Revista 5W munduko errealitate anitzak jorratzeko jomugarekin urrunekoa gertutik kontatzen ahalegintzen den hedabidea da. Paperean eta sarean argitaratzen da. Hedabidearen izena Harold Lasswellek 1948. urtean plazaratutako 5Wen (Who, What, When, Where, Why)[1] paradigmatik dator, eta galdera horietako bakoitzari atal bat eskaintzen dio hedabide honek. Modu honetan, esklusiba eta berehalakotasunean oinarritzen den kazetaritza hegemonikotik urruntzen da.

Revista 5W
MotaPaperezko hedabidea eta hedabide digitala
Fitxa teknikoa
HizkuntzaGaztelera
Argitaratze lekuaBartzelona
ArgitaletxeaColectivo 5W
Banaketa
Banatze-eremuaEspainia
MaiztasunaAstero (webgunea), urtean behin (paperezko edizioa)
Historia
IdeologiaAurrerakoia
ZuzendariaAgus Morales
ErredaktoreakAgus Morales, Anna Suriyach, Maribel Izcue, Marta Arias, Xavier Aldekoa, Mikel Ayestaran, Igor G. Barbero, Pablo R. Suanzes, Quim Zidaire
revista5w.com

Sorrera aldatu

Xavier Aldekoa, Mikel Ayestaran, Igor G. Barbero, Maribel Izcue, Agus Morales, Pablo R. Suanzes, Anna Suriyach eta Quim Zidairek Revista 5W proiektua martxan jarri zuten sare sozialetan 2015eko apirilaren 16an. Urte hartako maiatzean Verkami gunean crowdfunding kanpaina bati ekin zioten eta erantzuna berehalakoa izan zen: bi egunetan 25.000 euro inguru lortu zituzten. Hori lortuta, lau hilabete geroago, 2015eko irailaren 22an[2] hain zuzen ere, webgunea sortu zuten.

Agus Morales zuzendariak hurrengoa dio lan-taldeak duen helburuaren inguruan[3]: “Kazetaritzaren erroetara itzultzeko saiakera da. Orain jarraituaren inguruan galderak planteatu ez ezik, gizakiaren esentziari so egiten dieten galderak planteatuz”. Horretarako, 5W-rentzat lan egiten duten kazetariak Afrikan, Amerikan, Asian, Europan zein Ekialde Hurbilean dabiltza[4].

Edukiak aldatu

"Munduan dagoena jakiteko era ezberdina" dela dio bere buruaz Revista5Wk bere webgunean[5]. 5W-k kazetaritza motel baten alde egiten du. Elkarrizketak eta, batez ere, kronika luzeak lantzen dituen hedabide bat da Revista 5W. Kronika horietan, testuaz aparte, multimedia edukiek (argazkiak, bideoak) leku handia hartzen dute. Astean behin argitaratzen dira webgunean eta sekzio ezberdinetan banatuta daude (2019):

- Who (nor): pertsonaia edo talde ezberdinen profilak agertzen dira, elkarrizketa zein kontakizun moduan idatzirik.

- What (zer): gaurkotasunarekin lotura daukaten artikuluak dira.

- When (noiz): toki ezberdinetan gertatzen ari denaren azalpen didaktikoak dira, testuinguru nahiz historiari garrantzi emanez.

- Where (non): fotokazetaritzari garrantzia ematen diote.

- Why (zergatik): erreportaje sakonak dira nagusi.

5W-ak jorratzen dituzten sekzio hauekin batera, "Por zonas" izeneko atala aurki daiteke. Kasu honetan, lurraldeka sailkatzen dira (Afrika, Amerika, Asia, Ekialde Hurbila eta Europa).

Hirugarren eta azken sekzioa "Especiales" izenekoa da. Sail honetan, gai espezifiko baten inguruko lanak sartzen dira: Mundo en Movimiento, Estado Islámico, Solos y Migrados, Primavera Árabe eta Terrorismo Yihadista.

Kronikez gain, hilabetean behin 5W-n parte hartzen duten kazetari ezberdinek podcast bat egiten dute nazioarteko herrialde edo gai bat oinarri hartuta. Honekin batera, urtean behin liburu itxurako paperezko edizioa argitaratzen du 5W-k. Orain arte (2019), lau ale[6] kaleratu ditu: Después de la guerra, Las reglas del mundo, Diversión eta Habitantes.

Edukiak idazteko estilo narratibo-literarioa erabiltzen du. 5W-k darabilen estiloak AEBn 60ko hamarkadan nagusitu zen Kazetaritza berria du oinarri. Hori aurrera eraman ahal izateko, hedabidean lan egiten duten kazetariek kontakizuna gertatzen den lekuan bertan garatzen dute informazioa. Kazetaritza egiteko modu horren harira, Agus Morales zuzendariak hurrengo ñabardura egiten du: "Ez ditugu iritzi artikuluak egiten, jendearen zirrara pizteko modu errazena delako".[3]

Egitura aldatu

Langileen esku dagoen Colectivo 5W[7] izeneko sozietate mugatu baten atzean dago Revista 5W. Sozietate hau Mikel Ayestaran, Xavier Aldekoa, Igor G. Barbero, Maribel Izcue, Agus Morales, Pablo R. Suanzes, Anna Suriyach eta Quim Zudairek sortu zuten. eta langileen esku dagoen enpresa bat izanda, zortziek parte-hartze berbera dute.

Aldizkariaren barne antolaketa:

  • Zuzendaria: Agus Morales
  • Editore grafikoa: Anna Suriyach
  • Erredaktore eta negozioaren arduraduna: Maribel Izcue
  • Erredaktore eta sare sozialen arduraduna: Marta Arias
  • Berriemaile eta Afrikako koordinatzailea: Xavier Aldekoa
  • Berriemaile eta Asiako koordinatzailea: Igor G. Barbero
  • Berriemaile eta Ekialde Ertaineko koordinatzailea: Mikel Ayestaran
  • Berriemaile eta Europako koordinatzailea: Pablo R. Suanzes
  • Web-orrialdeko arduraduna: Quim Zidaire

Prezio politika eta negozio eredua aldatu

Revista 5W-ren eduki guztietara sarbidea izateko ezinbestekoa da harpidetza egitea. Horretarako, hiru bazkidetza mota[8] sustatzen ditu guneak (2019):

  • Socio/a digital: 36 euroko urteko kuota ordainduta, webgunearen eduki guztiak mugarik gabe ikusteko aukera ematen da. Gainera, mail bidez bidaltzen dira 5W-ko kazetariek munduko bazter ezberdinetan ikertzen ari diren gaien inguruko laburpenak. Honekin batera, gonbidapenak zein beherapenak eskaintzen dira.
  • Socio/a: 60 euroko urteko kuota ordainduz gero, bazkide digitalak jasoko lukeenarekin batera, urteko paperezko aldizkaria eta urteko liburua jasotzeko aukera dago.
  • Socio/a solidario/a: kasu honetan, 90 eurotik abiatuta norberak gura duen ekarpena eskaintzeko aukera dauka (500 euroraino). Ekarpen mota hau eginez gero, oinarrizko bazkideari eskaintzen zaizkion aukera berberak eskainiko dira.

Eduki guztietara sarbidea izateko harpidetza ezinbestekoa bada ere, harpidetu gabe doan eskaintzen dira eduki asko, batez ere, aurreko urteotakoak. Izan ere, hasiera batean harpidetza eskatzen duten artikulu gehienak, denboraren poderioz doako bihurtzen dira.

Bere webgunearen arabera, 5W-k 2017ko urria eta 2018ko iraila bitartean[9] 260.000€-ko diru-sarrerak izan ditu, hau da, 2016-2017ko aldian baino 67.000€ gehiago. Lortutako diru hori hurrengo iturrietatik datorkio:

  • %72: bazkideak eta saltzen dituen liburu eta aldizkariak.
  • %19,7: diru-laguntza, beka eta sariak.
  • %5,6: How 5W proiektua.
  • %2: Madril eta Bartzelonan burututako hitzaldiak.
  • %1: publizitatea.

Denboraldi berean, ia 250.000€ gastuetara bideratu ditu:

  • %53: langileen soldatak eta kolaborazioak.
  • %14: garapen digitala.
  • %12: aldizkarien inprimatze eta banaketa.
  • %10: zergak eta Gizarte-Segurantza.
  • %4: kudeaketa eta bankua.
  • %2: hitzaldiak eta aurkezpenak.

Hedapena aldatu

2015ean crowdfunding-arekin ekin zionean, 893[10] bazkide lortu zituen Revista 5W-k. Ordutik aurrera bazkide kopurua handitzen joan da urterik urtera. 2019an, 2.656 bazkide ditu hedabideak.

Erreferentziak aldatu

  1. «Modelo de las 5 W - WIKIALICE» www.alice-comunicacionpolitica.com (Noiz kontsultatua: 2019-04-01).
  2. «Nace 5W, una vuelta al periodismo clásico en versión internacional» 233grados.com (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).
  3. a b «La revista 5W quiere explicar el mundo con piel y una mirada de largo aliento» La Vanguardia 2018-03-25 (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).
  4. «Participa del Crowdfunding "Revista 5W" en Verkami» www.verkami.com (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).
  5. (Gaztelaniaz) «¿Qué es 5W?» www.revista5w.com 2016-09-19 (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).
  6. Revista 5W. «Home» Revista 5W (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).
  7. (Gaztelaniaz) «Colectivo 5W» www.revista5w.com 2015-04-05 (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).
  8. (Gaztelaniaz) «Hazte de 5W» www.revista5w.com (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).
  9. (Gaztelaniaz) «Las cuentas de 5W en 2017-18» www.revista5w.com 2018-10-02 (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).
  10. (Gaztelaniaz) «Dos años de 5W: la consolidación de un modelo» www.revista5w.com 2017-09-25 (Noiz kontsultatua: 2019-05-08).

Kanpo estekak aldatu