Serokonbertsioa, immunologian, infekzio baten aurrean antigorputzen agerpenari odolean deritzo.

Mikrobio batek infekzioa sortzen duenean organismoak mikrobio horren aurkako antigorputzak ekoizten ditu, egun edo aste gutxi batzuetan. Antigorputz horiek, gainera, denbora luzean irauten dute odolean, hainbatetan bizi osoa.

Gaixotasun infekzioso baten diagnostikoa egiteko bi tresna mota erabili ohi dira laborategi klinikoan: mikrobio eragilearen bilaketa (hazkuntza-ingurune batean haziz, teknika molekularrak aplikatuz -PCRa, esaterako-....) edo mikrobio horren aurkako antigorputzak antzemanez (ELISAren bidez, kasu).

Serokonbertsioa baieztatzeko pertsona baten bi lagin, gutxienez, hartu behar dira, denbora tarte batez banatuak. Serokonbertsioa konfirmatuko da antigorputzen titulua, bigarren laginean, 4 aldiz edo gehiago hazten bada lehenengo laginarekiko. Horrela bada, serokonbertsioak pertsona horrek infekzioa harrapatu duela agerian jartzen du.

GIB birusarekiko serokonbertsioak, esate baterako, esan nahi du aztertutako pertsonak birus horren aurkako antigorputzak dituela odolean eta, beraz, infektatuta izan dela.

Diagnostiko bat egiteko orduan serokonbertsioak ez du beti laguntzen. Sarritan aste batzuk pasatu behar dira antigorputzen igoera odolean detektatu arte, eta horrek ez du balio gaitz baten diagnostiko azkarra behar denean.

Infekzio baten aurrean immunitate-sistemak ematen duen lehenengo erantzuna M immunoglobulinaren (M Ig) ekoizpena da. Gero, immunoglobulina horren mailak jaisten dira eta G immunoglobulina agertzen da. Mikrobio berak bigarren infekzio bat eragiten badu, G immunoglobulina sortzen da erantzun gisa. Beraz, M immunoglobulinaren titulu altu batek infekzio primario berria adierazten du, eta G immunoglobulinaren titulu handi batek iraganeko infekzio primarioa edo infekzio sekundarioa.

Kanpo estekak aldatu