Polisistemen teoria

Polisistemen teoria Itamar Even-Zoharrek 1970eko hamarkadan kultur ikasketen eta itzulpen ikasketen arloan sortutako teoria da. Itamar Even-Zohar (hebreeraz: אבן-זהר איתמר‎) 1939an jaiotako ikertzaile israeldarra da, Tel Aviveko Unibertsitateko irakaslea, eta ikasketa kulturalen eta itzulpen ikasketen inguruko ikertzailerik esanguratsuenetarikoa. Itzulpen-teoria sistematiko eta deskribatzaile baten beharra zegoela ikusten zuen eta horregatik sortu zuen teoria hori. Polisistemen teoriaren ideia eta funtsezko elementuak Poetics Today izeneko aldizkariko zenbait zenbakitan daude bilduta.[1]

AurrekariakAldatu

1970eko hamarkada aurretik egindako itzulpen teoria linguistikoek ez zuten emaitza arrakastatsurik ekarri. Beraz, garaiko ikertzaileek beste ikuspuntu bat behar zutela uste zuten, hau da, garbi zeukaten beste orientazio eta bide bat hartu beharra zeukatela benetan emaitzak lortu nahi baldin bazituzten. Aurreko teoria tradizionalak oso estatikoak eta mugatuak ziren eta testu prestigiotsuei buruzko teorizazioak besterik ez zituzten egiten. Beraz, ikertzaile berriek ideia desberdinak ekarri zituzten: kultura literario osoaren ikerketan zentratzea zuten helburu[2] eta testu guztiak ingurune sozio-kulturalarekin lotuta daudela ikusi zuten. Ikuspegi berri horretan itzulpengintzaren arloan Europako eta Israelgo ikertzaile talde batek James S. Holmesek bere “The Name and Nature of Translation Studies” artikuluan egindako proposamenak aurrera eramatea erabaki zuen. Itzulpen-teoria sistematiko eta deskribatzaile bat sortzea zen helburua, eta orientazio berri hori Translation Studies gisa ezagutzen zen.

Translation Studies izeneko adar berri horretako ekarpen garrantzitsuenetarikoa Polisistemen Teoria izan zen. Itamar Even-Zohar izan zen sortzaile eta geroago Gideon Toury-k ere hartu zuen parte.[2] Polisistemen teoriatik abiatuta itzulpen-ikasketa deskriptiboak garatu ziren (Gideon Toury, Manipulazioen eskola…).

Polisistemen teoriaAldatu

Polisistemen teoria literaturarekin lotutako teoria bat da, baina itzulpengintzaren garrantzia azpimarratzen eta azaltzen du. Itamar Even-Zoharren aurretik itzulpena bigarren mailakotzat jotzen zen, baina haren ideia berritzaileek gauzak aldatu zituzten. Teoria hau gauzatzeko, batetik, 1920ko Errusiar Formalisten ideiak hartu zituen, haiek historiografia literarioaren inguruan ikertu baitzuten[3] eta, bestetik, 1930-40ko Pragako Eskolaren (edo txekiar estrukturalisten) ideiak.

Polisistemen teorian literatura, eta oro har kultura, polisistematzat hartzen da, hau da, kultura jakin bateko literatura-sistemen multzo konplexu eta dinamikotzat, oposizioak eta etengabeko joan-etorriak ezaugarri dituztenak.[2] Polisistema hitza kultur sistema osoari deitzeko erabiltzen du. Beste modu batera esanda, polisistema konglomerazio heterogeneo eta hierarkikoen bitartez sortzen den sistemen sistema da. Sistemek modu dinamiko batean egiten dute lan, eta elkarreragin horretan polisistemaren eboluzioa bideratzen dute. Even-Zohar sistema hauen arteko erlazioa ikertzen saiatzen da. Ez du aztertzen lan literario jakin bat bere horretan; lanek sistema osoaren barruan betetzen duten funtzioa eta okupatzen duten tokia dira aztergaiak. Polisistemaren barruko agerraldi edo sistema ezberdinak ez dira isolatutako sistemak; testuinguru sozial, kultural eta historikoa partekatzen dute eta etengabeko elkarreraginean daude.

Polisistemetan kultur sistema bakoitzaren garrantzia aldatuz joan ohi da historian zehar. Literatur agerraldi berritzaileenak polisistemaren tokirik gorenean kokatzen badira, zaharrenak beherenean kokatu ohi dira, eta alderantziz. Hori horrela ez bada gelditze aldia gerta daiteke.[1] Beraz, agerraldi berritzaileen eta zaharren arteko etengabeko norgehiagoka moduko bat eratzen da. Era berean, itzulpengintzaren egoera ere ez da estatikoa, polisistemaren goreneko tokia hartu dezake, edota garrantzi gutxiago eduki. Hori ere historian zehar aldatuz joango da. Teoria honetan literatur itzulpenek polisisteman nola eragin dezaketen aztertzen da, haren posizioa zentrala denean edota periferikoa denean egoera ezberdina izango baita.

Literatura itzuliak posizio zentrala (edota erdigunekoa) hartzen duenean, eragin handia dauka polisisteman. Sarritan, itzulpenak ere kulturako idazle garrantzitsuenek egiten dituzte, eta horrenbestez geroago beraien lan propioak idaztean, sorburu-kulturako egiturak eta ereduak islatzen dira. Eredu horiek beraz xede-kulturako irakurleengana iristen dira, zeharka bada ere. Itzulpengintza erdigunean hiru arrazoi ezberdinengatik koka daitekeela ondorioztatzen du Even-Zoharrek:

  • Lehenik, literatura gaztea denean, hau da, literatura bat oraindik ondo finkatu gabe dagoenean, haren ibilbidea luzea ez delako.
  • Bigarrenik, literatura bazterrekoa edo ahula denean. Halakoetan, gabeziak edota hutsuneak ditu eta falta zaion hori beste kulturetatik hartzen du. Hau nazio txikiei gertatzen zaie, nazio handiagoen menpe daudenean.
  • Eta hirugarrenik, norabide-aldaketak, krisiak edota hutsuneak direla eta, literatura une kritiko bat igarotzen ari denean. Nahiz eta literatura sendoa eta ibilbide luzekoa izan, baliteke ezarritako ereduek jada ez balio izatea eta kanpoko kulturen eragina beharrezkoa suertatzea. Egoera horietan itzulpenera jotzen da, kanpoko ereduak ekartzeko.

Literatura itzuliak posizio periferikoa hartzen duenean, ez du eragin handirik izaten polisisteman, erdiguneko sistemek daukate benetan eragina. Even-Zoharren arabera, literatura itzuliak polisistema batean hartzen duen egoera “normala” periferikoa da; hala egon ohi da hizkuntza handietan. Literatura itzulia elementu kontserbadore bat bilakatzen da, forma konbentzionalak mantentzen dituena eta xede-sistemako arauetara egokitzen dena.

Even-Zoharrek dioen modura, itzulpen-estrategiak aldatu egiten dira literatura itzuliak polisisteman daukan posizioaren arabera. Itzulpenen posizioa lehen mailakoa edo zentrala baldin bada, itzultzailea ez da xede-kulturako ereduak jarraitzera behartuta sentitzen, askeago sentitzen da ezarritakoa apurtzeko eta eredu berriak erabiltzeko.

Alderantzizko egoera sortzen da polisistema batean literatura itzuliak posizio periferikoa okupatzen duenean: itzultzailea “behartuago” sentitzen da xede-kulturako ereduak errespetatzera, aspalditik finkatuta dauden ereduak hain zuzen. Horrenbestez, sorburu-testua gehiago aldatzen du eta bere egiten du. Kasu honetan irakurleei ez zaie iristen, edo gutxiago iristen zaie, sorburu-kulturaren eragina.

ErreferentziakAldatu

  1. a b (Ingelesez) «The Position of Translated Literature within the Literary Polysystem» Poetics Today 11 (1): 45. 1990 doi:10.2307/1772668. ISSN 0333-5372. (Noiz kontsultatua: 2020-09-17).
  2. a b c (Gaztelaniaz) Sánchez Trigo, María Elena. (2002). Teoría de la traducción : convergencias y divergencias. Universidade de Vigo ISBN 84-8158-214-X. PMC 492051130. (Noiz kontsultatua: 2020-09-17).
  3. (Ingelesez) Munday, Jeremy. (2013-02-28). Introducing Translation Studies. doi:10.4324/9780203121252. (Noiz kontsultatua: 2020-09-17).

BibliografiaAldatu

  • EVEN-ZOHAR, Itamar (1978). “The Position of Translated Literature Within the Literary Polysystem”, in Lawrence VENUTI (arg.) (2000) The Translation Studies Reader. Londres & New York: Routledge, 192-197.
  • MUNDAY, Jeremy (2001). Introducing Translation Studies. Londres & New York: Routledge.
  • SANCHEZ TRIGO, Elena (2002). Teoria de la traducción: convergencias y divergencias. Universidade de Vigo, Servizio de Publicacións.

Kanpo estekakAldatu