Puntzonagailu bat material ezberdinetako xaflak zulatu eta konformatzeko erabiltzen den makina da. Hori egiteko, puntzonagailuak puntzoi eta matrize bat erabiltzen ditu. Puntzonagailuak bi motakoak izan daitezke. Alde batetik, puntzonagailu xumeak dauzkagu, erreminta joku bakarrarekin eskuzko eragitea dutenak. Eta, beste aldetik, puntzonagailu konplexuak daude: CNC puntzonagailuak, karga automatikodunak eta erreminta ezberdindunak.

Eskuzko puntzonagailua

Puntzonagailuak, orokorrean, xafla-formatu ezberdinetatik hasita lan egiten dute, baina badaude bobina batetik hasita lan egiten dutenak ere. Bobina bitartez lan egiteak efizientzia handia ematen du, xafla bidez lan egiteak, aldiz, malgutasuna. Material berdina erabiltzen duten fabrikazio-serie handietan bobina erabiltzen da. Azken finean, lan egiteko modurik aproposena da, eta normalean bobinaren zabalera piezaren berdina izaten da.

Ebaketa-indarra eta lana

aldatu

Xafla puntzonatzeko beharrezkoa den ebaketa-indarra eta lana hurrengo bi formulen bidez kalkula daitezke:

Fc=p·e·Rd

Wo=X·Fc·e

non ekuazioen aldagaiak honako hauek diren:

Fc: Puntzonaketa egiteko egin beharreko mozketa-indarra.

p: Puntzonatu beharreko geometriaren perimetroa.

e: Xaflaren lodiera.

Rd: Zizailaketa-tentsioa.

Wc: Ebaketa-lana.

X: Ebaketa-indarraren irregulartasuna kontuan hartzen duen faktorea (0,5 eta 0,8 artean egoten da).

Matrizearen ebaketa-perdoia

aldatu

Txapa batean neurri zehatz batzuk dituen zulo bat egiteko, puntzoiak zulo horren neurri berdina eduki behar du, eta matrizeak neurri pixka bat handiagoa.

 
Puntzonaketa-prozesua

Neurrien arteko diferentzia horri matrizearen ebaketa-perdoia deritzo. Oso garrantzitsua da ebaketa-perdoia geometria osoan zehar uniformeki banatuta egotea, baita izkinetan ere. Ebaketa-perdoi egokienak puntzoiak eta matrizeak sortutako hausturak bat egiten dituena da.

Perdoi txikiegia duen matrize bat erabiliz gero, topatuko ez diren bi haustura sortuko dira. Perdoi txikiegia erabiltzean hainbat arazo sortu daitezke, adibidez, indar handiagoa beharko dela bai xafla mozteko, bai puntzoia ateratzeko. Gainera, ebaketa-indar handiagoa erabilita, matrizeak eta puntzoiak higadura handiagoa jasoko dute, honen bizi-iraupena murriztuz. Perdoi txikiegiek ere bizar gehiago sortzea ahalbidetzen dute.

Beste alde batetik, perdoi handiegia erabiliz gero, kurbadura handiagoa sortuko da zuloaren inguruan, eta bizarrak handiagoak izango dira.

Ebaketa-perdoiaren kalkulua

aldatu

Matrizearen ebaketa-perdoi egokia, xaflaren lodieraren eta materialaren araberakoa da. Zenbat eta materialak ebaketa-indar handiagoa jasan eta zenbat eta xlaflak lodiera handiagoa eduki, orduan eta perdoi handiagoa beharko da. Adibidez, lodiera berdina duten bi xaflentzako, perdoi handiagoa beharko du altzairu herdoilgaitz batek altzairu edo aluminio batek baino. Bestalde, 6 mm-ko lodieradun xaflak perdoi handiagoa beharko du 2 mm-ko baino.

Perdoiaren balioak % 15 eta % 25 artekoak izan daitezke xaflaren lodieraren eta materialaren arabera. Generalki, aluminio batentzako % 15 aplikatu daiteke, % 20 altzairuarentzako eta % 20-25 artekoa herdoilgaitzarentzako.

Matrize baten perdoi egokia erabiltzearen onurak:

- Bizar eta zuloetako kurbadura murritzagoa.

- Zulo uniformeagoak eta garbiagoak.

- Puntzonatutako pieza lauagoak eta deformazio gutxiagorekin.

- Zulaketa-prezisio handiagoa.

- Tresneriaren bizi-iraupen handiagoa.

- Puntzoiaren ateratze-indar txikiagoa.

Puntzonagailuaren arazoak

aldatu

Puntzonagailua erabiltzen denean arazo batzuk sortzen dira, eta jarraian horiek deskribatuko ditugu. Puntzoia ateratzerako orduan, arazoak egon daitezke. Izan ere, materialaren elastikotasunaren ondorioz txapa konprimitu egiten da. Behetik gorako indar bat aplikatu behar da puntzoia txapatik irten ahal izateko.

Beste arazo bat puntzoiari materiala itsatsi egiten denean gertatzen da. Hainbat eragiketa egin ostean puntzoiaren tenperatura igotzen da, eta kontuan izanik zulatzerako orduan materialaren hainbat zati solte geratzen direla, puntzoian itsasteko arriskua dago. Arazo hau materialaren arabera desberdina da, adibidez, aluminioak aukera gehiago du arazo hau izateko altzairuarekin konparatuz.

Arazo hau ez gertatzeko hainbat aukera daude. Lehenengo soluzioa txapak puntzoian sortzen duen presioa gutxitzea izango litzateke. Beste konponbide bat erabilitako tolerantziak handitzea da, hau da, puntzoia eta matrizearena. Lubrikatzailea erabiltzea ere komeni da arazoak ekiditeko. Beste soluzioa bat puntzoiari hainbat tratamendu termiko aplikatzea da (nitrurazioa edo titanioarekin estaltzea). Azkenengo aukera puntzonatzeko orduan erabiltzen den abiadura gutxitzea.

 
Puntzonatutako xafla

Puntzonaketa gauzatzeko beharrezkoa izango den indarra ezagutzea beharrezkoa da, herreminta haustu ez dadin. Pisu maximoa zuloaren perimetroa, txaparen lodiera eta materiala zulatzeko egin behar den indarraren araberakoa da.

Azkenik, arazo garrantzitsu bat herremintaren bizi-iraupena eta izango duen zorroztasuna izango da. Kontuan hartu behar da hori jakitea zaila dela faktore askok eragiten dutelako. Puntzoiari eta matrizeari eragiten duten faktoreak honako hauek dira. Alde batetik, gero eta indar gehiago aplikatuz, orduan eta desgaste gehiago sortzen da. Beste faktore garrantzitsu bat tolerantzia egokiak erabiltzea da. Hori ondo egiten ez bada, egindako esfortzua handiago izan beharko da. Beste arazo bat puntzoia eta matrizearen erdiko puntuak kontzentrikoak ez izatea da. Azkenik, bi arazo gehiago egon daitezke, alde batetik langileak gaizki muntatzea eta bestetik makinak dituen txabetak gaizki egotea.

Puntzoia eta matrizearen bizi-iraupena luzeagoa izateko hainbat aukera edo soluzio daude. Alde batetik, puntzoia eta matrizea egoera egokietan moztea izango da. Gainera, pieza horiek arteztu egingo dira. Beste aukera bat puntzoietan, gidetan eta txapan lubrikatzailea erabiltzea da. Puntzoiari zorroztuz bizi-iraupena handitu egingo da. Azkeneko soluzioa puntzoiari eta matrizeari hainbat tratamendu aplikatzea izango litzateke, adibidez, nitrurazioa.

Erreferentziak

aldatu

Puntzonaketa-prozesuaren azalpen laburra: http://procesosdecorte.weebly.com/punzonado.html (Azken kontsulta: 2016/06/16)

Puntzonaketa teoria: http://www.mecos.es/files/articulos/20070108-TEORIA-DE-PUNZONADO.pdf (Azken kontsulta: 2016/06/16)

Puntzonaketa teoria: http://www.interempresas.net/Deformacion-y-chapa/Articulos/7447-Teoria-del-punzonado.html (Azken kontsulta: 2016/06/16)

Kanpo estekak

aldatu