Ireki menu nagusia
Santa Agatako gaua Donostiako Ibaetan.

Santa Agata jaia edo Dona Agata jaia,[1][2] euskalkietan Santa Ageda bezpera, Agate Deuna jaia, Santa Ageda eskea eta Santa Ageda batzea izenez ere ezaguna, Euskal Herrian eta Espainiako zenbait tokitan ospatzen den jai herrikoi tradizionala da, Agata Cataniakoaren omenez otsailaren 5ean eta bezperan ospatzen dena, egun horretan Eliza Katolikoaren santutegiko santu haren omenezko eguna denez. Euskal Herriko herri askotan, ohitura da egun horretan edo bezperan herrietan kopla zaharrak kantatu, makilekin lurra joaz erritmoa markatzeko, diru edo janari eskean, jantzi tradizionalekin eta kriseilua lagun. Koplako bertsoak koblakari bakar batek abesten ditu maiz, eta taldeak leloa. Antzina, mutil gazteak soilik ibil zitezkeen Santa Agata eskean, baina XX. mendeko azken hamarkadez geroztik emakumeek eta adin talde guztietakoek ere parte hartzen dute.[3] Garai batean, urte horretan soldaduskara joan behar zuten mutil gazte edo kintoen bilerak ere egiten ziren egun horretan, eskean betiere; herri batzuetan, Eskoriatzan tradizio handiz, adin bereko gazteak biltzen dira ospakizun horri jarraipena emateko.[4]

Ospakizunaren jatorriaAldatu

Agata Catanian, Sizilian, jaio zen 235. urtean. Tradizioak dionenez, Quinciano gobernadoreak berarekin ezkondu arteko onik ez omen zuen, baina Agatak nahi ez eta mendeku gisa kartzelatu zuen. Bularrak moztu eta hil arteko torturak sufritu izan zituen. Handik gerora, Eliza Katolikoak saindu izendatu eta otsailaren 5a aukeratu zuen bera omentzeko.

Hala ere, badirudi ospakizunak bere sustraiak kristautasuna zabaldu aurreko garaietan dauzkala. Aditu batzuen iritziz, Agataren inguruko festek zerikusi handia dute inauteriekin, inauste edo kimatze garaiko erritoekin.[5] Neguko solstizioaren ondoren, eguna luzatzen hasten denean, zuhaitz adarrak kimu berritzen hasten dira eta orduantxe izaten da zuhaitz adarrak kimatu edo inausteko garaia. Hala, naturaren esnatzea ospakizun bihurturik, mutilak kopla kantari ibiltzen ziren etxerik etxe janari eske, eta ondoren, bildutakoarekin, mutil eta neska denek batera afaltzen zuten. Santa Agata askotan abere gisa irudikatzen da: ahuntz edo katu itxurarekin. Ablitasen, uste zuten Santa Agata bezperako gauean banatzen zirela hurrengo urtebeterako ekaitzak.[6] Kristautasuna Euskal Herrira zabaldu zenean, beste askorekin batera Santa Agata eguna ekarri zuen berekin. Elizak, aurreko errito eta ospakizunak bereganatu eta itxura berri bat eman zien. Lehengo errituak eta Santa Agataren omenezko ospakizunak nahastu egin ziren. Bi erritu edo jai horien nahasketatik dator egungo ospakizuna.

 
EAJko Gipuzko Buru Batzarreko ordezkariak, kantuan.

HitzakAldatu

Hauek dira koplaren hitz hedatuenak:

Zorion, etxe hontako denoi!
Oles egitera gatoz,
aterik ate ohitura zaharra
aurten berritzeko asmoz.
Ez gaude oso aberats diruz,
ezta ere oinetakoz.
Baina eztarriz sano gabiltza,
ta kanta nahi degu gogoz.

Santa Ageda bezpera degu
Euskal Herriko eguna,
etxe guztiak kantuz pozteko
aukeratua deguna.
Santa maitea gaur hartu degu
gure bideko laguna.
Haren laguntzaz bete gentzake
egun hontako jarduna.

ErreferentziakAldatu

  1.   66. araua: Santutegiko izen ohikoenak Euskaltzaindia . Noiz kontsultatua: 2010-12-06 .
  2.   125. araua: San, santu, done eta besteren erabilera Euskaltzaindia .
  3. (Gaztelaniaz)   Agirre Sorondo, Antxon (2000-02-04) «Santa Ageda» Euskonews & Media (65) .
  4.   «Eskoriatzako kintoak, ohitura jarraitzeko prest» Goiena.eus 2016-01-22 .
  5.   Sorazu, Emeterio (1999-02-05) «Inauteriak nekazal munduan» Euskonews & Media (20) .
  6. Mariano Estornés Lasa: «Santa Águeda», Auñamendi Eusko Entziklopedia.

Kanpo loturakAldatu

Wikiliburuetan liburu bat dago honi buruz:
Santa Agata koplak
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Santa Agata jaia