra hil ondoren eta bere semea errege zenean zergatik izan zuen azalduko luke.
Dena dela, guzti hauek suposaketa hutsak baino ez dira. Tanedyemy Seti I.aren erregina izatea nahiko logikoa dirudien arren, ez da ezer gehiago ezagutzen misterioz inguraturiko pertsonaia honi buruz. Baina bere kasua ez da bakarra: Ziuraski Seti I.ak Tanedyemyrekin egin zuen bezala, bere seme Ramses II.a bere bi emazte nagusiak izan ziren Nefertari eta Isis-Neferten familia historia guztia ezabatzeaz arduratu zen. Dirudienez, XIX. dinastiako erregeak euren emazteen balizko errege jatorria ezkutatzeaz asko arduratu ziren. Tanedyemy, Mutnedyemet erreginaren alaba izan bazen, zuzenean Amarnako krisiko herejeekin senidetua egongo litzateke (Nefertitiren iloba eta Aÿren biloba izango litzateke, biak betiereko ahanztera zigortuak).
Tanedyemyk Seti I.arekin edo beste erregeren batekin izandako seme-alabei buruz, seme bati buruz hitzegiten da, Ramses II.a tronura heltzea eragozten saiatu zen anaiorde bat, baina bere aita baino lehen hil zena. Nefertariren balizko amatasunari buruz ere hitzegiten da, honi buruz Ay faraoiarekin senidetua zegoela uste delarik.